Europako Batzordearen gardentasun falta berretsi du justiziak, pestizidekin lotuta

Pestizida bati buruzko informazioa ez ematea egotzi dio Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak Europako Batzordeari. Bestalde, batzordeak esandakoaren kontra, Eurostatek esan du pestiziden salmenta ez dela murriztu.

Traktore bat landareetara pestizida botatzen. TAMAS SOKI / EFE.
Traktore bat landareetara pestizida botatzen. TAMAS SOKI / EFE
inaut matauko rada
2026ko martxoaren 25a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak beste behin egotzi dio Europako Batzordeari elkarte batek eskatutako dokumentazioa ez entregatzea. Oraingoan, Client Earth izeneko gobernuz kanpoko erakundeak pestizida baten onarpenari buruzko dokumentazioa eskatu zion Europako Batzordeari, eta justiziak ebatzi du gardentasun faltaz jokatu duela batzordeak, ez baitu eskatutako informazioa eman.

Ez da lehenengo aldia justiziak halako zerbait leporatzen diona Europako Batzordeari. Kasu honetan, 2021ean ukatu zion informazioa Ursula von der Leyen buru duen Batzordeak aipatutako GKEari, eta hark justiziara jo zuen. Zipermetrina da intsektizida, eta oso toxikoa da erleentzat eta arrainentzat, besteak beste. Bada, ateak itxita egindako komite batean onartu zuten pestizida horren erabilera legeztatzen duen araua luzatzea, eta bilkura horretan herrialde bakoitzak zer ikuspuntu izan zuen jakinarazteko eskatu zuen GKEak.

Eskari horri, baina, ezezkoa eman zion Europako Batzordeak, argudiatuz informazio hori zabaltzeak kalte egin diezaiokeela batzordearen eta Europako Batasuneko herrialdeen arteko konfiantzari. Izan ere, komitologia izeneko prozesu baten bidez batzorde batzuetan halako neurriak hartzeko ahalmena dute Europako Batzordeak eta herrialdeek. Hala argudiatu zuen zehazki Europako Batzordeak bere jokaera: «Informazioaren hedapenak komitearen funtzionamendua desegonkortuko luke, eta erabakiak hartzeko prozesu konplexu hori kanpo presioaren eraginpean jarriko luke».

Argudio horren kontra, epaitegiak uste du arrisku horrek ezin duela «hipotetikoa» izan, eta aurreikuspen jakin batzuei jarraituz egon behar duela argudiatuta. Hau da, Europako Batzordeari dagokiola azaltzea zergatik jarriko lukeen arriskuan prozesua informazioa zabaltzeak. Beraz, auzitegiak gardentasun falta horri eusteko aukera eman dio Europako Batzordeari, baina aurrerantzean azaldu egin beharko du informazioa ez publikatzeko erabakia. Client Earth GKEarentzat «garaipen historikoa» izan da ebazpena.

Antzeko kasu gehiago

Azaldu bezala, ez da lehen aldia justiziak Europako Batzordeari gardentasun falta leporatu diona. Iaz ebatzi zuen Europako Batasunak ez zuela ondo jokatu Pfizer enpresaren mezuen kasuan, enpresaren zuzendariaren eta Von der Leyenen arteko mezuen sarbidea blokeatu baitzuen EBk. COVID-19 gaitzaren kontra EBn Pfizer enpresaren txertoa jarri zen gehien, alde handiz.

Bestalde, 2024an Europako Batasuneko Auzitegi Nagusiak esan zuen Europako Batzordeak ez zuela gardentasunez jokatu COVID-19 gaitzaren kontrako txertoen kontratuen inguruan, dokumentu askoren hedapena zentsuratu baitzuen. Hala ere, kasu hori epaitegietan dago oraindik, Batzordeak helegitea jarri baitzion.

Pestiziden salmentan desadostasunak

Europako Batzordeak, pestiziden salmentari buruzko informazioa emateko orduan, esan zuen 2023an %61eko murrizketa egon zela. Baina, PAN Europe elkarte ekologistak salatu duenez, Europako Batasuneko Eurostat estatistika agentziak gezurtatu egin du adierazpen hori, esan baitu mantendu egin dela substantzia horien salmenta. Hori gutxi balitz bezala, Alemanian, Espainian eta Frantzian pestiziden erabilera handitu dela antzeman dute.

Estatistika agentzia horren arabera, 2010etik 2011ra arteko aldiarekin eta 2020tik 2024rakoarekin alderatuta, Europako Batasuneko 27 herrialdeetan substantzia horien salmenta %5 gutxitu da soilik. Horrez gain, azaldu dute murrizketa hori ez dela araudi berriengatik gertatu, Ukrainako gerragatik baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!