Trumpek astebeteko epea eman dio Zelenskiri Ukrainarako planaren inguruan erabakitzeko

Washingtonek eta Moskuk beren kasa ondutako planean jasotakoaren arabera, Ukrainak kontzesioak egingo ditu lurralde batasunari dagokionez. Zelenskik esan du bi aukera dituztela: «Duintasuna galtzea, edo aliatu ezinbesteko bat galtzeko arriskua hartzea».

Zelenski eta Trump Etxe Zurian, aurreko uztailean. AARON SCHAWARTZ / EFE
Zelenski eta Trump Etxe Zurian, aurreko uztailean. AARON SCHAWARTZ / EFE
Igor Susaeta - Julen Otaegi Leonet
2025eko azaroaren 21a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trump AEBetako presidenteak ultimatuma eman dio Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteari: astebeteko epea eman dio Washingtonek eta Moskuk beren kasa Ukrainarako ondutako plana onar dezan. Datorren ostegunean Eskerrak Emateko Eguna ospatuko dute AEBetan, eta, Etxe Zuriko maizterrak gaur Fox News hedabideari emandako elkarrizketa batean esan duenez, «egun egokia» litzateke Zelenskik erabakiaren berri eman dezan. Eta kontuan hartuta AEBen eta Errusiaren planteamenduak alboratu egin dituela aurrez Kievek balizko negoziazio batzuetarako ezarritako marra gorriak —esaterako, lurralde batasunari dagokionez kontzesioak egitea, eta Donbass, hortaz, Errusiaren menpe geratzea—, Zelenskik aitortu du bi aukera baizik ez dituztela: «duintasuna galtzea, edo aliatu ezinbesteko bat galtzeko arriskua hartzea». Vladimir Putin Errusiako presidenteak oniritzia eman dio egitasmoari, eta iruditzen zaio izan daitekeela «gatazkaren irtenbiderako oinarria».

AEBetako armadako arduradunekin bildu zen atzo Zelenski, eta horiek eman zioten plana eskura. Nazioarteko zenbait hedabidek azken orduetan kaleratu dute zirriborroa, 28 puntukoa, eta hori aztertu ondoren mintzatu da Zelenski, nazioaren aurrean, arratsaldean: «Gure historiako garairik zailenetako bat da; presio gehien jasan dugunetakoa», nabarmendu du. Ukrainarrei ulertzera eman die, hori bai, ez duela onartzen planean jasotakoa, eta hori gainbegiratu eta aldatu nahi duela. «Argudioak plazaratuko ditut, alternatibak proposatuko». Nolanahi ere, Trumpen esanetan, ezarritako epea luza daiteke, «gauzek ondo funtzionatuz gero». Ez du zehaztu zer esan nahi zuen hori esanda. AEBen proposamena heldu da, hain zuzen, Zelenskiren gobernuan ustelkeria kasu batzuk azaleratu direnean. 

Putinek gaur iluntzean Errusiako Segurtasun Kontseiluaren aurrean azaldu duenez, Trumpek eta biek abuztuaren 15ean Alaskan (AEB) egin zuten bileran eztabaidatutako puntuen «eguneraketa bat» da Etxe Zuriaren proposamena. Hala ere, Kremlineko buruak adierazi du oraindik ez dutela «testuaren xehetasunen» inguruan eztabaidatu.

Trumpek ultimatuma eman eta ordubete inguru geroago, Zelenskik berak esan du sare sozialetan J.D. Vance AEBetako presidenteordearekin hitz egin duela telefonoz, eta adostu dutela AEBak, «Europa» —Erresuma Batua, Frantzia eta Alemania— eta Ukraina elkarlanean aritzea, eta esan du lanean ari direla gerra amaitzeko hartu beharreko bidea «duina eta egiazki eraginkorra» izan dadin. Gaineratu du errespetatzen duela Trumpek gatazka amaitzeko duen «desira», eta begi onez ikusten dituztela «proposamen errealista guztiak».

