Ukrainaren eta Errusiaren arteko gatazkan bitartekari bat eta bakarra onartuko du Moskuk: Washington. Kremlinek ez du nahi Kieven aliatu europarrek negoziazio mahaian eserlekurik eduki dezaten. Bihar berriz ere negoziazioetara itzuliko dira aldeak, Abu Dhabin. Ukraina alde batetik, Errusia bestetik; tartean, AEBak. Ez dago argi, ordea, Europako herrialdeek zein rol izango duten. Atzo Frantziak ziurtatu zuen negoziazioetan parte hartuko dutela; gaur, EB Europako Batasunak esan du bertan izango dela. Errusiak, ostera, ziurtatu du Europak ez duela parte hartuko Abu Dhabiko elkarrizketetan.
Litekeena da Europako herrialdeak aholkulari lanetan aritzea Abu Dhabiko bilera errondan, baina ziurrenik ez dute zuzenean parte hartuko bihar eta etzi egitekoak diren negoziazioetan. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta Volodimir Zelenski Ukrainakoak telefonoz hitz egin dute gaur negoziazioei begira «posizioak zehazteko». Ukrainako presidenteak azaldu duenez, «ahal den guztia» egiten ari dira «hiruko bilkura» formatuak «eragina» izan dezan.
«Hiruko bilkura» aipatuta, Zelenskik aditzera eman du negoziazioetan Ukrainak, Errusiak eta AEBek baino ez dutela parte hartuko. Halere, Von der Leyenek ziurtatu du EB ere «bertan» izango dela. Jakinarazi duenez, Ukrainako presidentearekin hitz egin du «bakea lortzeko» egiten ari diren ahaleginez eta Abu Dhabiko elkarrizketez: «EB bertan izango da». Atzo, Jean Noel Barrott Frantziako Atzerri ministroak ziurtatu zuen europarrak «ordezkatuta» egongo direla negoziazioetan. «Ezin dut esan nork ordezkatuko duen Frantzia, baina Frantzia han egongo da», adierazi zuen RTL irrati katean.
Moskuk, aldiz, argi du Europak ez duela negoziazioetan parte hartuko. Ez, behintzat, zuzenean. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak, egunero eman ohi duen prentsaurrekoan, baieztatu du negoziazioak Kieven eta Moskuren artekoak izango direla, AEBen bitartekaritzarekin. Gaineratu du bai AEBek eta bai Ukrainak Europako herrialdeekin komunikatzeko bideak dituztela, baina negoziazio mahaian ez direla eseriko. Aurrez, Errusiako ordezkaritzako kideak nor izango diren jakinarazi dute. Otsailean Genevan (Suitza) egin zuten azken bilkura erronda. Han bezala, Abu Dhabin ere Vladimir Medinski izango da Errusiako ordezkaritzaren buru; Vladimir Putin presidentearen hurbilekoa da Medinski. Eta han izango da Igor Kostiukov ere, urtarrilean Istanbulen (Turkia) egindako negoziazioetan ordezkaritzan buru izan zena.
Segurtasun bermeak hizpide
Etxe Zuriaren ordezkari Steve Witkoffek gaur argitu du zeren inguruan ardaztuko dituzten Abu Dhabiko negoziazioak. Reuters berri agentziak kaleratu duenez, Witkoffek esan du gerraren amaieraz hitz egingo dutela, baita horren osterako segurtasun bermeez eta erasoen arintzeaz ere. Segurtasun berme horiez hitz egin du azken egunetan Donald Trump AEBetako presidenteak ere. Ostegunean esan zuen gerra laster amaituko dela, eta litekeena dela «europar guztiak» izatea amaiera horren parte.
Hitz horiek argitu zituen atzo Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak: «Presidenteak esan nahi zuena da aurrerapausoak eman dituztela gerra amaitu osteko segurtasun arkitekturaren inguruan». Eta gaineratu zuen: «Ez dago ezer adostuta, baina posible da Abu Dhabiko bilkurak aurrerapenak ekartzea».