NATOk esan du Errusia eta Txina Artikotik «urrun» mantentzea dela akordioaren helburuetako bat

Aliantza militarrak eta Trumpek adostutakoaren ondoren, Danimarkak uste du «posizio hobeagoan» daudela Danimarkaren subiranotasunari dagokionez. Bake Batzordea inauguratu du AEBetako presidenteak Davosen.

Donald Trump Bake Batzordearen dokumentu batekin gaur Davosen, inguruan plataformarekin bat egin dutenak dituela. GIAN EHRENZELLER / EFE
Donald Trump Bake Batzordearen dokumentu batekin gaur Davosen, inguruan plataformarekin bat egin dutenak dituela. GIAN EHRENZELLER / EFE
Igor Susaeta.
2026ko urtarrilaren 22a
13:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trumpekin inoiz ezin da jakin, baina Europako herrialdeek, oro har, txalotu egin dute AEBetako presidenteak albo batera utzi izana Groenlandiako auziagatik Europako herrialde batzuei muga zergak ezartzeko mehatxua. Erabaki hori hartu du Etxe Zuriko maizterrak, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Mark Rutterekin Artikorako akordio bat egiteko oinarriak adostu ondoren Davosen (Suitza), atzo gauean. Eta aliantza militarreko buruak gaur argitu duenez, helburuetako bat da Errusia eta Txina eremu horretatik «urrun» mantentzea. Egoera, neurri batean, aldatu egin den arren, talde komunitarioko estatuburuek eta gobernuburuek eutsi egin diote asteburuan deitu zuten ezohiko bilerari, eta gaur, 19:00etan, Bruselan bilduko dira, erabakitzeko nola aurre egin Trumpen jokabideari. Oraingoz, Europako Parlamentuak atzo deliberatu zuen ez berrestea aurreko uztailean EB Europako Batasunak eta AEBek adostutako merkataritza ituna.

Ruttek Davosen hitz egin du gaur, Munduko Ekonomia Foroak antolatutako mahai inguru batean, eta, esan duenez, atzo zera izan zuen mintzagai Trumpekin: Artikoko segurtasuna nola bermatu dezaketen AEBek, Kanadak, Islandiak, Danimarkak, Suediak, Finlandiak eta Norvegiak; alegia, Groenlandiaren bueltan dauden aliantzako herrialdeek. NATOko idazkari nagusia pozik zegoen atzo gauean, baina AFP France-Press berri agentziari esan zion zeregin asko daudela oraindik.

Izan ere, aurreakoardioan itundutakoak kaleratu dituzte zenbait hedabidek, eta lausoak dira puntuak: 1951ko AEBen eta Danimarkaren hitzarmena berritzea; AEBek base militar gehiago edukitzea Groenlandian, Danimarkaren menpeko lurralde autonomoan; eta Txina zein Errusia eremu geografiko horretatik kanporatzea. Hortaz, oraingoz argi dagoen bakarra da Trumpek ez diela otsailaren 1etik aurrera %10eko muga zergarik ezarriko munduko uharterik handienera soldaduak bidali dituzten Europako zortzi herrialdeei; alegia, Danimarkari, Erresuma Batuari, Finlandiari, Norvegiari, Suediari, Alemaniari, Herbehereei eta Frantziari. Beste behin, inork haren interesen kontra egin duen bakoitzean bezala, kasketa harrapatu zuen Trumpek aurreko asteburuan, eta neurri hori iragarri zuen. Atzera egin du, ordea.

AURREAKORDIOAn jasotakoak.

1951ko hitzarmena berritzea.
Groenlandia erosten ahalegindu zen Washington 1946an, eta bost urte geroago Danimarkak eta AEBek defentsako esparruko akordio bat sinatu zuten uharterako. Haren bidez, Washingt

onek presentzia militarra ziurtatzen zuen han. Itun hori berritzekoak dira.