Trumpen planteamendua onartzen ez badu, ikusteko dago, Ukrainako estatuburuak berak iradoki bezala, AEBek babes militarra kenduko ote dioten Ukrainari. Elkarrizketen berri duten bi iturri aipatuz Reuters berri agentziak kaleratu duenez, Washingtonek mehatxu egin dio Kievi: onartzen ez badu, laguntza militarra bertan behera utziko duela.

Horiek horrela, Frantziak, Alemaniak eta Erresuma Batuak azpimarratu dute Ukraina babesten dutela. Fredrich Merz Alemaniako kantzilerraren bozeramaile batek ohar baten bidez jakinarazi duenez, Merzek berak, Emmanuel Macron Frantziako presidenteak eta Keir Starmer Erresuma Batuko lehen ministroak Zelenskirekin hitz egin dute gaur. Ohar horren arabera, lurraldetasunean kontzesioak egiteari dagokionez, Europako hiru potentzia nagusietako liderrek uste dute gaur egungo fronteko lerroaren posizioak «abiapuntua» izan beharko lukeela negoziazioetan. Bide batez, ontzat jo dituzte AEBen «ahaleginak». Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek ere esan du, sare sozialetan, negoziazio horietan Ukrainaren ikuspegia ere kontuan hartu behar dela.

Planean, finean, Ukrainak lurralde kontzesioak egitea aurreikusi dute. Horren arabera, Donbassko bi eskualdeak, Luhansk eta Donetsk, desmilitarizatu egingo lituzkete, Moskuren esku geratuko lirateke «de facto» —gaur egun, aurrenekoa ia osorik kontrolatzen du, eta bigarrenaren %75 dauka okupatuta—, baita Krimea ere, zeina 2014an anexionatu baitzuen. Zaporizhia eta Kherson eskualdeak, berriz, armada bakoitzak kontrolatzen duen gunearen arabera banatuko lituzkete; gaur-gaurkoz, bien bi heren pasa ditu kontrolpean Moskuk. Kievek esana du ez duela lurralde trukerik onartuko.

100

Ukrainak zenbat egun izango lituzkeen hauteskundeetara deitzeko. Washingtonek eta Moskuk gerra amaitzeko egindako planean dioenez, aldeek akordioa sinatu eta gero, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ehun egun izango lituzke hauteskundeetara deitzeko. Azkenekoz 2019an egin zituzten hauteskundeak, eta hurrenak iaz egitekoak ziren. Errusiak 2022ko otsailean

 inbasioa hasi ondotik, baina, gerra legea ezarri zuten herrialdean, eta Zelenskik argudiatzen du horrexegatik ezin dela hauteskunderik egin.

Gainera, planean jaso dutenez, Ukrainari eskatzen diote armada murriztu dezala, egun dituen 900.000 soldaduetatik 600.000ra, behin gatazka amaituta. Trukean, «segurtasun bermeak» eskuratuko lituzke, tartean AEBenak, planak horiek zehazten ez dituen arren; hori bai, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak ezingo lituzke bidali kasko urdinak Ukrainara, eta Kievek bazter utzi beharko luke Mendebaldeko aliantza militarreko kide izateko asmoa; gainera, Errusiak G8 taldeko kide izan beharko luke berriro, eta Ukrainak bidea libre luke EB Europako Batasuneko kide bihurtzeko.

Erasoek etenik ez

Agintariek gerra amaitzeaz hitz egiten duten bitartean, Errusiak Ukrainari eraso egiten jarraitzen du. Atzo gauean Zaporizhia hirian egindako eraso batean bost pertsona hil dira, eta hiru zauritu, Ivan Fedorov eskualdeko gobernadoreak Telegram bidez jakinarazi duenez. Hainbat etxebizitza bloke eta merkataritza gune suntsitu dituzte bonbardaketek. Ukrainako armadaren arabera, Errusiak 115 drone jaurti ditu bart, eta gehienak eraistea lortu dute. 

Bestalde, Valeri Gerasimov Errusiako armadako buruak jakinarazi du Ukraina ekialdeko Kharkiv eskualdeko Kupiansk hiria beren gain hartu dutela. Hori gezurtatu du Ukrainako armadako buruak.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.