Europaren «nagikeria» salatu du Zelenskik Davosen

Ukrainako presidenteak adierazi du mundua «desafioz» beteta dagoela eta Europak ezin diela soilik hitzen bidez aurre egin. Aurrez, Trumpekin bildu da, baina ez dute elkarrizketaren inguruko xehetasunik eman.

Volodimir Zelenski, gaur, Davosen egindako agerraldiaren ostean. GIAN EHRENZELLER / EFE
Volodimir Zelenski, gaur, Davosen egindako agerraldiaren ostean. GIAN EHRENZELLER / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko urtarrilaren 22a
18:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ukrainako presidente Volodimir Zelenskik gogor kritikatu du Europako liderrek munduko azken gertakizunen harira erakutsi duten jarrera. Urtero Davosen egiten den Munduko Ekonomia Foroan hitz egin du Zelenskik, eta gogor egin du Europaren aurka, «desafioz» betetako mundu batean «nagikeriaz» ari delakoan. «Europak oso gustuko du etorkizunaz eztabaidatzea, baina ez du neurririk hartu nahi, eta neurri horiek definitzen dute zer etorkizun izango dugun. Hori da arazoa», adierazi du.

Zelenskiren esanetan, «Europa mugitzen den baino azkarrago» mugitzen dira munduan gertatzen ari diren gauzak. Hori ikusita munduan ordena berri bat lortzeko Europako liderrek zerbait egin behar dutela nabarmendu du, eta ohartarazi hori ezin dela soilik hitzen bidez lortu. «Europak mundu hobe bat eraikitzen lagundu dezake, baina, horretarako, indarra behar du».

Ukrainako presidentearen esanetan, europarren pentsamoldea arazo bat da munduko azken gertakizunei aurre egiteko. Izan ere, Zelenskiren ustetan, Europako liderrek ez dituzte beti Europaren «benetako interesak» defendatzen. «Europa potentzia txikien eta ertainen kaleidoskopio eder bat da, baina zatituta dago».

Zatidura hori amaitu behar dela gaineratu du Zelenskik, eta Europaren defentsan jarri du begirada. Ukrainako presidentearen esanetan, Europak «indar armatu bateratuak» behar ditu kontinentea defendatzeko, baina gogor egin du NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen aurka, eta esan du inork ez duela aliantza «akzioan» ikusi. «NATO sinetsita dago edozein gauza gertatzen denean AEBek parte hartuko dutela, ez dutela alde batera egingo, eta lagundu egingo dutela. Baina, eta halakorik egiten ez badu?», galdegin du.

Iazko ekitaldian esan zituen hitzak ekarri ditu gogora Zelenskik. «Europak bere burua nola defendatu behar duen jakin beharra dauka», esan zuen orduko hartan; «baina urtebete igaro da, eta ezer ez da aldatu», salatu du gaur.

Errusia, biltzeko prest

AEBetako presidente Donald Trumpekin ordubete inguruan bilduta egon ostean hitz egin du Ukrainako presidenteak jendaurrean, baina ez berak eta ez Trumpek ez dute hizketaldiaren inguruko xehetasunik eman. Zelenskik adierazi du «positiboa» izan dela bilera, eta jakinarazi du asteburuan lehen aldiz bilduko direla Ukraina, AEBak eta Errusia, Arabiar Emirerrietan. Ez du zehaztu herrialde bakoitzak zer ordezkari izango duen bilera horretan, baina Ukrainako ordezkariak bertan egongo direla adierazi du. Hala ere, zalantzan jarri du Errusiako presidenteak gerra amaitu nahi izatea.

Errusia eta Ukrainaren artekoari dagokionean, gogorarazi du Bigarren Mundu Gerraz geroztik Europan egon den gerrarik handiena izaten ari dela eta, hala ere, gerra hori abiatu zuen pertsonak libre daudela oraindik. «Maduro New Yorken epaitzen ari dira. Inor ez da Putin epaitzen ari, eta, gainera, Europak blokeatu dizkion aktiboak berreskuratzen saiatzen ari da», salatu du.

Era berean, gogorarazi du hainbat herrialdek konpromisoa hartu zutela Errusiaren gerra krimenak epaituko zituen epaitegi berezi bat sortzeko, eta salatu du oraindik ez dutela «aurrerapen nahikorik» egin hori indarrean jartzeko: «Europan beti dago justizia egitea baino premiazkoagoa den beste zerbait; gehiegitan gertatu da».

Horrez gain, Zelenskik nabarmendu du gerra amaitzekotan Ukrainak «segurtasun berme sendoak» behar dituela eta AEBek Ukrainarako segurtasun bermeen gainean egindako dokumentua «amaituta» dagoela. Baina, argitu duenez, presidenteek agiria sinatu behar dute oraindik, eta bi herrialdeetako parlamentuetatik igaro beharko du gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.