Kazetaria

Elena Kostiutxenko: «Ezintasun sentipena zabaldu da Errusian, Putinek eraginda»

Kostiutxenkok ez ditu begi onez ikusi Europak ezarritako zigorrak, eraginik izan ez dutelakoan, eta uste du Errusiako ekonomiak baduela indarra beste hamar urtean gerran segitzeko.

Elena Kostiutxenko kazetaria. BERRIA
Elena Kostiutxenko kazetaria. BERRIA
Ricard Gonzalez.
2025eko abenduaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Elena Kostiutxenko errusiar kazetaria (1987) Ukrainara joan zen gerraren hasieran, gatazkaren berri emateko, eta geroztik ezin izan da etxera itzuli. Haren lanak zalantzan jarri zuen estatuaren bertsio ofiziala, eta lankideek ohartarazi zioten horrek kartzela zigor luzea ekarriko ziola. Lehen erbestealdian, Alemanian egon zen, baina ez zen segurua izan: Kostiutxenko hiltzen saiatu ziren, pozoia emanez. I love Russia: reporting from a lost country (Errusia maite dut: herrialde galdu batetik berri ematen) liburua kaleratu zuen duela bi urte. Hamar urtean baino gehiagoan idatzi dituen erreportajerik onenak bildu ditu bertan, denak ere Novaja Gazeta egunkari independente gaur egun itxian argitaratuak. Lan horretan, Errusiako gizartearen beste alde bat ageri da, Errusian idatzitako kroniketan normalean jasotzen ez dena: prostituten Errusia, Siberiako nazio autoktonoak eta LGTBI komunitatea, esaterako.

Zergatik jarri zenion izenburu hori liburuari?

Ondo bereizi behar dira beti Errusia eta Errusiako Estatua. Izenburu horren bitartez, esan nahi dut Errusiako herriaren parte naizela. Niretzat, Errusia nire parte bat da, besoak bezalaxe. Eta orain min ematen dit. Baina uste dut maitasunak gauzak eralda ditzakeela. Ez nuen sekula izan alde egiteko asmorik, eta espero dut aurki itzuli ahal izango naizela.

Zergatik da Errusia hain herrialde berezia?

Egia esateko, herriek eta kulturek dirudien baino antz handiagoa dute elkarrekin, nire ustez. Esate baterako, orain AEBetan bizi naiz, eta, herrialde horrek bide autoritarioa hartu duela ikusita, 2012ko edo 2013ko Errusia gogorarazten dit. Errusian, sistema faxista bat dugu, eta beste herrialde batzuk bezalaxe iritsi gara horretara: gobernua sentimendu batzuez baliatu da horretarako, erresuminaz, traumaz eta umiliazioaz besteak beste, eta hori izan da bidea. Ez da batere berezia izan. Pare bat kontu azpimarratu nahi nituzke: Errusian, erakundeek eta dinamikek beti dute beste toles bat, ezkutukoa; gainera, jendearen artean, auzokoen artean, senidetasunezko harremana sortzen da bizimodu maiz latz batean aurrera ateratzeko.

Mendebaldeak badaki Errusia zer-nolakoa den?

Urrutikoa sinplifikatu egiten da beti. Eta, batzuetan, Errusia Putin eta haren ingurukoak besterik ez balitz bezala jokatzen da. Maiz samar, ez ikusiarena egiten zaie batez besteko herritarraren nahiei, ilusioei, beldurrei, eta halakoak ere badira herrialdearen parte. Errusian propaganda egitura arrunt sendoa daukagu, eta, askotan, Mendebaldeko komunikabideek onartu egiten dute haren bertsioa, eta horixe zabaldu. Esate baterako, argitaratu zuten Putinek botoen %87 bilduta irabazi zituela azken hauteskundeak. Hori ez da egia. Ez zen egiazko hautaketarik izan. Esaten digute Putinek gobernatuak izatea dela gure patua, historian errusiarrok nahiago izan dugula lider sendo eta autoritario bat izan. Baina europarrek nahi duten hori bera nahi dute errusiar gehienek: bizimodu lasaia eta egokia izan.

Ehuneko zenbat errusiar ez daude gustura Kremlinekin?

