Montzoiek dakartzaten euriteen kudeaketak handitu egin du Pakistan eta India arerioen arteko tentsioa. Aurrenekoak bizilagunari leporatzen dio bi presatako ura askatzeko hartutako erabakiak areagotu egin dituela Punjab probintzian —herrialdeko jendetsuena da, 120 milioi lagun inguru─ montzoiek eragindako uholdeak. Jada 175.000 pertsona ebakuatu dituzte handik, eta, Shehbaz Sharif Pakistango lehen ministroaren aginduz, armada hara mobilizatu dute, erreskate lanetan lagun dezan.
Presetan ur gehiegi pilatu dela iruditzen zaionean, Indiak ura askatu ohi du. Bi herrialdeek gatazka armatu labur armatu bat eduki eta ia lau hilabetera heldu da oraingo erabakia. Maiatz hasieran elkarri eraso egin zioten, eta gutxienez 40 pertsona hil ziren. Eta garai bertsuan, Indiak bertan behera utzi zuen bi herrialdeek komun dituzten ibaien kudeaketa arautzen duen hitzarmen bat, 1960an sinatutakoa. Pakistanek eskatu izan dio, ordea, hartan jasotakoa bete dezala. Kaxmirren menpeko Indiatik igarotzen diren hainbat ibaik Pakistanen jarraitzen diote beren bideari.
Hondamendiak Kudeatzeko Punjabeko Agintaritzak atzo esan zuenez, Indiak Ravi ibaiko presa baten konportak ireki zituen; New Delhik jakinarazi zion, gainera, beste presa batean ere gauza bera egin behar zuela. Punjabeko agintarien arabera, ohartarazi zioten halakorik ez egiteko, uholdeak eragin zitzakeela argudiatuta. Pakistanen esanetan, Ravi ibaiaren emaria inoizko handiena da Lahore hirian. Punjabeko agintaritzak herritarrei eskatu die ez hurbiltzeko ibai eta erreketara, beharrezkoa ez bada ez bidaiatzeko, eta alertei adi egoteko.
Hildako ugari
Reuters berri agentziak New Delhiko iturriak aipatuz kaleratu duenez, aurreikusten dute segundoko 28 litro kubiko askatzea. Ez dago argi, ordea, ura askatzea salbuespenezko neurri bat izan den edo datozen egunetan ere horri eutsiko dioten eta faseka egingo duten.
Montzoien garaia ekainean hasten da Asia hegoaldean, eta gutxi gorabehera irail amaiera arte luzatzen da. Pakistanen, fenomeno horrek eragin ohi dituen uholdeen ondorioz, aurten 800 pertsona hil dira oraingoz.