Eutsi egin dio Chavezek

Venezuelako presidenteak ia hamar punturen aldea atera dio Capriles oposizioko buruari; parte hartzea historikoa izan daAise irabazita ere, Chavez boterean denetik emaitza onenak lortu ditu oposizioak

Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Ia hamar punturen aldean geratu dira hauteskunde estuak ziruditenak: botoen %54,4 alde batera, eta %44,9 bestera. MUD Batasun Demokratikoaren Mahaira batu den oposizioak Venezuelako Gobernua bereganatzeko itxaropena izan du azkenera arte, Chavez gobernuan hamalau urtean jasanondoren, sinetsita, Venezuela kontrako bidean jartzeko aukerak benetakoak zirela, baina bozen biharamunean, oposizio batuaren itxaropen zapuztua etsipen ez bilakatzeko eskatu behar izan die Henrique Caprilesek jarraitzaileei.

Chavez botatzea oso zaila baita, ezinezkoa orain arte, eta parte hartze historikoa presidentearen kontrako bilaka zitekeen arren—%80 — ez da horrenbesterako izan, eta herritar gehienengandik beste sei urterako agintzeko baimena jaso du, minbiziak oztoporik ezartzen ez badio behintzat —urtebetean hiru ebakuntza egin dizkiote—.

Oposizioa, ordea, ez da leku txarrean geratu. Chavez boterean denetik emaitzarik onenak lortu ditu, eta, ia duela gutxi arte ezinezkoa zirudien batasuna, Caprilesen buruzagitzapean. Dena den, MUDek bereganatzen dituen taldeak askotarikoak dira, eta batak besteari porrota leporatzeko eta oposizioa banatzeko arriskua ikusi dute hainbat adituk, eta, horregatik, Ramon Guillermo Aveledo MUDeko idazkari exekutiboa «batasuna ez da amaituko» esatera atera zen emaitzen berri izan zutenean. Caprilesen beraren alderdiak, esaterako, 24 estatutatik bitan irabazi du soilik, Tachiran eta Mirandan, eta Pablo Perez Alvarezen alderdiak, primarioetan lehiakide izan zuenarenak, galdu egin du Zulian. Perez hango gobernadorea da, eta Caprilesen bigarrena izan da hauteskundeotan.

Bazterrak barruan ez harrotzeko, MUDeko hainbat ahots saiatu dira zabaltzen bozetan iruzurra egon dela, baina beste askotan ez bezala, funtsik gabe geratu dira esandakoak, Caprilesek berehala onartu duelako porrota. Nazioarteak ere hauteskunde «garbiak» nabarmendu ditu.

Chavez, berriz, garaipenak eman dionharrotasunean ezin kabitu atera da jarraitzaileak agurtzera, proiektu sozialistan eta bolivartarrean itzulerarik ez duen bidean sakontzeko aukeratzat jo ere garaipena. Iraultza bidean da, baina oraindik asko dago egiteko, eta hobetzeko ere bai. Bera izango da, «egunez egun hobetuz» berdintasuna lortzeko presidente egokiena. Jarraitzaileek dantzarekin erantzun diote:«Nire komandanteak eutsi egin dio», «Uh, ah, Chavez ez doa», oihuak salsara eta musika elektronikora eramanez. Festa handia izan da.

Aurkarientzat ere aritu da Chavez, oposizioaren «izaera demokratikoa» txalotuz, emaitzak jakin bezain laster onartu dutelako porrota. «Oso urrats garrantzitsua da Venezuelako bakea eraikitzeko, elkarrekin bizi ahal izateko; horregatik, agur hau bidaltzen diet haiei, eta nire bi besoak eta bihotza zabaltzen dizkiet Bolivarren aberrian anaiak garelako».Chavezi inoiz egin ez duen keinua aitortu diote batzuek, oposizioaren «jarrera zibikoa» aipatu duenean, baina oposizioko batzuek iraintzat ere hartu dituzte haren hitzak, galdu dutenen kontrako iseka airosoa.

Milioi bat eta ehun mila botoren aldea baino gehiago egon da bien artean, baina aspaldian izan den tarterik txikiena; horregatik, Caprilesek presidenteari eskatu dio «venezuelarren ia erdiaren» nahia errespetatu eta haien iritzia kontuan har dezala gobernatzeko orduan.

Bi aldeek elkarrengana gerturatzeko prest daudelanabarmendu dute, oso pozik eta oso triste daudenen artean arazorik sor ez dadin emaitzen ondorioz. Kanpainan ere, bortitza izan arren, Capriles ez da aritu bere taldeko muturrenekoek nahi luketen moduan: Chavezen kontra ez da zuzenean aritu, berak esan nahi duenera jo du gehiago, eta, gainera, abiatutako proiektu sozialekin jarraitzeko asmoa azaldu du, Chavezen alde botoa eman dutenak bereganatu nahian.Sakonean, ordea, mundua ikusteko bi modu daude, eta horiek ezkutaezinak direla nabarmentzen egin du kanpaina Chavezek.

Bi mundu

Capriles Chavezekin ez dauden joera guztien buruzagi gisara aurkeztu da hauteskundeotara, eta,politikan lehen porrota jaso duen arren, ibilbidea hasi besterik ez duela egin nabarmendu nahi izan du emaitzak jakin ostean. Mendebaldearen kutuna da buruzagia, gaztea, moderatua eta «aurrerakoia», haren hitzetan. Venezuelako eskuinari lotuta dagoen egitekotik eta hizkuntzatik aldentzen saiatu da etengabe, baina Chavezek gogorarazi du neoliberalismo basatiena bultzatu nahi dutenen ordezkaria dela.

Chavezek irabazi zuenetik lehen aldia da estualdia sentitu duena, baina, hori gaindituta, sei urterako baimena lortu du bere proiektuarekin aurrera egiteko. Chavezek, ordea, osasuna du orain oztopo. «Garaipen perfektua» erdietsi du «independentziari eutsi ahal izateko», eta orain horri eusteko «osasuna» behar du: «Jainko nirea, jarraitu guri bizia ematen, aberri on hau, bolivartarra eta sozialista eraikitzen jarraitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.