Ez da erraza kalkulatzea, baina soziologia ikerlan independente batzuek zenbait datu interesgarri eman dituzte. Errusiarren %85ek gerra bukatzea nahi dute, eta %60k ez lukete ontzat joko senide batek armadan sartu nahi izatea. Gainera, %40k adierazi dute ez direla ausartzen zer pentsatzen duten esatera, errepresioaren beldur direlako, eta beste hainbestek esaten dute Ukrainako gerrari ez zitzaiola ekin behar. Datu horiek ez dira ikusten, ordea, errusiar askok uste baitute alfer-alferrik dela protesta egitea eta mobilizatzea. Ez zaie burutik pasatu ere egiten protestatzea. Halako ezintasun sentipena dago, Putinek eragindakoa. Ez daukagu geneetan halakorik.

«AEBetan bizi naiz, eta, herrialde horrek bide autoritarioa hartu duela ikusita, 2012ko edo 2013ko Errusia gogorarazten dit»

Oraindik badago kazetaritza independenterik Errusian?

Bai, badago-eta egia jakin nahi duen errusiarrik. Baina kazetaritza independentea egiten dutenek arriskuan jartzen dute bizia. Gehienek lan anonimoa egiten dute. Etxetik ateratzen diren aldiro, ez dakite itzuli ahal izango diren edo atxilotuko dituzten, jipoituko dituzten edo erailko dituzten. Ezin dute etorkizunerako planik egin, eta egun bakoitza azkena balitz bezala bizi behar dute. Honelako planak egin behar dituzte: bizilagunek nire etxeko giltzak eduki behar dituzte, itzuliko ez banintz ere nire maskotari jaten emateko.

Kremlinek bertsio batzuk eman ditu gerraren kausei buruz. Zure ustez, sinesgarria al da NATOk Ukrainan zabaldu nahi duela dioen bertsioa?

Nik uste dut hiriak bonbardatzeko justifikaziorik ez dagoela, NATOren hedapena ere ez dela horretarako arrazoia. Ukraina herrialde independentea da, eta badu nahi duena egiteko eskubidea. Bazeuden Ukrainan eragina izateko beste bitarteko batzuk, hala nola petrolio eta gas hornidura etetea. Putin ez zegoen gerra piztera behartua. Gerran hasi nahi zuelako hasi zen gerran, eta gizakien biziari baliorik ez diolako ematen. Gerrari ekiteko arrazoi nagusia zein izan zuen esan behar banu, Putinek historia liburuetan sartu nahi duela esango nuke. Zahartzen ari da, eta beldur da hil eta gero ez ote den ahanzturan galduko. Jauregiak, berebiziko diru pila eta botere guztia dituzunean, hilezkorra izatea baino ez zaizu falta.

Beste kontu bat ere gogoan izan behar da: Putinen ideologiak, faxismoak, hedatzeko joera izan du beti, beste herrialde batzuk indarrez konkistatzekoa. Faxismoak, nahitaez, ondorio bat dakar beti: gerra. Gerra hasi baino hilabete batzuk lehenago, erreportaje bat egin nuen ospitale psikiatriko batean, eta hango bizimodua ikaragarri gogorra zen. Kontzentrazio esparru bat ematen zuen. Orduantxe konturatu nintzen estatu faxista bihurtuta geundela.

«Mendebaldeak, luzaroan, ez zuen aintzat hartu Errusiak giza eskubideak urratzen zituela eta faxismorako bidean zela»

Mendebaldeak politika egokia egin du Errusiari begira?

Gauza asko gaizki egin dira. Mendebaldeak, luzaroan, ez zuen aintzat hartu Errusiak giza eskubideak urratzen zituela eta faxismorako bidean zela. Tarte horretan, Putini harrera beroa egiten zioten Mendebaldean. Seguru asko, Europako politikariek pentsatu zuten Putinek ez zuela kontuan hartzen herritar errusiarren bizia, baina bestela jokatuko zuela gainerako europarrekin. Txetxenian izandako krimenak, Txetxenian izandako hobi komunak, ordea, Ukrainan daude orain. Putinek berriz jokatu du berdin, aurrekoan ez baitzuen batere zigorrik izan.

Errusiari ezarritako zigorrei dagokienez, uste dut lagundu egin ziotela Putini, ez kalte egin. Esate baterako, Errusiara eta Errusiatik transferentziak egiteko bidea itxita, sistema gogoko ez duten errusiarrei asko zaildu zitzaien sare pribatu birtualen kostua ordaintzea; beraz, asko zaildu zitzaien Interneteko zentsurari ihes egitea eta nazioarteko komunikabideak jasotzea. Gainera, neurri horren ondorioz, egunkari independenteei zailagoa gertatu zaie finantzabidea lortzea. Azken batean, zigor horiek guztiek ez dute geldiarazi gerra, eta ez dute moteldu Errusiako ekonomia; aitzitik, badu indarra beste hamar urtez gerran segitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.