 

AEBek base gehiago.
Mahai gainean dago AEBek Groenlandian base militar gehiago edukitzeko aukera. Proposamenari jarraikiz, base horiek ezarriko lituzketen lurren jabetza AEBei emango lieke Danimarkak.

Txina eta Errusia, eremutik kanpo.
Zenbait hedabidek NATOko iturriak aipatuz kaleratu dutenez, aliantzak eta AEBek ziurtatu nahi dute Txinak eta Errusiak ez dutela Artikoan presentzia ekonomikorik eta militarrik edukiko.

Oinarrietan jaso ez duten arren, Danimarkak eta Groenlandiak gaur lasai har dezakete arnasa lurralde batasunari dagokionez. Izan ere, nahiz eta Trumpek azken asteetan esan duen AEBen eta oro har munduaren «segurtasunarengatik» beharrezkotzat jotzen duela Groenlandia anexionatzea, NATOren idazkari nagusi Allison Hartek gaur hedabideei esan die Ruttek ez zuela alor horretan amore eman. Gainera, duela egun batzuk ez bezala, orain ematen du Trumpek baztertu egiten duela esku hartze militar bat egitea. «Ez daukat indarra erabili beharrik. Ez dut indarra erabiliko», adierazi zuen atzo Davosen, Rutterekin batzartu aurretik.

855

Putinek Groenlandiari zer prezio jarri dion, milioi eurotan. Groenlandia erosteko aukera mahai gainean jarri izan du Donald Trump AEBetako presidenteak. Vladimir Putin Errusiako bere homologoak ez du asmo hori kritikatu; are, haren ustez uhartea erosteak zenbat balioko lukeen plazaratu zuen atzo, Errusiaren Segurtasun Kontseiluaren bilera batean: 1.000 milioi dolar —855 milioi euro inguru—. Horretarako, erreferentzia gisa baliatu zuen AEBek 1867an Alaskarengatik ordaindutakoa: 7,2 milioi dolar. Orain egun batzuk NBC telebista kateak kaleratu zuenez, Etxe Zuriko aditu batzuek ere prezioa jarri diote erosketari: 700.000 milioi dolar.

Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroak berretsi du subiranotasunaz ezin dela negoziatu. Ohar batean gaur jakinarazi duenez, atzo gauean Rutterekin hitz egin zuen, eta NATOko idazkari nagusiak adierazi zion Trumpekin edukitako bileran ez zutela horri buruz hitz egin. «Soilik Danimarkak eta Groenlandiak har ditzakete Danimarkari eta Groenlandiari eragiten dieten auziei buruzko erabakiak». Danimarkako Defentsa ministro Troels Lund Poulsen areago joan da, eta, Trumpen eta Rutteren bileran hitz egindakoak kontuan hartuta, beren herrialdea duela egun batzuk baino «posizio hobeagoan» dagoela idatzi du sare sozialetan.

Trump: «Finean, higiezinen agente bat naiz»

Bien bitartean, berak hauspotutako Bake Batzordea inauguratzeko ekitaldia egin du gaur Trumpek Davosen. Finean, Etxe Zuriko maizterraren helburua da NBE Nazio Batuen Erakundea ordezkatuko duen erakunde bat hauspotzea. Erabateko boterea edukiko du horretan. Agerraldi horretan inguruan izan ditu Bake Batzordeko kide izatea onartu duten estatu batzuetako —Argentina, Hungaria, Armenia, Paraguai, Qatar, Turkia, eta Israel, besteak beste—  ordezkariak, eta adierazi du Gazan «bakea» dagoela; halere, atzo bertan Israelek 11 palestinar hil zituen han. Eta Gazari buruz ari zela, zeremonia ixteko, ondokoa bota du: «Finean, higiezinen agente bat naiz, eta kasu horretan kokapena da inportanteena. Beraz, esan nuen: 'Begira ezazue, itsasoaren ondoan dago. Begiratu jabetza eder hau, zer esanahi eduki ahalko zuen jende askorentzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.