Bozetan «hondamena» jasanagatik, Alemaniako Gobernuak ziurtatu du agintean segitzeko zilegitasuna duela

Ezkerrak irabazi ditu hauteskundeak Berlinen, eta eskuin muturrak Mecklenburg-Aurrepomeranian. Friedrich Merz kantzilerraren alderdiak bi eskualdeetan behera egin du nabarmen, eta lehen aldiz ordezkaritzarik gabe geratu da lander bateko parlamentuan.

Friedrich Merzen agerraldia gaur, CDUren Berlingo egoitzan. FILIP SINGER / EFE
Friedrich Merzen agerraldia gaur, CDUren Berlingo egoitzan. FILIP SINGER / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko irailaren 21a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Koalizioa ez da hautsi, eta Alemaniako Gobernua aurrera egiteko prest dago. CDU Batasun Kristau-Demokratak kolpea hartu zuen atzoko bozetan, «hondamena» Friedrich Merz kantzilerraren hitzetan. Ez du, baina, dimisioa emateko asmorik. Koalizio gobernuko beste bazkideak ere, SPD Alderdi Sozialdemokratak, nabarmen egin zuen behera atzoko bozetan. Halere, oraindik ere gobernuak erabakiak hartzeko zilegitasuna duela ziurtatu du gaur Sebastian Hille bozeramaileak. Hori bai, SPDk abisua bidali dio Merzi: koalizioa babesten jarraituko duela baieztatu du Lars Klingbeil sozialdemokraten buruak, baina «aldaketak beharrezkoak» direla gaineratu du. Geroago egin du agerraldia Merzek, eta eskerrak eman dizkio SPDri, koalizioan segitzea erabaki duelako: «Elkarrekin egingo diegu aurre gure herrialdeak dituen erronkei».

Kontserbadoreak eta sozialdemokratak izan ziren atzoko galtzaileak. Hiriburuan Die Linke ezkerreko alderdiak irabazi zuen lehen aldiz, botoen laurdenak jasota. CDUk, Merzen alderdiak, berriz, %18,8 eskuratu zituen. Mecklenburg-Aurrepomeranian AfD Alemaniarentzako Alternatiba eskuin muturrekoak irabazi du, botoen %37 lortuta, eta CDU hango parlamentutik kanpo geratuko da, ordezkaritza izateko beharrezkoa den botoen %5era ere iritsi ezin. Inoizko emaitza txarrenak izan ditu CDUk lander horretan, eta lehen aldiz geratuko da Alemaniako parlamentu batean ordezkaritzarik gabe.

Alemaniako Gobernuaren egoera zailaren erakusgarri izan dira azken bozak. Hilaren hasieran, Saxonia-Anhalt estatuko bozetan ere beherakada nabarmena izan zuen kantzilerraren alderdiak, eta AfD nagusitu zen. Orain, atzoko emaitzak ikusi ostean, hainbat alderditako ordezkariek —batez ere, AfDkoek eta Die Linkekoek— bazterrean geratzeko eta dimisioa emateko eskatu diote kantzilerrari. Merzek, ordea, ez duela kargua utziko esan zuen atzo emaitzen berri izan ondoren, Berlinen emandako prentsaurrekoan.

Kantzilerrak ziurtatu zuen aurrera eraman asmo dituen erreformek emaitzak onak emango dituztela, berehala nabarituko ez den arren: «Badakit aldaketa horiek ezjakintasuna sortzen dutela, eta horietako batzuen eragina ez dela segituan nabarituko. Baina horregatik ezin ditugu orain erabaki horiek atzeratu; erreformak egin behar dira».

Merzek aitortu zuen Mecklenburg-Aurrepomeraniako emaitzak «hondamena» izan direla CDUrentzat, eta azkenaldian Alemania «herrialde konplexu» bilakatu dela. Halere, haren hitzetan, herritarrek instituzioen gaineko konfiantza galtzearen errudunak «muturreko alderdiak dira, eskuinekoak zein ezkerrekoak».

