Uztail bukaeran aspaldiko migrazio krisirik handiena gertatu zen Europan. Uztailaren 31n 50.000 pertsona inguruk gurutzatu zuten Espainiaren eta Marokoren arteko muga Ceutara (Espainia) iristeko —140 lagundik gora hil ziren saiakeran—. Auzi hori pil-pilean dago oraindik Espainian zein Europan, eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak abagunea baliatu du jakinarazteko Europako Batasunak «arau zorrotzagoak» ezarriko dituela halako gertaerei aurre egiteko. «Ceutako muga Europako muga bat da, Ceuta Espainia delako, eta Espainia, Europa. Horregatik, Europa hor egongo da, laguntzeko prest», adierazi du.
Europako Batzordeko presidenteak urtero irailean egiten duen Europako Batasunaren egoerari buruzko hitzaldia eman du gaur, Estrasburgon (Frantzia), Europako Parlamentuan, eta besteak beste, migrazioaren auzia jorratu du. Iragarri dituen arauei dagokienez, Von der Leyenek esan du tresna bat proposatuko dutela «larrialdiei» eta, batez ere, aurrez diseinatutako mugimenduei erantzuteko, eta azaldu du irizpide multzo «zehatz baten» arabera aktibatuko dutela —ez du zehaztu zeintzuk izango diren irizpide horiek—. Hala ere, azpimarratu du migratzaileak «pertsona zaurgarriak» direla, eta «trafikatzaileek eta kontrabandista bihozgabeek esplotatu» egiten dituztela. «Haiek dira gure etsaiak», gaineratu du.
Nolanahi ere, halako krisiei aurre egin ahal izateko, 27 estatu kideek Migrazio eta Asilo Itun berria aplikatzearen garrantzia azpimarratu du Europako Batzordeko presidenteak —berez, ekainean jarri zen indarrean, eta are politika murriztaileagoak ditu helburu—. Argi eta garbi mintzatu da ondoren: «Beti beteko ditugu oinarrizko baloreak eta eskubideak, baina ez dugu inoiz gure mugen babesa arriskuan jarriko. Guk, europarrok, erabakiko dugu nor datorren eta zein baldintzatan».
Horrez gain, Frontex Muga eta Kostaldeetako Guardiaren Europako Agentziak egiten duen lana «indartu» behar dela adierazi du, eta alerta goiztiarreko sistema hobetzeko saiakera egingo dutela ere iragarri du, «migrazio irregularra murrizten laguntzeko».
Horrekin lotuta, atzo, Von der Leyen Estrasburgoko atrilera igo baino egun bat lehenago, Magnus Brunner Europako Batzordeko Barne eta Migrazio komisarioak atril beretik zera esan zuen Ceutako krisiaren harira, «Ceutan gelditzen diren migratzaile guztiak lehenbailehen itzularaztea» dela lehentasuna. Gainera, jakinarazi zuen Marokok migratzaileak bertan hartzeko «konpromisoa» hartu duela.
Horrez gain, Europako Migrazio eta Asilo Itun berria goraipatzeko baliatu zuen mintzaldia. Komisarioaren hitzetan, itun horri esker migratzaile gutxiago iristen dira orain Europara, eta nabarmen jaitsi dira migratzaileen asilo eskaerak —ez zuen daturik eman hori egiaztatzeko—.