Bero bolada gogor jotzen ari da oraindik Europa, nahiz eta Euskal Herrian atzean geratu diren 40 gradutik gorako tenperaturak. Izan ere, mendebaldetik ekialdera egin du beroteak, eta Alemanian, Hungarian, Polonian eta Txekiar Errepublikan markak hautsi dituzte, inoiz erregistratu gabeko tenperaturak izan baitituzte. Alemanian, adibidez, larunbatean hautsi zuten marka, Drewitzen 41,5 gradu erregistratu baitzituzten; gutxi iraun zuen errekorrak, ordea, atzo Coschenen 41,7 graduraino iritsi baitzen termometroa.
Arazo handiak sortu ditu beroak herrialde hartan. Hiri askotako tranbiek eta aldirietako tren zerbitzuek murrizketa handiak izan dituzte, leku batzuetan beroagatik urtu egin baita burdinbidearen eta asfaltoaren arteko materiala. Beste hainbeste gertatu da errepide batzuetan. Gainera, baso sute batzuk piztu dira, eta horietako batzuk itzaltzeko lanak asko ari dira zailtzen, Bigarren Mundu Gerrako munizio hondakin batzuk baitaude oraindik eztanda egin gabe. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, orain arte 1.300 pertsona hil dira beroaldiaren eraginez.
Polonian ere inoizko tenperaturarik beroena erregistratu dute: Slubice hirian, 40,5 gradu. Hungariako Budakalasz hirian, berriz, atzo 40,7 graduraino iritsi zen termometroa. Txekiar Errepublikan ere ia 42 gradura iritsi zen tenperatura atzo Doksanyn: 41,9 gradu. Hala ere, Txekiako Institutu Hidrometeorologikoak iragarri du tenperaturek berotzen jarraituko dutela.
Danimarkan ere markak hautsi ditu beroak, nahiz eta oraindik ez duen 40 graduren langa bota; Odense hirian 36,6 gradu erregistratu zituzten.