Merzen koaliziokide Klingbeil sozialdemokratak ere gobernuak aurrera eraman nahi dituen erreformak defendatu ditu. Atzo aitortu zuen koalizio gobernuak ez duela lortu erreforma horiek sortutako onurak herritarrei helaraztea; atzo ARD telebista publikoan egindako adierazpenetan, azaldu zuen badirudiela «murrizketak» baino ez dituztela egin. Gaur, SPDko buruak gaineratu du azken bozetako emaitzei erreparatu behar zaiela, eta aldaketak egin behar direla. «Erreformak egin behar ditugu, baina horiek herritarren babesa eduki behar dute», adierazi du Berlinen egindako prentsaurrekoan.

Kolokan dago gobernua. Ikusteko dago azken emaitzen ostean sozialdemokratek noiz arte jarraitzen duten kontserbadoreei babesa ematen, baita CDUren barnean Merzen alde egiten jarraitzea erabakiko duten ere. Aurreko astean, kantzilerraren alderdiko zortzi landerretako presidenteek babesa adierazi zioten Merzi. Baina ikusteko dago noiz arte irauten duen horrek. Azken zundaketen arabera, Merzek ospe txarra du alemaniarren artean; herritarren %80 ez daude gustura haren agintaldiarekin; hamasei hilabete dira kantziler kargua hartu zuela.

Hori ikusita, Merzek erabaki du aste honetan ez dela New Yorkera joango. NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren urteroko bilkuran izatekoa zen —bihar hasiko da—, baina Alemanian geratuko da gobernuaren etorkizunarentzat erabakigarriak izan daitezkeen egunotan.

AfDk gobernatzea, zaila

1990ean Alemaniako Errepublika Demokratikoa desegin eta Alemania bateratu zenetik, lehen aldia da Berlingo bozetan ez dela CDU edo SPD nagusitu. Hain justu, SPDk Berlinen inoiz izandako emaitzarik txarrenak izan zituen atzo: botoen %12,1. Aldiz, ezkerrak 2023an lortutako botoak halako bi baino gehiago eskuratu zituen.

Zohran Mamdani New Yorkeko alkatearen ereduari jarraituz, Die Linkeren alkategai Elif Eralpek eskuragarritasuna jarri du eztabaidagaien erdigunean, eta sare sozialetan kanpaina arrakastatsu bat erabili du horretarako. Besteak beste, agindu du alokairuen prezioa mugatuko duela eta garraio publikoaren prezioak merkatuko dituela. Errefuxiatu turkiarren alaba da Eralp, eta, esan izan duenez, giza eskubideak defendatzeko asmoz egin zen abokatu.

Lehen aldiz, Die Linkeko alkate bat izan dezake Alemaniako hiriburuak. Horretarako, baina, beharrezkoa luke Berdeen —botoen %14,4— eta SPDren babesa.

Elif Erap Die Linkeko Berlingo alkatetzarako hautagaia, atzoko bozetako emaitzak ospatzen. CHRISTOPH RUTENKOLK / EFE
Elif Eralp Die Linkeren Berlingo alkatetzarako hautagaia, atzoko bozetako emaitzak ospatzen. CHRISTOPH RUTENKOLK / EFE

Berlinen baino errazagoa izango da koalizio hori osatzea Mecklenburg-Aurrepomeranian. Izan ere, litekeena da hiru alderdi horiek akordio bat egitea AfDri aurre egiteko asmoz. Hortaz, eskuin muturreko alderdiak zaila izango du herrialdearen ipar-ekialdeko lander horretan gobernatzea. Izan ere, AfDrekin aliantzak egiteko prest agertu den alderdi bakarra, BSW Bundnis Sahra Wagenknecht alderdia, eskualde horretako parlamentutik kanpo geratu da. Eta parlamentutik kanpo geratuko da Merzen alderdia ere. Behin betiko zenbaketak azken datuak baieztatzen baditu, CDUk botoen %4,9 lortu ditu.

SPDk agintzen du 1998tik estatu hartan. Atzo bigarren indarra izan zen —botoen %35 inguru lortuta—, eta haren atzetik geratu ziren Die Linke —%6,5— eta Berdeak —%5,6—. Hiru horien babesarekin osatu ahal izango dute AfDri agintea eskuratzea eragotz diezaioken gobernua. Leif-Erik Holm AfDren Mecklenburg-Aurrepomeraniareko hautagaiak berak ere aitortu du ez dutela gobernatzeko aukerarik. Gaur Berlinen emandako prentsaurreko batean, atzoko emaitzak goraipatu ditu, baina esan du litekeena dela SPDk, Die Linkek eta Berdeek akordioa egingo duela.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA