Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak oniritzia eman dio Amnistia Legeari

Espainiako Auzitegi Nazionalaren eta Kontu Auzitegiaren kereilari erantzun dio EBko abokatu nagusiak, eta azaldu du legeak ez diola eragingo EBren finantzaketari.

Carles Puigdgemont eta Oriol Junqueras urte hasieran, Belgikan elkartu zirenean. PABLO GARRIGÓS CUCARELLA / EFE
Carles Puigdemont eta Oriol Junqueras urte hasieran, Belgikan elkartu zirenean. PABLO GARRIGÓS CUCARELLA / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2025eko azaroaren 13a
12:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Babesa jaso du Amnistia Legeak gaur. Izan ere, Dean Spielmannek, EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak, adierazi du ez duela urratzen EBren eskubiderik. Hortaz, epaiak bide ematen du amnistia emateko 2017ko urrian Kataluniako presidente eta presidenteorde zirenei —Carles Puigdemonti eta Oriol Junquerasi— , baita gobernukideei eta prozesu subiranistan eginiko delituengatik akusatutakoei ere.

Espainiak aurkeztutako kereilei erantzun die abokatuak. Bada, Espainiako bi auzitegik legearen inguruko zalantzak helarazi zizkioten EBri aurreko hilabeteetan. Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Kontu Auzitegiak, batetik, adierazi zuten lege hori aplikatzea EBren finantza interesen aurkakoa izan zitekeela. Eta, bestetik, auzitegiari galdegin zioten ea legea Generalitateko 30-40 kargudun ohiri aplikatzea berdintasun printzipioaren kontrakoa izan zitekeen.

Bi zalantza horiei erantzun die Spielmannek, eta azaldu, batetik, prozesu subiranistaren barruan akusatutako kideen amnistiak ez liekeela inolako kalterik egingo EBren finantzei: «Ez dago inolako lotura zuzenik ekintza horien eta EBren aurrekontuetara bideratutako diru sarreren murrizketaren artean». Bestetik, adierazi du lege horrek «sistema demokratiko plural batean izan den prozedura parlamentario baten emaitzari» erantzuten diola, eta ez dela «botere autoritario batek inposaturiko ekintza izan».

Luxenburgon plazaratu du bere iritzia gaur goizean abokatuak, han baitu egoitza EBko Justizia Auzitegiak. Iritzi hori ez da loteslea, baina orientagarria izan ohi da auzitegiaren ebazpenetan. Orain, auzitegiko hamabost magistratuei dagokie auziari buruzko behin betiko epaia ematea, eta baliteke prozesu horrek asteak edo hilabeteak irautea.

Erabakia ospatu

Zeresana eman du iritzi horrek Katalunian eta Espainian. CDR Errepublikaren defentsarako batzordeek ospatu egin dute EBko abokatu nagusiaren erabakia, eta «Espainiari zaplazteko galanta» eman diotela idatzi dute X sare sozialean. Gaineratu dute agerian geratu dela «Espainiako sistema judizialaren perbertsioa». Kataluniako hainbat alderditako eta entitatetako kideek osatzen dituzte batzordeak eta erreferendumaren defentsan aritzea dute helburu. Batzordeetako hainbat kideri terrorismo delitua leporatu izan diete.

Garai hartako Generalitateko presidenteak eta presidenteordeak ere pozik hartu dute abokatuaren ondorioen berri, eta legea aplikatzeko premiaz mintzatu dira. Junqueras ERC Esquerra Republicanako presidenteak esan du espero duela abokatuaren adierazpen horiek legearen aplikazioari «bidea erraztea». Eta Puigdemont JxC Junts Per Catalunyako liderrak, berriz, ohartarazi du Amnistia Legea ezartzeko azken erabakia «aberria salbatzera deituak sentitu ziren epaile batzuek» dutela; alegia, Auzitegi Goreneko epaileek.

Salvador Illa Generalitateko presidentea ere pozik agertu da, eta «urrats esanguratsu» gisa izendatu du: «Lege ona da Kataluniarentzat eta Espainiarentzat». Espainiako Gobernuaren aldetik, Oscar Lopez Eraldaketa Digitalerako eta Funtzio Publikorako ministroak esan du Amnistia Legea erabat konstituzionala dela, eta «normaltasun eta lasaitasun handienarekin» ezarriko dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.