Ezkerreko alkatea izango dute Parisek, Marseillak eta Lyonek

Parisen, Emmanuel Gregoire sozialistak hartuko du Anne Hidalgo alderdikidearen kargua. Nizan, ultraeskuina nagusitu da.

Alderdi Sozialistaren Pariseko alkategai Emmanuel Gregoire, atzo, bigarren itzulian gailendu berritan. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Alderdi Sozialistaren Parisko alkategai Emmanuel Gregoire, atzo, bigarren itzulian gailendu berritan. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko martxoaren 23a
07:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ultraeskuinaren aurkako sokatiran eustea lortu du ezkerrak Frantziako herriko bozetako bigarren itzulian. RN Batasun Nazionala alderdi ultraeskuindarra alkatetza lortzeko lehian zegoen herrialdeko bost hiri handienetatik gutxienez bitan. Bada, ezkerra gailendu da Parisen, Marseillan eta Lyonen. Nizan, berriz, ultraeskuinak eskuratu du alkatetza, zentroko hautagaitzari irabazita.

Frantziako hiriburuan sozialistak nagusitu dira berriro ere. Anne Hidalgo orain arteko alkateak kargua utziko du hamabi urteren ostean, baina Emmanuel Gregoire alderdikideari emango dio aginte makila. PS Alderdi Sozialistako alkategaiak botoen %36 inguru lortu zituen lehen itzulian, eta buruan igaro zen bigarrenera. Bada, oraingoan, botoen erdien langa igarotzea lortu du. Hidalgok ezkerraren «garaipen handitzat» jo du emaitza bart, eta Gregoirek, berriz, esan du Parisko herritarrak «leialak» izan zaizkiola beren historiari. «Daukagun gauzarik preziatuena kendu nahi digu eskuinak: elkarrekin bizitzearen poza. Paris izango da eskuineko batasun horren kontrako erresistentziaren arima. Paris ez da ultraeskuinarena izango sekula», adierazi du bozak irabazi berritan.

LR Errepublikanoak eskuineko alderdiko Rachida Dati izan da bigarren Parisen, botoen %38 eskuratuta, Gregoirek baino 15 puntu inguru gutxiago. Sophia Chikirouk (LFI Frantzia Intsumisoa), berriz, botoen %8,9 besterik ez du lortu. Chikirouk eskua luzatu zion Gregoireri lehen itzulia amaitu berritan, itunak egin ahal izateko, baina Gregoirek ezezkoa eman zion. Horregatik igaro zen intsumisoen alkategaia bigarren itzulira, baina, beste herri batzuetan ez bezala, Parisen ondo atera zaie apustua sozialistei.

Frantziako hiriburuan bezalaxe, sozialistak gailendu dira Marseillan ere. Ultraeskuinaren gorakada nabarmena da hiri horretan —Frantziako hiri handienetan bigarrena da—, eta alderdi aurrerakoiek bat eginda lortu dute garaipena. Orain arte jarduneko alkate  aritu den Benoit Payan sozialista ultraeskuinaren alkategai Franck Allisiori nagusitu zaio. Intsumisoen ordezkari Sebastien Deloguk muzin egin zion bigarren itzulira igarotzeari, ultraeskuinak alkatetza ez lortzeko, eta sozialistek aukera probestu dute.

Lyonen, berriz, lehen itzulian berdinduta geratu ziren orain arteko alkate Gregory Doucet (Berdeak) eta Jean‑Michel Aulas eskuineko alkategaia. Bada, bigarren itzuliaren ostean, Doucetek jarraituko du alkate. Eskuinari aurre egiteko, intsumisoekin bat egitea erabaki zuten berdeek bigarren itzuliari begira, eta alkatetzari eustea lortu dute, inkestetan kontrakoa adierazten bazen ere. Botoen %54 inguru eskuratu ditu Doucetek.

Hala ere, ez da amestutako gaua izan Berdeentzat. 2020ko bozetan loraldi bat izan zuten —inoizko parte hartzerik txikiena izan zen orduko hauteskunde haietan, pandemia betean—, eta, sei urteren ostean, indarra galdu dute. Eta ez indarra bakarrik, baita Bordele, Estrasburgo, Poitiers eta Annecyko alkatetzak ere.

Nizan, ordea, lehen itzuliaren ostean espero zena bete, eta ultraeskuina gailendu da alkatetza lortzeko lehian.  Eric Ciotti RNko hautagaia alde handiz nagusitu zen lehen itzulian, botoen %43,5 lortuta, eta hamar puntu baino gehiagoren aldea atera zion Christian Estrosi (Horizons) orain arteko alkateari. Aldea txikiagoa izan zen bart —botoen %45 lortu ditu Ciottik, eta %39,5 Estrosik—, baina horrek ezer gutxirako balio izan dio ia hamarkada batez alkate izandakoari, Estrosiri alegia.

Alderdi Sozialistak Frantziako hamar herri populatuenetako seitan izango du alkatetza: Parisen, Marseillan, Nantesen, Montepellierren, Estrasburgon eta Lillen. Baina Pierre Jouvet PSko idazkari orokorrak Jean-Luc Melenchonen intsumisoen aurka egin du bart, eta esan haien erruz galdu dituela ezkerrak orain arte alkate sozialistak edo Berdeen alderdikoak izan dituzten zenbait herri. Esaterako, Clermont-Ferrand, Limoges, Poitiers eta Besançon. Oliver Faure PSko idazkari nagusiak ere intsumisoak kritikatu ditu, eta «gogoeta egiteko garaia» dela adierazi. Hala ere, azpimarratu du Alderdi Sozialista dela «Frantziako ezkerreko alderdi nagusia», eta zehaztu Frantziako presidentetzarako hauteskundeetara begira ari direla jada.

Hala ere, intsumisoekin egindako itunak ezinbestekoak izan dira Berdeek Lyonen eta sozialistek Nantesen irabaz dezaten. Lehia estua izan da bi hirietan, eta, datu ofizialen arabera, 3.000 boto ingururen aldearekin gailendu dira ezkerreko hautagaiak. 

Melenchonek luze eta zabal idatzi du bere blogean atzoko hauteskundeetako emaitzen gainean. Alde batetik, salatu du intsumisoen aurkako «deabrutze kanpaina bat» antolatu dela alderdiaren «izen ona» zikintzeko. Baina, era berean, adierazi du bere alderdia «indar baliagarria» dela, eta beste batzuk, berriz, «iparrorratzik gabeko oportunistak»: «Ezker tradizionalaren zerrenda asko erreskatatzera etorri gara. Ez dira gai bakarrik irabazteko, eta eskuinak desagerrarazteko bidean zeuzkan». Hala ere, zehaztu du batzuetan ondo atera dela, eta beste batzuetan, aldiz, ez dela nahikoa izan.

Frantziako ultraeskuinaren lider Marine Le Pen, berriz, pozik agertu da hauteskundeen emaitzak plazaratu berritan. Niza izango da ultren eskuetan egongo den hiri nagusia, eta, Marseillan gailentzea lortu ez duten arren, irabazi egin dute Carcasonan, Orangen eta Carpentrasen (Okzitania). Baita Castresen ere. Perpinya (Herrialde Katalanak), berriz, haien eskuetan zegoen jada, eta horrelaxe jarraituko du. «Gaurkoa garaipen handia da, eta Batasun Nazionalaren tokiko estrategia berresten du», idatzi du Le Penek X sare sozialean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!