Guardia Nazionala hedatu dute Texasen, «bakea eta ordena» bermatzeko

Kalifornian ez bezala, Texasen Greg Abbot gobernadore errepublikanoak eman du agindua. Guardia Nazionalaren hedatzea blokeatzeari uko egin dio Kaliforniako epaile federal batek.

AEBetako poliziak Los Angelesko kaleetan, atzo. CAROLINE BREHMAN / EFE
AEBetako poliziak Los Angelesko kaleetan, atzo. CAROLINE BREHMAN / EFE
Igor Susaeta.
2025eko ekainaren 11
17:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen migrazio politikaren kontrakoek protestei eutsi diete Los Angelesen, eta han jarraitzen dute Guardia Nazionaleko soldaduek ere, Trumpen erabakiz. Baina ez han bakarrik. Texasen Guardia Nazionala San Antoniora bidaltzeko agindu du Greg Abbot gobernadore errepublikanoak, hiri horretan gaurko deitutako protesten harira. Gobernadorearen bozeramailearen arabera, soldaduak «esperoan» daude, zer gerta ere.

Goizaldean sare sozialetan idatzi duenez, «estatuan zehar» ere hedatuko ditu soldaduak, «bakea eta ordena» bermatzeko. Izan ere, datorren larunbaterako protestak antolatu dituzte 1.800 hiri eta herritan; tartean, Austin, Dallas, Houston eta San Antonio hirietan. «Protesta baketsuak legalak dira; pertsonei edo jabetzei kalte egitea, berriz, ilegala da, eta atxilotzeko arrazoia». Horrela argudiatu du Abbotek Guardia Nazionalari dei egin izana, eta ohartarazi du «tresna eta estrategia guztiak» erabiliko dituztela soldaduek.

Kontuan hartu behar da larunbatean 79 urte beteko dituela Trumpek: hori eta armadaren 250. urteurrena ospatzeko, desfile militar bat egingo dute Washingtonen. Protestak egongo direla jakinda, Trumpek mehatxu egin zuen atzo: «Protestaren bat badago, indar handi bati egin beharko diote aurre». Joan den ostiralean Los Angelesen hasi ziren protestak beste hainbat hiritara hedatu dira dagoeneko; esaterako, manifestazioak egin dituzte Atlantan, New Yorken, Chigagon eta Seattlen.

Etxeratze agindua Los Angelesen

Los Angelesko alkate Karen Bassek etxeratze agindua ezarri du erdigunean; hiriak 1.300 kilometro koadro ditu, eta 2,5 kilometro koadroko eremu batera mugatu du. 20:00ak eta 06:00ak artean egongo da ezarria —Euskal Herrian baino bederatzi ordu gutxiago dira han—, baina ez dute zehaztu noiz arte egongo den indarrean. Los Angelesko Polizia Departamentuaren arabera, «atxiloketa masiboak» egin dituzte etxeratze agindua ezarri duten lehen gauean.

(ID_15051213) USA CALIFORNIA ICE PROTESTS
Karen Bass Los Angelesko alkatea, ezkerretik hasita bigarrena, atzo, agerraldi bat egiteko pronto. ALLIDON DINNER / EFE

Dena den, ez dirudi papergabeak atxilotzeko sarekaden aurka ostiraletik protestan ari direnek etxerako bidea hartu dutenik; are gutxiago aintzat hartuta epaile federal batek uko egin diola Guardia Nazionalaren hedatzea blokeatzeari, Kaliforniako gobernadore Gavin Newsomek eskatu bezala. 

Polizia indarren eta manifestarien arteko liskarrak izan dira azken egunetan Los Angelesen, eta, Bassek goizaldean egindako agerraldi batean nabarmendu duenez, gertatutako «bandalismo ekintzek» bultzatu dute neurria hartzera. Zehaztu du astearte goizaldean 23 denda arpilatu zituztela. Poliziak 197 pertsona atxilotu zituen atzo, eta, datu ofizialen arabera, larunbataz geroztik 377 dira guztira atxilo hartutakoak.

Etxe Zuriko nagusiaren aginduz, Guardia Nazionalaren 4.000 kide inguru eta 700 marine daude hedatuta Los Angelesen. Newsomi kontsultatu gabe hartu zuen neurri hori Trumpek, eta orduan, Kaliforniako gobernadore demokratak eskatu zion epaile federal bati urgentziaz blokeatzeko AEBetako presidentearen agindua. Charles Breyer epaileak, baina, muzin egin dio eskaera betetzeari. Biharko entzunaldi batera deitu du, eta aldeek modua edukiko dute beren jarrera justifikatzeko.

Eta Trumpek, bien bitartean, segitzen du bai Guardia Nazionalaren hedatzea defendatzen, bai migranteak jopuntuan jartzen. Armadaren 250. urteurrena ospatzeko, ekitaldi batean parte hartu zuen atzo gauean Fort Bragg base militarrean (Ipar Karolina). «Los Angeles munduko hiri eder eta seguruenetako bat zen lehen, eta zabortegi bihurtu da; auzo batzuk nazioarteko banden kontrolpean daude». Eta AEBetako presidentearen hitzetan, «kontrolik gabeko immigrazioak» eragiten du «kaos eta ordena gabezia» hori. Bide batez, ohartarazpen bat egin zion Europari. «Europan ere hori nozitzen ari dira; hori gertatzen ari da Europako herrialde askotan. Ez zaie gustatzen nik hau esatea, baina esango dut: hobe da zerbait egitea berandu baino lehen».

141

 

Zenbat lagun iritsi diren Venezuelara AEBetatik deportatuta. Venezuelako iturri ofizialek atzo jakinarazi zutenez, AEBek beste 141 venezuelar deportatu dituzte, eta atzo iritsi ziren Venezuelara. Donald Trumpek urtarrilean AEBetako presidente kargua hartu zuenetik, 5.616 venezuelar deportatu dituzte.

Kalifornia da munduko zortzigarren ekonomia, eta, hango gobernadorearentzat, Trumpek berak bere ekintzekin «sutu» du Los Angeles, eta horrek bultzatu du alkatea etxeratze agindua ezarri behar izatera. Hori adierazi du goizaldean, telebista kate batean egin dioten elkarrizketan. Horrekin lotuta, administrazio zentrala estu hartzeko asmoz, Guardia Nazionalaren hedatzea justifikatzeko eskatu diote Alex Padilla eta Adam Schif Kaliforniako senatariek Pentagonoari. Trumpek AEBetako armadaren araudian jasotako lege federal bat baliatu du horretarako.

Eta protestekin lotuta, hain zuzen, migranteen defentsan lan egiten duten hainbat erakundek azken orduetan esan dute ICE Immigrazioko eta Aduanetako Polizia Indarretako kideek 300 papergabe inguru atxilotu dituztela Los Angelesen azken egunetan egindako sarekadetan. Aintzat hartu behar da AEBetan hamahiru estatuk ez dutela kolaboratzen ICErekin, eta babesa ematen dietela papergabeei. Gaur eman duen prentsaurreko batean, Claudia Sheinbaum Mexikoko presidenteak esan du denera 61 mexikar atxilotu dituztela Los Angelesko protestetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.