Gerra Ukrainan

Europak %47 handitu du arma inportazioa azkeneko bost urteotan

SIPRI institutuak dioenez, munduko arma inportatzaileen artean hirugarrena bilakatu da Ukraina, Errusiaren inbasioaren ondoren. Washingtonek Kievi baino arma garatuagoak ematen dizkio Kuwaiti, besteak beste

Ukrainako armadako soldadu batzuk Errusiako indarrei eraso egiten, otsailaren 4an, Bakhmuten. SERGEY XESTAK / EFE.
Igor Susaeta.
2023ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Errusiarekin areagotu diren tentsioen ondorioz, Europako herrialdeek nabarmen handitu dituzte arma inportazioak: %47 azkeneko bost urteotan. Hori azpimarratu zuen SIPRI Stockholmgo Bakearen Ikerketarako Nazioarteko Institutuak atzo kaleratu zuen txostenean; beraz, kontinentearen militarizazioaren berri eman du. Eta Errusiak iaz Ukrainan hasitako inbasioaren ondoren, Ukraina bilakatu da munduko arma inportatzaileen artean hirugarrena. Mundu osoa aintzat hartuta, ordea, armen salerosketa %5,1 apaldu da 2018tik 2022ra.

«Are, munduan salerosketak apaldu direnean ere, Europara bidalitako arma kopuruak nabarmen egin du gora, Errusiaren eta Europako beste estatu gehienen arteko tentsioengatik», adierazi du txostenean Pieter Wezeman SIPRIren Armak Transferitzeko Programaren ikerlari nagusiak. «Inbasioaren ondoren, Europako estatuek arma gehiago inportatu nahi dituzte, eta azkarrago». Beste datu bat horrekin lotuta: NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide diren Europako herrialdeek %67 arma gehiago inportatu dituzte epe berean.

Arma hornitzaileei dagokienez, AEBak, Frantzia eta Hego Korea izan dira Mendebaldeko aliantza militarrean dauden Europako estatuei arma gehien saldu dizkietenak azken bost urteetan; Ukrainaren hornitzaile nagusiak, bestalde, AEBak, Polonia, Alemania eta Erresuma Batua izan dira.

Xi eta Zelenski

AEBak dira material militar gehien esportatzen dutenak, eta merkatuko kuota handitu egindute 2018tik 2022ra: %33tik %40ra. Ukrainara bidalitakoari dagokionez, kopurua asko handitu zen iaz, baina Washingtonek Kievi baino material gehiago bidali zien Kuwaiti, Saudi Arabiari, Qatarri eta Japoniari. Txostenean jaso dutenez, hori gertatu da Ukrainari emandako ekipamendu militarra ez dagoelako hain garatua, nagusiki bigarren eskukoa delako, eta beste laurek arma berriak jaso zituztelako; tartean, gerra hegazkinak eta aireko defentsa sistemak.

Bestalde, Errusia da oraindik bigarren arma hornitzailea, baina merkatu kuota %22tik %16ra murriztu du. «Litekeena da Ukrainako inbasioak are gehiago apaltzea Errusiaren arma esportazioak. Izan ere, Errusiak lehentasuna emango dio bere indar armatuak hornitzeari», azaldu du SIPRIko Wezemanek. Frantziak, munduko hirugarren hornitzaileak, duela bost urte baino gehiago esportatzen du: %7,1etik %11rakoa izan da gorakada.

Bestalde, Reuters berri agentziak atzo argitaratu zuen Xi Jinping Txinako presidentearen asmoa dela datorren astean bidaia ofizial bat egitea Errusiara. Eta The Wall Street Journal AEBetako egunkariak auziaren gertuko iturriak aipatuz jaso duenez, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin telematikoko hitz egitekoa da Xi datorren astean.

Nikolai Petruxev Errusiako Segurtasun Kontseiluko buruaren arabera, Ukrainako Gobernua ez dago Nord Stream gas hodien leherketaren atzean. «Kievek ez du ez ezer irabazi, ez ezer galdu horiei eztanda eginarazita», esan zion atzo Errusiako egunkari bati.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.