Europako liderrei kezka piztu die Ukrainarako planak, baina lanerako oinarri gisa ikusten dute

Europako potentziek nabarmendu dutenez, «printzipio bat» argi dute: «mugak ezin dira indarrez aldatu». Ukrainak, AEBek, Alemaniak, Erresuma Batuak eta Frantziak Suitzan negoziatuko dute bihartik aurrera.

Zelenski Ukrainako presidentea, Olena Zelenska emaztearekin batera, ekitaldi batean parte hartzen, Kieven, gaur. EFE
Zelenski Ukrainako presidentea, Olena Zelenska emaztearekin batera, ekitaldi batean parte hartzen, Kieven, gaur. EFE
Igor Susaeta.
2025eko azaroaren 22a
17:37
Entzun 00:00:00 00:00:00

Europako potentzia nagusiak jokoz kanpo harrapatu ditu AEBek —Errusiaren oniritziarekin— Ukrainarako proposatutako planak. Eta gaur esan dute kezka piztu diela 28 puntuko egitasmoaren edukiak, zera planteatzen duelako: Ukrainak bere lurralde batasunari uko egin behar izatea, eta Ukrainak armada murriztu eta 900.000 soldaduren ordez 600.000 izatea. Ohar bateratu batean nabarmendu dute, hori bai, plana «negoziazioetarako oinarri» izan daitekeela, nahiz eta iruditzen zaien gehiago landu behar dela.

Donald Trump AEBetako presidenteak ultimatuma eman zion atzo Volodimir Zelenski Ukrainako bere homologoari: ostegunera arteko epea eman dio egitasmoa onartzeko. Hortaz, aldeek erlojuaren aurka aritu beharko dute. Ukrainak gaur jakinarazi du AEBekin negoziatzeari ekingo diola bihartik aurrera Genevan (Suitza); Alemaniako, Frantziako eta Erresuma Batuko ordezkariak ere parte hartzekoak dira bilera horietan.

Ohar bateratua Europako Batasunak, Alemaniak, Frantziak, Erresuma Batuak, Herbehereek, Espainiak, Finlandiak, Italiak eta Norvegiak sinatu dute, baita Kanadak eta Japoniak ere, eta, hain zuzen, G20 taldearen Johannesburgoko (Hegoafrika) goi bileran parte hartzen ari direla baliatuta kaleratu dute —munduko ekonomia nagusiak biltzen ditu G20 taldeak—. «Argi dugu printzipio bat: mugak ezin dira indarrez aldatu», azpimarratu dute. Izan ere, planak jasotzen du Ukrainak kontzesioak egitea esparru horretan: Donetsk eta Luhansk osorik geratzea Errusiaren menpe, eta Kherson eta Zaporizhia bakoitzak kontrolatzen duen gunearen arabera banatzea —bietan, %70 dago Moskuren kontrolpean—. Armada murrizteari dagokionez, Europako potentziek uste dute armada txikiagoa izanik Ukraina «egoera zaurgarrian» geratuko litzatekeela beste erasoren bati erantzuteko. 

Gaur-gaurkoz, Zelenskik ez du arrazoi askorik oso baikorra izateko. Atzo, nazioari hitz egiten ari zitzaiola, aitortu zuen bi aukera dituztela. Batetik, zuzenean esan ez bazuen ere, lurralde batasunean kontzesioak egitea, eta, beraz, «duintasuna galtzea»; izan ere, lurralde batasunari eustea izan da Ukrainako estatuburuak negoziazioak egiteko ezarri izan dituen marra gorrietako bat. Bestetik, AEBek eta Errusiak ondutako proposamenari uko egitea, eta, horrenbestez, aliatu ezinbesteko bat galtzeko arriskua hartzea». Trumpek ez du esan Ukrainak planari uko egiten badio laguntza militarra kenduko diotenik, baina, iturri ofizialak aipatuz zenbait hedabidek azken orduetan kaleratu dutenez, Washingtonek mehatxu hori egin dio Kievi.

UKrainak bi LAGUN hil ditu Errusian

Ukrainak droneekin egindako eraso batean bi pertsona hil dira gaur Errusiako Samara eskualdean, Ukrainako mugatik 1.500 kilometro ingurura. Samarako iturri ofizialen esanetan, erasoak industria azpiegitura bat jo du, baina energia azpiegitura bat zuen helburu. Erasoaren ondorioz, zaurituak ere izan dira. Errusiako Defentsa Ministerioak adierazi du eremu horretan hamabost drone erorarazi dituztela. 

Antzeko zerbait jakinarazi du Erresuma Batuko The Guardian egunkariak, gaur argitaratutako albiste batean. Haren arabera, atzo gauean AEBetako armadako idazkari Dan Driscollek bilera bat egin zuen NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko kide diren estatuek Ukrainan dituzten enbaxadoreekin, Kieven. Bileran egon zen iturri bat aipatuta, hedabide horrek adierazi du Driscollek hau jakinarazi ziela diplomazialariei: Kievek ez badu sinatzen mahai gainean duen proposamena, etorkizunean proposamen okerrago bati aurre egin beharko dio. «Ez dago akordio perfekturik, baina ahalik eta azkarren egin behar da». 

Vance eta «fantasia»

Atzo, akordioa onartzeko epemuga hizpide hartuta, Trumpek adierazi zuen «gauzek ondo funtzionatuz gero» epea luza zitekeela. Ordu batzuk geroago, Etxe Zurian Zohran Mamdani New Yorkeko alkatearekin batzartu zenean, kazetariei esan zien Zelenskik onartu egin beharko duela AEBen proposamenean zehaztutakoa.

Zelenskik, hain zuzen, ia lau urte daramatza NATOko aliatuei laguntza militarra eskatzen, 2022ko otsailean Errusiak inbasioa hasi zuenetik alegia. Atzo, Trumpen iragarpenaren ondoren, Zelenskik J. D. Vance AEBetako presidenteordearekin hitz egin zuen telefonoz, eta Vancek berak «fantasiatzat» jo du gaur Ukrainak arma gehiago izanik eta zigor ekonomikoen bitartez Errusia garaitu dezakeelako ustea. «Bakea ez da lortzen porrot egin duten diplomazialarien bidez, ezta fantasiaren munduan bizi diren politikariekin ere. Mundu errealean bizi den jende argiak, ordea, lor dezake», idatzi du sare sozialetan. Dena den, gaur-gaurkoz bateraezinak diruditen baldintzak aipatu ditu gatazka amaitzeko: erasoak bukatzea, Ukrainak lurralde batasunari eustea, eta irtenbidea «onargarria» izatea bai Errusiarentzat, bai Ukrainarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.