Etxean irautea erresistentzia ekintza bat denean

EHU Palestinak antolatuta, Zisjordaniako bi ekintzaile izan dira Donostian. Azaldu dutenez, Gazako su etena indarrean dagoen honetan, Israelgo indarrek operazio militarrak areagotu dituzte Zisjordanian.

Israelgo soldadu bat palestinarrei bertatik igarotzea eragozten, Zisjordanian, azaroaren erdialdean. ALAA BADARNEH/EFE
Israelgo soldadu bat palestinarrei bertatik igarotzea eragozten, Zisjordanian, azaroaren erdialdean. ALAA BADARNEH/EFE
Igor Baigorri Perez (2)
Donostia
2025eko abenduaren 3a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hitzaldia hasteko ordu laurden falta zenean, prest ziren bi ekintzaileak. Batak minduta zirudien, eta besteak, kontzentratuta, esango zuenaren azken errepasoa egiten. Are eta gehiago arduratu ziren argazkilaria aretoan ikustean. Ez zuten argazkirik nahi, ezta bideorik ere, eta haien izenik ez emateko ere eskatu zuten. Zisjordaniakoak dira biak, hori esan daiteke, eta azaldu zuten haien lagun ekintzaile bat atzo bertan atxilotu zutela Israelgo indarrek. «Jendeak ez ditu bere istorioak kontatzen, hilko duten beldurrez. Ekintzaile asko daude atxilotuta», adierazi zuen horietako batek. Atzo bertan bi palestinar hil zituen Israelgo armadak Zisjordanian, Al-Jazeera hedabidearen arabera.

Nor bere istorioa kontatzera etorri zen atzo Donostiara, Gazako su etena indarrean dagoen honetan ere Palestinako egoera zein den jakinarazteko helburuz. Palestinar erresistentzia: kronika eguneratu bat izena jarri zioten solasaldiari, eta EHU Palestina plataformak antolatu zuen, Ibaetako campusean. Plataforma horren xedea zera da, unibertsitateak Israelekin dituen harremanak etetea eta Palestinaren aldeko kontzientzia zabaltzea.

Biek azaldu zuten azkenaldian Israelgo indarrek indartu egin dituztela operazio militarrak Zisjordanian. «Hein batean, horregatik gaude hemen, kolonoek su etenaz geroztik Palestinako herrixken aurkako indarkeria gogortu dutelako». Hortaz, esplikatu zuten AEB Amerikako Estatu Batuen meniak ez diola Zisjordaniari eragin: «Su etenak ez du zerikusirik Zisjordanian gertatzen ari denarekin».

«Kolonoek su etenaz geroztik Palestinako herrixken aurkako indarkeria gogortu dute. Su etenak ez du zerikusirik Zisjordanian gertatzen ari denarekin»

ZISJORDANIAKO EKINTZAILEA

Zisjordaniako hegoaldean bizi da bata, eta iparraldean, bestea. Hori ere esan daiteke. Iparraldean bizi denak esan zuen bere herriko egoera Zisjordaniako beste herri askotakoaren antzekoa dela. Azaldu zuen bere herriaren %90 Israelgo Gobernuaren administraziopean dagoela, eta herritarren %70 bizi dela kolono israeldarrek hartua duten eremu horretan. «Gure herrian, herritar gehienek bizia galtzeko arriskua dute edonoiz», adierazi zuen.

Adierazi duenez, jendea hiltzeaz gain bestelako erasoak ere egiten dituzte. «Israelek du uraren kontrola. Kolonoek badute sarbidea, baina palestinarrek erosi egin behar diote ura Israelgo Gobernuari». Beraz, eskubide hori ez da bermatzen, ezta hezkuntzarako eta osasunerako eskubideak ere: «Israelgo indarrek eskolak suntsitu dituzte, haur palestinarrek ezin dute eskolara joan, eta kolonoek ez diete uzten palestinarrei eskolak berreraikitzen. Arreta medikorik ere ez dago, okupatzaileak hori ere suntsitzen saiatzen direlako». Esan zuen, finean, lur horretan geratzea eraso horien aurkako erresistentzia ekintza bat dela.

«Israelek du uraren kontrola. Kolonoek badute sarbidea, baina palestinarrek erosi egin behar diote ura Israelgo Gobernuari»

ZISJORDANIAKO AKTIBISTA

Zisjordania iparraldean ez ezik, hegoaldean ere kolonoen erasoak bortitzak direla azaldu zuen beste ekintzaileak. Hainbat bizipen kontatu zituen: nola kolonoek bere izebari eraso egin zioten, nola bera bizi den eskualdean hainbat seinale dauden Israelek kontrolpean duen eremua bereizteko, nola antolatzen diren autoetan eremu horietara sartu eta umeak eskolara eramateko, eta nola urte hasieran hainbat kolonok bere etxeari eta bere autoari eraso egin zioten.

Mende erdi gatazkan

«Ez dakizu zein izango den zure etxean lo egingo duzun azken aldia». Horrela laburbildu zuen egoera Zisjordania hegoaldeko ekintzaileak. Hala ere, nabarmendu zuenez, egoera hau ez da horrelakoa horrela tokatu delako, hau da, ez da ausazkoa, eta Zisjordaniako gatazka ez zen hasi duela bi urte.

«Nire aitona-amonak 1940ko hamarkadan jaio ziren, eta lasai bizi izan ziren bi hamarkadaz. Baina, 1967an, lurraldea banatu egin zuten Israelgo indar militarrek. Israelgo armadak lurraldea uztera behartu ditu palestinarrak ordutik gaur egunera arte». Sei Eguneko Gerra izenez ezagutzen da 1967ko hura, eta palestinarrek Naksa (erorketa) deitzen diote. Israel okupazio militarra areagotzen hasi zen orduan Palestinan, eta, 1993. urterako, Zisjordaniako lurren %50 baino gehiago Israelen kontrolpean ziren.

1993ko Osloko akordioa ere aipatu zuen ekintzaileak. «AEBen kolaborazioari» garrantzia eman zion, eta azaldu zuen akordio horretaz geroztik Zisjordania hiru eremutan banatuta geratu dela: A, B eta C. «C eremuak Zisjordaniaren %60 hartzen du, eta Israelgo indar militarrek dute lurralde horren gaineko kontrola».

Ekintzailearen arabera, okupazioa gero eta indartsuagoa da urteak pasa ahala: «2022az geroztik armadak edonoiz egin dezake eraso Zisjordaniako edozein eremutan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.