Europako gastu militarrak azken hiru hamarkadetako hazkunderik handiena izan du

Europako herrialdeek 2024an baino %14 gehiago gastatu zuten iaz defentsan; Gerra Hotza amaitu zenetik ez da horrenbesteko igoerarik izan.

 NATOko soldaduak entrenamendu militar batean, Letonian, otsail hasieran. VALDA KALNINA / EFE
NATOko soldaduak entrenamendu militar batean, Letonian, otsail hasieran. VALDA KALNINA / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko apirilaren 27a
13:44
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datuek erakusten dute berrarmatzea ez dela hitz-kontu hutsa. Munduko gastu militarra %2,9 handitu zen iaz; hamaikagarren urtez jarraian egin du gora. SIPRI Stockholmgo Bakearen Ikerketarako Nazioarteko Institutuak gaur argitaratu du gastu militarrari buruzko urteroko txostena, eta, jakinarazi dutenez, Europan izan du gorakadarik nabarmenena. Donald Trump AEBetako presidenteak NATO Ipar Atlantiko Itunaren Erakundeko kideei egindako presioak eragina izan du, eta Europako aliatu gehienen defentsako aurrekontuak nabarmen egin du gora. Halere, hurrenez hurren AEBak, Txina eta Errusia dira oraindik ere gastu militar handiena duten herrialdeak.

Iaz munduko gastu militarrak izandako hazkundea apala da 2024koarekin alderatuta —%9,7 egin zuen gora orduan—. Kontua da 2024arekin alderatuta Washingtonek %7,5 gutxiago gastatu zuela iaz defentsan. Ekuaziotik AEBak kenduz gero, munduko gastu militarrak %9,2 egin zuen gora.

Halere, datu horiek ez dute esan nahi Etxe Zuriak apaldu egin zituela bere asmo militaristak. Kontuan hartu behar da Trump Etxe Zurira itzuli zenetik nabarmen gutxitu duela Ukrainari emandako laguntza militarra. 2025ean, Washingtonek ez zuen onartu Kievi militarki laguntzeko neurri ekonomiko berririk; aurreko hiru urteetan, Joe Bidenen agintaldian (2021-2025), 127.000 milioi dolar eman zizkioten —108.000 milioi euro inguru—. Bitartean, iaz Etxe Zuriak inbertsio gehiago egin zituen bere ahalmen militarra indartzeko asmoz.

Hortaz, AEBen gastu militarrean izandako beherakada ez da errealitatearen isla. Are gehiago, Nan Tianek, SIPRIk egindako ikerketako zuzendariak ohartarazi du berriz ere gora egingo duela: «Jaitsierak gutxi iraungo du. AEBetako Kongresuak bilioi bat dolar gehiagoko gastua onartu du 2026rako; eta, Trumpen azken proposamena onartzen badu, baliteke 1,5 bilioi areagotzea 2027rako».

Munduko gastu militarraren igoeraren erantzule nagusiak Europako herrialdeak izan ziren iaz. 1990eko hamarkadaren hasieran Gerra Hotza amaitu zenetik ez zuen horrenbesteko hazkunderik izan Europako gastu militarrak; 2024an baino %14 gehiago gastatu zuten iaz. 

Errusiak eta Ukrainak lau urte daramatzate gerran, eta bien gastu militarrak gora egiten jarraitzen du; Moskuk %5,9 areagotu zuen iaz defentsako gastua, eta Kievek, %20. SIPRIren kalkuluen arabera, Ukrainak bere BPG barne produktu gordinaren %40 erabiltzen du gastu militarrerako; munduan ez dago beste herrialderik BPGaren horrenbesteko zatia defentsara bideratzen duenik.

Gainera, NATOren kide diren herrialde gehienek ere areagotu dute gastu militarra. Trumpek esana du aliatuek inbertsio gehiago egin beharra daukatela defentsan, eta badirudi jaramon egiten ari direla horietako zenbait. Gainera, AEBetako presidenteak aliantzako kideei babesa ematea alboratu dezakeela ere iradoki izan du, eta horrek ere eragina izan du.

%51

 

Munduko gastu militarraren zer portzentaje dagokien guztira AEBei, Txinari eta Errusiari. Iaz, munduko gastu militarraren erdia baino gehiago (%51) AEBen, Txinaren eta Errusiaren esku geratu zen. Hiru horiek dira defentsara diru gehien bideratzen duten hiru herrialdeak.

Alemania da Europa mendebaldean gastu militar handiena duen estatua, eta munduko laugarrena; iaz %24 areagotu zuen. NATOko Europako kide gehienek BPGaren %2 baino gehiago gastatzen dute jada defentsan. Nabarmen areagotu dute gastu militarra, besteak beste, Belgikak (%59), Espainiak (%50), Norvegiak (%49), eta Danimarkak (%46). Erresuma Batuak, ostera, %2 murriztu zuen.

Israelen gastu militarrak, behera

Europan bezala, Asian eta Ozeanian ere nabarmen egin zuen gora iaz defentsako gastuak: %8,1. Txina da, AEBen atzetik, munduan gastu militar handiena egin zuen herrialdea; iaz %7 baino gehiago areagotu zuen. Eta nabarmen gehiago gastatu dute AEBen aliatuek ere: %9,7 Japoniak, eta %14 Taiwanek. Indiak %8,9 areagotu du gastu militarra, eta munduan gehien gastatzen duten herrialdeen artean bosgarrena da. Afrikan ere nabarmen egin du gora: %8,5. Aipagarria da Nigeriaren kasua, %55 areagotu baitu gastu militarra.

Bestalde, Ekialde Hurbileko herrialdeek egindako gastu militarra ez zen asko aldatu 2024tik 2025era. Israelen kasua da aipagarriena: %4,9 apaldu zuen iaz defentsako gastua. Gazako operazio militarrak murriztu zituen erakusgarri da jaitsiera hori —urtarriletik martxora arte indarrean egon zen tregoa bat, eta urrian beste bat adostu zuten—. Halere, 2022an defentsara bideratzen zuen dirua halako ia bi erabili zuen iaz —2023ko urrian areagotu zuen Gazaren aurkako erasoaldia—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA