Bai, hilabete pasaren ondoren, gerrak aurrera dirau. AEBek eta Israelek Irani eraso diote gaur ere, eta Teheranek, berriz, misilak eta droneak jaurti, izan Israelera, izan Ekialde Hurbileko azpiegitura energetikoen aurka. Baina, bien bitartean, esparru politiko, ekonomiko eta energetikoetako buruzagiak Iran hegoaldera begira daude, Ormuzko itsasartera. Gerrarako arma gisa baliatzen ditu Teheranek pasabide horren kokapen geoestrategikoa eta haren kontrola, eta, horrenbestez, blokeatuta dauka hango itsas trafikoa. Horren eraginez, gasaren eta erregaien prezioak gora egin du oro har, eta, energia merkatuak aztoratuta daudenez, Europako potentziak batzartu egin dira gaur, eta Irani exijitu diote itsasartea irekitzea. Donald Trump AEBetako presidenteak gaur goizaldean esan duenez, berriz, hurrengo bizpahiru asteetan «eraso indartsuak» egingo dituzte Iranen kontra, eta, haren hitzetan, behin erasoaldia amaituta Ormuz «bere kabuz» irekiko da.
Handik igarotzen da munduan kontsumitzen den petrolioaren %20 inguru, eta, esaterako, Txinak inportatutako petrolioaren eta gasaren %45 inguru. Pekinek, hain zuzen, gogorarazi du itsasartea zergatik dagoen itxita: «AEBek eta Israelek Iranen aurka egindako legez kanpoko erasoengatik dago nabigazioa blokeatuta Ormuzko itsasartean». Halaxe nabarmendu du Mao Ning Atzerri Ministerioko bozeramaileak gaur, agerraldi batean.
Halere, 35 herrialde inguruk Iranen bizkar jarri dute pasabidea berriro irekitzeko ardura guztia. Horien artean daude Alemania, Frantzia, Italia eta Erresuma Batua, besteak beste, eta, Londresek deituta, 35 herrialde horietako Atzerri ministroak telematikoki bildu dira —ez, ordea, AEBetakoa eta Txinakoa, adibidez—, Ormuz zabaltzeko formula bateratuak bilatze aldera. Bilera hasi aurretik, ohar bateratu bat kaleratu dute, eta adierazi kezkatuta daudela «gerra areagotu» delako. Horrekin lotuta, Ormuz irekitzeko ez ezik, «mehatxuak alboratzeko» eskatu diote Irani; aipamenik ez, berriz, AEBek eta Israelek hasitako erasoaldiari, zeinaren eraginez 2.000 pertsona inguru hil dituzten Iranen, iturri ofizialek diotenez.
Trumpek berak adierazi izan du, nahiz eta azken orduetan kontrakoa iradoki, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko aliatuek AEBei lagundu beharko lieketela Ormuz indarrez irekitzeko ahaleginean. Aliatuek erantzun diote ezetz, eta orduan, Etxe Zuriko maizterrak, duela bi egun, kasketa harrapatu, eta eskatu zien «ausartak» izateko eta beren kabuz «hartzeko» petrolioa.
Emmanuel Macron Frantziako presidentea horri guztiari buruz mintzatu da gaur, eta nabarmendu du ez dela «errealista» Ormuz indarrez ireki nahi izatea. «Denbora asko beharko litzateke, eta horretan parte hartuko luketenak arriskuan egongo lirateke, Iranen misil balistikoengatik», adierazi du Hego Korean egindako agerraldi batean —bidaia ofiziala egiten ari da Asia ekialdean—. Bide batez, NATOren egitekoa defendatu du. Izan ere, kontuan hartu behar da Trumpek atzo mehatxu egin ziela aliatuei, haiek ezezkoa eman ondoren: ez du baztertzen AEBak aliantza militar horretatik ateratzea.
Israelen «helburuez» ohartarazi du libanoko lehen ministroak
Israelgo armadak beste zazpi lagun hil ditu Libano hegoaldean gaur, hango hedabideek iturri ofizialak aipatuz kaleratu dutenez —1.300 baino gehiago dira azken hilabetean, Beiruten arabera—. Nawaf Salam lehen ministroak hitzaldi bat eman du herrialdeko telebista kate publikoan, eta Israelek «helburu handiak» dituela ohartarazi. «Esaterako, okupazioa nabarmen handitzea». Tel Avivek asteon jakinarazi du Gazan bezala jokatu asmo duela Libano hegoaldean. Hezbollah milizia xiitak Israeli airez eraso dio gaur, suziriak erabiliz.
Dena den, Iranen kontrako erasoaldia lehendik nabaria zen zerbait indartzen ari da: Etxe Zuriko maizterra tartean bada, ezin sekula jakin. Gaur goizaldean, adibidez, erasoaldi horri buruzko «iragarpen garrantzitsu bat» egitekoa zen Trump. Otsailaren 28an Iran bonbardatzen hasi zirenetik aurrenekoz, nazioari mintzatu behar zitzaion: prime time-an —Washingtonen atzo 21:00ak zirenean—, eta Etxe Zuriko Ekialdeko gelan. Solemnea behar zuen izan mezuak, baina ez da halakoa izan.
Iranen erantzuna
Gutxi-asko, azken asteetan esandakoak bota ditu Trumpek, baina agerraldi bakarrean —hemeretzi minutu iraun du—. Pazientzia eskatu die estatubatuarrei, «helburu guztiak lortzear» baitira. Ez du zehaztu zeintzuk diren helburu horiek; adierazi duenez, «erregimen aldaketa bat lortzea», behintzat, ez. Hurrengo bizpahiru asteetarako iragarritako eraso oldeak Irango armada indargabetuko duelakoan dago —Teheranek erantzun dio aurrerantzean eraso «are txikitzaileagoak eta indartsuagoak» egingo dituela—. Era berean, datu faltsuak eman, eta nabarmendu du «onartezina» dela azken protestetan 45.000 pertsona hil zituen «erregimen batek» arma nuklearrak edukitzea.
Batetik, HRANA Giza Eskubideen Aldeko Aktibisten Irango Agentziak dioenez —AEBetan du egoitza—, aiatolen sistemaren kontra urtarrilean egindako protestetan, 7.000 lagun hil zituzten estatu indarrek. Eta, bestetik, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak berak ez du baieztatu Iranek arma nuklearrak dituenik.
Trumpek agerraldia egin duen honetan, haren onarpena iazko urtarrilean Etxe Zurira itzuli zenetik izandako apalena da. %51koa zen kargua hartu zuenean, eta, asteon Silver Bulletin datu kazetaritzan espezializatutako etxeak kaleratu duen txostenaren arabera, %41ekoa da egun.