Europako Batasuna

Europako Batasuna handitzeko deia egin du Von der Leyenek

Agintaldiko batasunaren egoerari buruzko azken hitzaldian, batzordeko presidenteak esan du Ukraina, Serbia eta Moldavia Europako Batasunean sartzeko garaia dela. Haren arabera, «inoiz baino gertuago» dago migraziorako ituna.

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentea gaur goizeko agerraldian, Europako Parlamentuan, Estrasburgon. JULIEN WARNAND / EFE
maddi iztueta olano
2023ko irailaren 13a
13:11
Entzun

«Hazteko eta etorkizun propioa eraikitzeko garaia» da Europan, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen arabera. Agintaldiko batasunaren egoerari buruzko azken hitzaldian, EB Europako Batasuneko estatu kideen zerrenda zabaltzeko deia egin du. Zehazki, Ukraina, Moldavia eta Serbia EBn sartzeko garaia dela esan du. «Ukrainaren, Moldaviaren eta Balkanen etorkizunak gure Batasunean datza».

Presidentearen esanetan, «meritokrazian oinarritutako lorpen bat da» Bruselan eserleku bat lortzea. Bide hori errazte aldera, iragarri du batzordeak zenbait erreforma proposatuko dituela 2024 hasieran. Xehetasun handirik eman gabe, prest agertu da EBren oinarrizko ituna erreformatzeko. Halere, esan du ez dutela zertan ituna erreformatu arte itxaron, eta berretsi du posible dela Europako kluba «modu azkarragoan» handitzea.

Batzordearen asmoek, baina, talka egiten dute Europako Parlamentuak dituenekin. Horren presidente Roberta Metsolak eman dio hitzartzea Von der Leyeni. Lehenbizi, hitz goxoak eskaini dizkio: «Lan ezin hobea egin du lau urteotan». Gero, zera esan du: «Gaur egun 27 herrialderekin funtzionatzen duen Europako Batasunak ez du funtzionatuko 32rekin, 33rekin edo 35ekin».

Von der Leyenen ustez, ordea, klubaren parte izan nahi duten herrialdeek aurrerapauso handiak eman dituzte horretarako, eta «esfortzu horiei erantzuteko txanda» da orain. Horien artean aipatu ditu Bulgaria eta Errumania, zeinak urtea amaitu baino lehen Schengen eremuan sartzekoak diren. «Migrazioaren auzian izandako praktika onengatik» zoriondu ditu, eta estatu kideei eskatu die «ahalik eta lasterren» onartu ditzatela Schengen eremuan.

Gaurkoa izan da Von der Leyenen agintaldiko azken batasunaren egoerari buruzko hitzaldia. Karguari eusteko asmorik ez badu, behintzat. Izan ere, bederatzi hilabete barru hautatuko dute hurrengo agintaldiko presidentea. Espero zen gaur argitzea berriro aurkeztuko den, baina Von der Leyenek ez du ezer iragarri.

Are, 2019an batzordeko presidente izendatu zutenetik egindako ibilbidea laburtzeko probestu du gaurko agerraldia. Haren arabera, EBk inoizko asmo handienak izan eta bete ditu lau urte hauetan. Nahiz eta «mugimendu handiko» urteak izan diren. Arrazoien artean aipatu ditu COVID-19aren pandemia, Ukrainako gerra, klima aldaketa eta «trantsizio berdea». Orain, asmo horiek guztiak amaitzea baino ez da falta. «2019an aurkeztu genituen neurri guztien %90 bete ditugu. Hasitako lana amaitu behar dugu datozen hirurehun egunetan».

EBren magalean

Amaitu gabekoen zerrenda horren parte da, adibidez, Ukrainari babesa ematea. EBk gerra hasi zenetik lagundu du Ukraina, eta horretan jarraitzeko konpromisoa berretsi du gaur. Batzordeak 2024ko martxora arte luzatu zuen iaz iheslari ukrainarrak babesteko direktiba. Bada, neurri hori «beharrezkoa den arte» luzatuko dutela iragarri du gaur Von der Leyenek. Egun, 4 milioi ukrainar inguru daude prozedura horren aterkipean. Asiloa emateaz gain, ekonomikoki ere lagunduko du batzordeak. Aurreikusten dute datozen lau urteetan zehar Ukrainari 50 mila milioi euro ematea, besteak beste, herrialdea berreraiki dezaten.

Edonola ere, azken urte eta erdian Ukrainari adierazitako elkartasun horixe bera «krisian» dauden beste eremu batzuetara zabaldu behar luketela esan du presidenteak. Zehazki, Afrikara. Ostiralean Marokon izan zen lurrikarak eta herenegun Libian izandako uholdeek eragindako hondamendiak aipatu zituen batetik; eta, azken bi hilabeteotan Nigerren eta Gabonen izandako estatu kolpeak, bestetik. Gertakari horiek kontinentea «are gehiago ezegonkortu» dezaketela ohartarazi du, eta, beraz, «ezinbestekoa» dela EBren eta AB Afrikako Batasunaren arteko harremanak estutzea.

Tokian tokiko krisietatik migrazioaren aferara egin du salto ondoren. Haren arabera, migraziorako akordio batera iristeko «inoiz baino gertuago» dago Europako Batzordea. Iaz nabarmendu zuen horrelako itun baten beharra; besteak beste, EBren asilo politika erreformatzea da hitzarmen horren helburuetako bat. «Pazientziarekin eta elkarlanarekin kudeatu behar da migrazioa», esan du, eta adibidetzat jarri du migrazioaren kontrola indartzeko Tunisiarekin uztailean adostutako ituna. Gaur iragarri duenez, gisa horretako itun gehiago adostu nahi dituzte beste herrialde batzuekin.

Txina, fokupean

Dena den, beste herrialde batzuekin ez da hain samur agertu. Horien artean, Txinarekin, bere aurkako ikerketa bat jarriko baitu abian batzordeak. Von der Leyenek jakinarazi diote, Asiako erraldoiari egozten diote ekoizpen «legez kanpoko laguntzak» ematea ibilgailu elektrikoen ekoizpenean aritzen diren konpainiei.

Txinako Gobernuak onartutako programa batek zerga salbuespenak aitortzen dizkie 2027a baino lehen ibilgailu elektrikoak erosten dituztenei. Batzordearen arabera, «praktika desleiala» da hori, eta erabat aldrebesten du EBren auto elektrikoen merkatua. «Europak onartzen du lehiakortasuna» esan du batzordeko presidenteak; betiere, lehiakortasun hori leiala bada.

Edonola ere, Txinarekin hitz egiteko eta eztabaidatzeko prest daudela adierazi du. «Zenbait aferetan posible da, edo beharrezkoa da, bi agenteek elkarrekin lan egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.