Ezkerra indartuta atera da Kolonbiako Legebiltzarreko bozetatik

Itun Historikoa alderdia izango da lehen indarra Senatuan, eta duela lau urte baino bost eserleku gehiago izango ditu. Uribismoa laugarren indarra izatetik bigarrena izatera igaro da goi ganberan.

Gustavo Petro Kolonbiako presidentea, botoa eman berritan. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE
Gustavo Petro Kolonbiako presidentea, botoa eman berritan. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko martxoaren 9a
16:24
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gustavo Petro Kolonbiako presidentearen Itun Historikoa koalizioa indartuta atera da legebiltzarreko bozetatik. Izan ere, atzo egin zituzten legebiltzarrerako bozak —Senatuak eta Ordezkarien Ganberak osatzen dute—, eta ezkerreko koalizioa nagusitu zen Senatuan, eta bigarren indarra izango da behe ganberan. Petro izan da Kolonbiak izan duen ezkerreko lehen presidentea, eta ezkerreko beste agintaldi bat egon daitekeela erakutsi dute boz horiek. Senatuan 4,4 milioi boto jaso zituen Itun Historikoa alderdiak; alegia, %22,7ko babesa jaso du. Zentro Demokratikoa eskuineko alderdia izan da alderdi bozkatuenen artean bigarrena. Kolonbiako presidente izandako Alvaro Uriberen (2002-2010) alderdiak %15,6ko babesa jaso du, hiru milioi boto inguru. Hala ere, Uribe Senatutik kanpo geldituko da —25. joan da alderdiaren Senaturako zerrendan, eta hamazazpi eserleku lortu ditu—.

Bereziki garrantzitsuak ziren atzo Kolonbian egin zituzten Senaturako eta Ordezkarien Ganberarako hauteskundeak. Izan ere, datorren maiatzaren 31n egingo dituzte herrialdeko presidente kargurako bozak, eta herrialdeko egoera politikoaren irudia osatzeko balio dezakete emaitzek. Bada, ezkerra indartuta atera da. 2022an lortu zituenak baino bost eserleku gehiago lortu zituen atzo. Ordezkarien Ganberan, berriz, eskuinaren olatuari eutsi zion, eta bigarren indarra izango da.

Uribismoaren itzulera izan da albiste nagusia. 2022ko bozetan nabarmen egin zuen behera Zentro Demokratikoa alderdiak: hemeretzi aulki izatetik hamahiru izatera igaro zen Senatuan, eta herrialdeko laugarren indarra izatera pasatu. Ordezkarien Ganberan, berriz, 32 eserlekutik hamabost izatera igaro zen. Oraingoan, berriz, duela lau urte baino lau eserleku gehiago lortu ditu Goi Ganberan, eta lehen indarra izango da Ordezkarien Ganberan.

Salbazio Nazionalaren Mugimendua alderdi ultrak, berriz, lehen aldiz lortu du Senatuan sartzea, ordezkaritza edukitzeko gutxieneko boto kopurua eskuratu baitu —Kolonbian boto guztien %3 behar du gutxienez alderdi batek ordezkaritza izateko—. Hala ere, senatari bakarra izango du.

VALENCIA, URIBISMOAREN HAUTAGAIA

Goi eta Behe Ganberetako ordezkariak aukeratzeaz gain, hiru kontsulta egin zituzten Kolonbian, bloke ideologiko bakoitzak maiatzeko hauteskundeetarako bere presidentegaia aukeratu zezan. Zentro Demokratikoaren hautagai Paloma Valencia gailendu zen eskuineko hautagaien artean. «Kontsultan argi gelditu da hautesleek ez dutela nahi klaseen arteko gorrotoan murgildutako herrialde bat. Petroren gobernuaren eldarniozko diskurtso ideologikoa atzean uzteko garaia da», esan zuen. Ezkerrean, Roy Barreras gailendu zen, Itun Historikoa koalizioko Ivan Cepedari ez baitzioten utzi parte hartzen. Hala ere, Cepeda da maiatzeko bozak irabazteko hautagai nagusia. Zentroko alderdien hautagaien artean, Claudia Lopezek jaso zuen boto gehien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA