EB Europako Batasuneko liderrak Bruselan batzartu dira azkeneko bi egunetan, eta eztabaidagai izan dute talde komunitariokoek Ukrainari eman nahi dioten mailegu bat, 90.000 milioi eurokoa. Iazko abenduan zenbateko hori aho batez onartuagatik ere, oztopo bat aurkitu dute bidean: Viktor Orban Hungariako lehen ministroa. Urtarriletik, mailegua blokeatuta dauka Orbanek, eta «xantaia» egitea leporatu diote. «Akordio bat akordio bat da», gogoratu dio Antonio Costa Europar Kontseiluko presidenteak, bart emandako prentsaurreko batean; «emandako hitza ez du bete», salatu du, bestalde, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak. Orbanek, baina, betoari izkin egiteko proposamen bat aurkeztu die gaur estatu kideei: Ukrainari mailegua eman nahi dioten herrialdeek zuzenean eman diezaiotela.
Berez, asmoa zen Ukrainarentzako mailegua Errusiari blokeatutako aktiboekin finantzatzea, baina, azkenerako, EBk erabaki zuen bere zorraren bidez finantzatzea, batik bat taldeko herrialde errusiazaleek ez zezaten betorik ezarri; horren truke, Hungariak, Eslovakiak eta Txekiak modua egin zuten mailegua finantzatu behar ez izateko —gainontzeko kideek hartu zuten konpromiso hori—. Von der Leyenek esan du «baldintza bat eta bakarra» onartu zutela, eta bete dutela. Ziurtatu du Hungariak betoa jartzea erabaki arren «aurrera egiteko moduren bat» topatzen saiatuko direla, «zaila» izango den arren.
Hungariako presidenteak zera esan die gaur Bruselan kazetariei: «EBk ez du zertan beste herrialdeen gerrak finantzatu». Eta hau eskatu die estatu kideei: «Utz ezazue bakean Europako Batasuna, eta eskaini mailegua. Jarri dirua mahai gainean, eta emaiozue Ukrainari».
«Kontuan izan behar da ezin dela asmo onez jokatu baldintzaren bat eskatuz gero», adierazi du Costak bart gauean emandako prentsaurrekoan. Izan ere, finantzaketaren baldintzaz gain, Hungariak beste bat ere ezarria du: Druzhba petroliobidea irekitzea, hain zuzen. Ukrainak urtarrilaren amaieran eten zuen hornidura, argudiatuta Errusiako armadaren erasoek petroliobide hori jo zutela, herrialdearen mendebaldean. Ia bi hilabete igaro dira orduz geroztik, eta Kieven asmoa da hornidura «ahalik eta azkarrena» berrezartzea, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak liderren bileran atzo esan zuenez —maileguari buruz eztabaidatzen ari zirenean parte hartu zuen, bideo dei bidez—.
Costak jakinarazi du laguntza teknikoa eta finantzarioa eskaini diotela Ukrainari petroliobidea konpontzeko, eta Hungariaren jarrera salatu du: «Errusiak baino ez dezake erabaki Druzhba petroliobidea suntsitu ala ez. Kulpa ez da Ukrainarena, ezta Europako Batasunarena, batzordearena, Europar Kontseiluarena eta estatu kideena ere. Horrexegatik da guztiz onartezina».
Frantziak Errusiaren petroliontzi bat atzeman du
Frantziako itsas armadak petroliontzi bat atzeman du Mediterraneo itsasoaren mendebaldean, Errusiako ontzidi fantasmakoa delakoan: Errusia ipar-mendebaldeko Murmansk hiritik abiatu zen, eta Mozambikeko bandera bat zeraman.
Armadak ohar bidez zehaztu du «zalantzak» sortu zitzaizkiela ontziaren dokumentuak aztertzean, eta, beraz, haren berri eman ziotela Marseillako Fiskaltzari. Ontzia zaintzapean daramate zehaztu ez duten gune batera.
Bidenabar, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak agerraldia egin du, eta esan halako ontzidiek nazioartearen zigorrei izkin egiten dietela, baita itsas zuzenbidea «urratu» ere. Hala, atzemandako petroliontziaren gisakoak «gerrako espekulatzailetzat» jo ditu presidenteak: «Irabaziak pilatzea eta Errusiako gerra finantzatzea dute helburu». Erantsi du Erresuma Batuarekin batera egin dutela operazioa.