Lehen aldiz ariketa militar bateratuak egingo ditu Nazio Anitzeko Ukrainarako Indarrak. Europako hamar herrialdetako tropek hartuko dute parte Boluntarioen Koalizioak bultzatutako ariketa horietan; Polonian egingo dituzte, datorren astelehenetik azaroaren 22ra arte. Frantziak eta Erresuma Batuak gidatuta, Boluntarioen Koalizioko kideek osatzen dute Nazio Anitzeko Ukrainarako Indarra, eta haren helburua da Ukrainan «bakea mantentzen» dela bermatzea, behin su eten bat adosten denean.
2.800 soldadu elkartuko dira Koalicja (koalizio, polonieraz) deituriko ariketa militarretan. Alemaniak, Belgikak, Erresuma Batuak, Espainiak, Estoniak, Frantziak, Herbehereek, Lituaniak, Poloniak eta Suediak bidaliko dituzte tropak; Turkiak itsasoko ariketak gidatuko ditu, baina ez du militarrik bidaliko. 37 herrialdek osatzen dute Kievi laguntza ematea helburu duen koalizio hori, gehienak Europakoak.
Ukrainako agintariek gaur jakinarazi dute atzo laguntza banatzeko gune batean egindako erasoan 31 pertsona hil zituela Errusiak, Zaporizhia eskualdean. Gaur, beste 73 zauritu dituzte Kharkiven, ospitale bat bonbardaturta. Volodimir Zelenski Ukrainako presuidenteak sare sozialetan adierazi duenez, erasoak «zuzenean» jo du Kharkiv hiriko ospitalea, eta kardiologia departamentuak «kalteak» eragin ditu. Gainera, Moskuk herrialdeko gune askotan azpiegitura energetikoen aurkako erasok ere egin dituela gaineratu du. Besteak beste, Zhitomir eskualdean 180.000 pertsona baino gehiago argindarrik gabe geratu direla jakinarazi du eskualde horretako gobernadoreak.
Bien bitartean, Kieven aliatuak ariketa militarrak hasteko prestatzen ari dira. Frantziak eta Erresuma Batuak iazko otsailean sortu zuten Boluntarioen Koalizioa, Ukrainari laguntza emateko asmoz. Kieven aliatu talde horretako herrialde batzuek, orain, lan talde militar bat osatuko dute. Parisko kuartel batetik gidatuko dituzte ariketak, jeneral britainiar batek eta haren laguntzaile frantziarrak.
Frantziako Defentsa Departamentuak ohar batean azpimarratu du ariketa horien helburua dela frogatzea zenbait herrialdek «zein abiadan eta zenbaterainoko eraginkortasunarekin» hedatu ditzaketen beren tropak Ukrainari babesa emateko, «behin erasoaldiak amaitutakoan».
Halere, Parisek zehaztu du Nazio Anitzeko Ukrainarako Indarrak ez duela balizko menia hori gainbegiratzeko erantzukizuna izango. Eta gaineratu du ez dela NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen pean egongo. Hain zuzen, Boluntarioen Koalizioak indar armatu hori sortzea erabaki zuten AEBek esana dutelako ez daudela prest Ukrainan tropak hedatzeko.
Eraso ere egin dezakete
Nazio Anitzeko Ukrainarako Indarraren helburua «defentsa» bada ere, Europako herrialdeetako tropa horiek Moskuren eraso bati erantzuteko aukera izango lukete «bere buruaren defentsan». The Guardian Erresuma Batuko egunkariak iturri ofizialak aipatuz kaleratu duenez, su etena indarrean sartuz gero, Errusiako armadak tropa europarrei eraso egiten badiete, horiek erantzuteko aukera edukiko lukete.
Iturri horrek gaineratu duenez, Nazio Anitzeko Ukrainarako Indarra ez da teknologia estatubatuarraren menpekoa izango; besteak beste, esan du ez dutela Elon Musken Starlink sistema erabiliko. Azken asteetan, sistema horrek huts egin duela salatu izan du Kievek. AEBetako Defentsa Departamentuak Ukrainako militarrei Starshield zerbitzua moteltzeko agindu bat jaso zuela kaleratu zuen urriaren erdialdean Reuters berri agentziak. Space X enpresaren Starlink satelite bidezko Internet zerbitzuaren erabilera militarrerako bertsioa da Starshield.
errusia eta txina, «inoiz baino hurbilago»
Andrei Belousov Errusiako Defentsa ministroaren arabera, Pekinen eta Moskuren arteko akordio estrategikoa «inoiz baino indartsuagoa» da. Gaur Pekinen egindako bilkura baten osteko adierazpenetan, Belousovek argitu du bi herrialdeen arteko akordioen oinarrian Vladimir Putin Errusiako presidentearen eta Xi Jinping Txinakoaren arteko elkarrizketak daudela. Eta Zhang Shengmin Txinako armadako jeneralak gaineratu du bi presidenteek «gidalerro berriak» adostu dituztela, eta gaurko bilera gidalerro horiek indarrean jaretzeko «urrats bat» izan dela.
Azken asteetan Kieven eta Whasingtonen arteko harremana tenkatu bada ere, Etxe Zuriak bitartekari jarraitu nahi du Ukrainaren eta Errusiaren artean. Horretarako, otsailetik etenda dauden negoziazioei berrekin nahi die. Eta bart, Steve Witkoff Etxe Zuriaren mandatariak jakinarazi du negoziazio erronda bat egingo dutela azaroaren 10ean eta 11n, Abu Dhabin. Kremlinek gaur jakinarazi du Vladimir Medinski, Vladimir Putin presidentearen aholkularia, izango dela Errusiako ordezkaritzaren burua bilkura horietan.
Bestalde, Witkoffek esan du AEBetako ordezkariak Frantziako, Erresuma Batuko, Alemaniako, EB Europako Batasuneko eta NATOko kideekin bilduko direla asteon, Bruselan. Eta Zelenski Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrarekin batzartuko da gaur, Berlinen.Â