Diputatu kanak independentista Frantziako Asanblea Nazionalean

Emmanuel Tjibaou: «Deskolonizazioa Frantziatik bereiztea baizik ez daiteke izan»

Kanakyren autodeterminaziorako akordio berri baten proiektua aztertzen ari direla, Tjibaouk salatu du akordio historikoei bizkar emanez egin dela prozesua; hots, kanaken aldarrikapena ez dela estatu baten barneko estatua ukaitea, haiena ukaitea baizik.

NAHIA GARAT
NAHIA GARAT
Leire Casamajou Elkegarai.
BAIONA
2025eko abenduaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kaledoniako Batasuna alderdiaren eta Kanakyko FLNKS fronte independentista eta sozialistaren izenean, Frantziako Asanblea Nazionalean diputatua da Emmanuel Tjibaou (Hienghene, Kanaky, 1976), 2024ko hauteskundeetatik geroz. Euskal Herrian egon da aste honetan, herrien autodeterminazio eskubideaz eztabaidatzen Peio Dufau EH Baiko diputatuarekin batera, alderdiak berak gomitaturik. Euskal Herriari eskerrak bidali nahi izan dizkio, «sostenguagatik, eta elkartasunagatik». Eta erkatu ditu bi herrien arteko errealitateak: «Anitz miresten dut populu hori ere. Badugu nahikunde anitz partekatzekorik, gure bi aldarrien funtsean gizakiaren ulertzea baita. Errespetua eta indarra euskal populuari!».

Kaledonia Berriko ordezkari politikoek eta Frantziako Gobernuak egindako akordio politiko berri baten proposamena martxan da udaz geroztik, Kanakyko autodeterminazioa trenkatzeko asmoa duena. 2026ko martxo aitzin mintzatzekoak dira Parisko ordezkariak «neokaledoniarrekin» akordio berri horretaz. Azkenean, FLNKS fronte independentistak sinadura kentzea erabaki zuen. Zergatik erabaki hori?

Uztailaren 12ko sinaduraren mementoan, erranik izan zitzaigun dokumentua akordio baterako proiektua zela. Estruktura administratibo eta politikoak berrezartzekoak ziren, agintaldiak martxan... Eta horren arabera berretsiko zen ofizialki dokumentua; adituek baieztatu beharko zuten, gainera, konstituzioaren eta justiziaren ikuspegitik. Zeren dokumentuak biltzen zituen proposamenek argiztapenak behar baitzituzten, eta emendakinak gehitzekoak baitziren koherentea izan zedin.

Baina egunean berean ohartu ginen berez akordio proiektu bat izan behar zuen hori akordio historiko gisa definitu zutela prentsan. Estilo bereko diskurtsoa entzun dugu gero ere, emendakin aukerarik gabe ginelarik; ez dute agertu dokumentuko kakotx bakarra ere aldatzeko nahikunderik. Eta hori zen, Frantziako Estatuaren ustez, proposamenik egokiena: Bougivalgo akordioa deitzen zaiona.

Alta, gabezia anitz ditu zuen autodeterminazioari begira, ezta? FLNKS frontekoek «birkolonizazio logika» baten barnean kokatu duzue akordioa...

Badira gauza anitz. Lehenik, dokumentu horrek ez digu autodeterminaziorako bermerik ematen, nahiz eta horren printzipioak izendatzen dituen. Adibidez, Kaledonia Berriko Kongresuko eserlekuen banaketa berrikusi nahi dute: eserleku gehiago eman nahi dizkiote hegoaldeko probintziari [nagusiki Kanakyn jaio ez den jendea egoten den probintzia], eta eserlekuak kendu iparraldeko eta uharteetako probintziei. Hori Matignongo [1988] eta Noumeako [1998] akordioen kontra joatea da, zeinak berriz orekatzean oinarrituak baitziren, iparraldeko eta uharteetako probintziei ordezkaritza handiagoa emanez biztanleriaren gehiengoa kanaka baitute. Horixe da, beraz, lehen-lehen arazoa: kanak nortasuna dokumentutik eskas zela.

AKORDIO HISTORIKOAK

 

  • 1988: Matignongo akordioak. Garai hartako tentsio giroari amaiera ematea zuten helburu. Kanak herriaren nortasuna eta eskubide historikoak aitortzen zituzten, eta komunitateen arteko botere banaketa orekatua ezartzeko asmoa zuten. Aurreikusi zuten hamarkada bat beharko zela g

    arapen ekonomikorako eta sozialerako, eta adostu autodeterminazio erreferendum baten egitea hamarkada bukatzean. 

  • 1998: Noumeako akordioak. 

    Matignongo akordioak sakondu eta eguneratzeko asmoa zuten. Frantziatik Kanakyra eskumenak transferituz, emeki-emeki. Kanaken nortasun politiko eta kulturalaren aitortza sendoagoa ere aurreikusten zuen, subiranotasun partekatu pean trantsizio garairako. Etorkizun politikoa argitzeko, hiru independentzia erreferendum egiteko aukera jasotzen zuten. Hirurak egin dituzte geroztik, baina hirugarrena gaitzetsi zuen FLNKS fronteak.

Bestalde, eskumen fiskalak probintziei ematea proposatzen dute. Gu horren kontra posizionatu ginen, Kaledonia Berriaz hitz egiten ari baikara, ez probintziez. Hegoaldeko probintziak ditu eskumen gehiago galdegiten. Badakigu enpresen egoitza nagusi guziak Noumean [hegoaldean]  direla, baina horrek erran nahi du iparraldeko edo uharteetako probintzietan lan eginik ere sartze fiskal guziak hegoaldekorako izanen direla, ez gehiago gobernurako. Orduan, gure ustez, kaledoniarren elkartasun printzipioa zalantzan jarria da.

