Espero bezala, Vladimir Putinek ez du begi onez ikusten Kievek eta Washingtonek Ukrainako gatazka konponbidean jartzeko adostutako hogei puntuko zirriborroa. Kremlineko buruak oraindik ez du horri buruzko adierazpen ofizialik egin, baina, Errusiako Kommersant egunkariak gaur kaleratu duenez, ez dio uko egin nahi Ukraina ekialdeko Donetsk eskualdea osorik kontrolatzeari. Beraz, Zelenskik azken egunetan plazaratutako asmoak baliogabetuko lituzke horrek.
Hogei puntu horietako batean jasotzen da Ukrainak tropak ateratzea Donetsken kontrolpean duen eremutik —%20 inguru—, lurralde desmilitarizatu horretan esparru ekonomiko berezi bat ezartzearen truke. Bide batez, puntu hori onartuz gero, nazioarteko tropak hedatuko lituzkete han. Errusiako presidentea ez dago ados. Kommersant-en Kremlinerako berriemaileak gaur kaleratu duenez, herrialdeko enpresari nagusiekin batzartu zen Putin Gabon gauean, eta Kievek eta Washingtonek planteatutakoaren berri eman zien. «Putinek adierazi zuen Errusia prest dagoela Anchoragen egindako kontzesioei eusteko. Beste modu batera esanda: 'Donbass gurea da'». Horren guztiaren harira, Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek egunero eman ohi duen prentsaurrekoan azaldu duenez, azken orduetan Juri Uxakov Putinen aholkulariak telefonoz hitz egin du AEBetako ordezkariekin, Putinek berak hala eskatuta.
Ikusi gehiago
Donbass eremuko bi eskualdeetako bat da Donetsk; Luhansk da bestea, eta Errusiak osorik dauka kontrolpean. Anchorageri erreferentzia egin dio, bestalde, Putin eta Donald Trump AEBetako presidentea Alaskako (AEB) hiri horretan batzartu baitziren abuztuaren 15ean; lehenak azken hilabetean esan izan duenez, Trumpek azaroaren 21ean planteatutako 28 puntuek Alaskan itundutakoan dute iturburua.
Lurraldetasun auziari dagokionez, orduko 21. puntuak zera zioen: «[...] Luhansk eta Donetsk Errusiako lurralde gisa aitortuak izango dira, eta desmilitarizatu egingo dituzte. Zaporizhia eta Kherson eskualdeak, berriz, armada bakoitzak kontrolatzen duen gunearen arabera banatuko lituzkete». Kommersant-ek gaur argitaratu duenez, Donbass alde batera utzita, Errusiak ez du baztertzen «partzialki» uko egitea okupatu dituen lurralde batzuei.
%79Zenbat errusiarrek duten konfiantza Putinengan, ehunekotan. Iritzi Publikoa fundazioak egindako inkesta baten arabera, errusiarren %79k konfiantza dute Vladimir Putin Errusiako presidentearengan. Uste dute estatuburu gisa «eraginkor» ari dela jokatzen. Asteazkenean beste inkesta bat argitaratu zuen Errusiako Iritzi Publikoa ikerketa zentroak: errusiarren erdiek (%55) nahi dute gerra 2026an bukatzea.
2022ko otsailean Ukrainako inbasioa hasi zuenean, Errusiak hilabete batzuk baino ez zituen behar izan Donetsken jada okupatua zuen eremua handitzeko, eta hala Kherson nola Zaporizhia eskualdeen bi heren ere konkistatzeko. Gainera, Kharkiv, Sumi, Mikolaiv eta Dnipropetrovsk eskualdeetan ere lur eremu batzuk hartu ditu azkeneko ia lau urteotan; guztira, Errusiak Ukrainaren %20 inguru dauka okupatuta —2014an Krimea anexionatu zuela ere aintzat hartuta—.
«Ideia onak»
Bien bitartean, Zelenski itxaropentsu mintzo da oraindik ere. Telegramen gaur esan duenez, Ukrainako eta AEBetako ordezkaritzek adostu dute Zelenskik berak eta Trumpek bilera bat egitea «laster». The Kyiv Post egunkariak gaur kaleratu duenez iturri ofizialak aipatuz, Kieven asmoa da igandean egitea, Floridan, AEBetan.
ERRUSIAKO oposizioko kide batek Gose greba hasi du
Sergei Udaltsov Errusiako oposizioko kideak gose greba hasi du gaur, giza eskubideen aldeko Memorial taldeak Telegramen jakinarazi duenez. Udaltsov da Ezkerren Frontea erakunde politikoaren liderretako bat, eta Moskuko auzitegi militar batek sei urteko espetxe zigorra ezarri zion atzo, 2024ko otsailean sare sozialetan idatzitako artikulu batean «terrorismoa justifikatzea» egotzita. Ordutik zegoen atxilotuta.
Udaltsovek esan du akusazioak ez duela zentzurik, Mediazona Errusiako hedabideak jaso duenez, eta jazartzen ari zaizkiola, Vladimir Putin Errusiako presidentearen kontra daudenak babesten dituelako. Errusiako Alderdi Komunistara afiliatuta dago Udaltsov, eta, 2012an Putinen kontra egindako protesten liderretako bat izan ondoren, bost urte igaro zituen espetxean.
Asteazkenean jakinarazi zuten zeintzuk diren Kievek eta Washingtonek adostutako hogei puntuak, eta, Zelenskik atzo gauean bideo batean esan zuenez, AEBetako ordezkari Jared Kuxnerrekin eta Steve Witkoffekin hitz egin zuen atzo bertan telefonoz, eta «detaile andana bat» izan zuten hizpide: «Ideia onak daude mahai gainean».