Besterak beste, horiengatik kendu nuen ene diputatu sinadura. Dokumentuaren berrespen ofizialik ez da izan; beraz, kontra egiten dugu. Gainera, kaledoniarrek dokumentu horren arabera eman beharko dute horien iritzia, eta orduan ez zaigu bidezkoa iruditzen... Bigarren negoziazio fase bat izanen da, FLNKS fronteak egindako proposamena aztertzeko.

«Eserleku gehiago eman nahi dizkiote hegoaldeko probintziari, eta eserlekuak kendu iparraldeko eta uharteetako probintziei. Hori Matignongo eta Noumeako akordioen kontra joatea da, zeinak berriz orekatzean oinarrituak baitziren»

Probintzietako hauteskundeak laster dira. Bougivalgo akordioa ez da oraindik trenkatua, eta hirugarrenez gibelatu dituzte probintzietako hauteskundeak, 2026ko ekainera. Nabaritzen diezue akordio historikoei uko egiteko gogoa, hau da, hauteskundeak eserleku banaketa berriarekin iraganaraztea, jakinik ere akordio berriaren inguruko adostasunik ez dela oraindik lortu?

Argiki, bai. Guretako, hori da, erabat. FLNKS fronteko kideok Matignongo akordioa izenpetu genuen, eta Noumeako akordioa ere bai. Eta Noumeakoan idatzi zen Frantziak lagundu behar gaituela, emantzipazio osora buruz. Orain proposatzen digutena Frantziako Estatuaren barneko estatu bat besterik ez da; nazionalitate baten barneko nazionalitate bat da. Ez da emantzipazioa. Probintziei boterea ematen diete berriz; alta, guk estatu bat nahi dugu, estatu bat gobernu sendo batekin.

Orain, ekainera arte dugu, [gibelatuak izan diren] probintzietako hauteskundeak egin arte, proposamena aitzina eramateko. Betiere, adostasunekin aitzina eginez.  

Aste hasieran Le Monde egunkarian mintzatu da itsasoz haraindiko lurraldeen ministroa, Naim Moutchou. Erran du Bougivalgo akordioaren parean besterik ez dela, FLNKS frontearena salbu, eta, haren ustez, horrek ez du «hautsi-mautsirako baliorik». Nork zer onartu behar lukeen argi du berak... Eta zuek?

Guk 1983an egin genuen haienganako urratsa: autodeterminaziorako eskubidea herrikideekin partekatzea onartu genuen; historiaren biktimak, deportaturik iritsi zirenak, komertzioa egitera jin zirenak, kabilen ondokoak... Eta, gero, kolonizazioarekin jin zirenak. Guk, kanak populuak, erabaki genuen eskubide horren partekatzea; ez du erran nahi eskubide horri uko egiten diogunik.

Batak eta besteak utzi behar dituen gauzez mintzo dira, baina guk jadanik eman dugu gure lurra, baita haren eskubidea partekatu ere. Orain galdegiten digute gehiagoren uztea Frantziarekin lerrokatzeko? Deskolonizazioa Frantziatik bereiztea baizik ez daiteke izan.

«Autodeterminaziorako eskubidea herrikideekin partekatzea onartu genuen; historiaren biktimak, deportaturik iritsi zirenak, komertzioa egitera jin zirenak, kabilen ondokoak... Eta, gero, kolonizazioarekin jin zirenak. Erabaki genuen eskubide horren partekatzea; ez du erran nahi eskubide horri uko egiten diogunik»

Diputatu gisa, eta Kanakyko herritar gisa, nola sentitzen dituzu kanakak?

Akituak gara etengabe gauza berak errepikatzeaz. Ez da gure hizkuntza, baina frantsesez hitz egiten diegu, haien hizkuntzan, eta, hala ere, ez gaituzte konprenitzen. Logikoena litzateke harrera egiten dizun gizartearen kontzeptuak, imajinarioa eta errepresentazioak integratu ahal izatea. Gaur egun, Kanakyko hizkuntzak ez dira existitzen mundu garaikidearen imajinarioan: telebista piztean, Frantziako futbol taldeez ari zaizkigu, eskoletan Frantziako historia irakasten dute... kolonizazioarena ez, haatik. Hori da egiazko drama.

Beldur duzue ez ote duten bortxaz pasaraziko Bougivalgoa?

Jadanik hala da, guretako. Dokumentua egunkari ofizialean publikatu zuten, berrespen ofizialik gabe, FLNKS fronteak kontra eginik ere, orduan...

Zer da ondoko urratsa, beraz?

Ezin du ezta deskolonizazio prozesuaren ardura ere gainetik kendu, eta orduan Frantziak beharko du argiki jokatu. Ez dugu gure aurkarien hautatzeko luxurik: heldu direnak hartzen ditugu, eta aitzina egiten dugu behin kendu zitzaiguna gibel galdeginez; Frantziak horretan lagundu behar gaitu. Zeren Frantziako Estatua gure lurretara iritsi zelarik, bandera bat ezarri eta bere lurraldea balitz bezala aldarrikatu zuen, inperioaren izenean. Orduan, lehen-lehenik, eztabaidagaiak argikiago erran beharko ditugu. Demokrazia saldu nahi digute...

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.