Ezohiko baldintzetan abiatuko da kanpaina gaur gauerdian

Ezohiko baldintzetan egingo da kanpaina. Batetik, bozetara ez duelako Generalitateak deitu, Espainiako Gobernuak baizik, Kataluniaren autonomian esku hartuta; eta bestetik, prozesu subiranistaren bultzatzaileak auzipetuta daudelako. Horren ondorioz, hainbat hautagaik ezin izango dute kanpainan normaltasunez parte hartu.

Marta Rovira Junts Pel Sik parlamentuan duen bozeramaile eta ERCko kidea oholtzan, atzo, Tarragonako mitinean. TONI ALBIR, EFE
Berria
2017ko abenduaren 4a
11:44
Entzun

Alderdien mezuetan ere nabari da gaur hasiko den kanpainak izango duela bereizgarririk orain arte izan direnekin alderatuta. Indar independentisten iritziz, prozesu subiranista berresteko hauteskundeak izango dira abenduaren 21ekoak; alderdi unionisten esanetan, berriz, "normaltasunera" itzultzeko bozak. Ikusteko dago Katalunian independentzia erreferenduma bultzatu dutenek eta konstituzioaren 155. artikuluaren bidez prozesu subiranista eten nahi izan dutenek zenbateko babesa jasotzen duten. Haien burua batzuekin nahiz besteekin kokatzen ez duen Cantalunya en Comuk ere zer esana izan dezake emaitzen osteko agertoki politikoan.

Indar guztiak dagoeneko hauteskunde mezuak zabaltzen hasiak dira, Mariano Rajoy Espainiako presidenteak bozak iragarri zituenetik, baina zalantzarik ez da kanpainaren hasierarekin azkartu egingo dela hautagaitzen arteko lehia.

Hautagai guztiek ezin izango dute baldintza beretan parte hartu, ordea. Auzitegi Gorenak berretsi egin du Oriol Junqueras Kataluniako presidenteordea, Joquim Forn Barne kontseilaria, Jordi Sanchez ANCko buru ohia eta Jordi Cuixart Omniumeko presidentea bermerik gabe espetxeratzeko erabakia. Lehen hirurak hautagaiak dira. Horrez gain, Carles Puigdemont Kataluniako presidentea eta harekin batera Bruselan diren lau kontseilariak Belgikako justiziaren aurrean deklaratzen ari dira, Espainiako justiziak haien kontra aurkeztu duen euroagindua sahiesteko.

Independentzia prozesuak hankaz gora jarria dauka Kataluniako sistema politikoa 2012tik: alderdiak zatitu, desegin eta sortu dira. Abenduaren 21ean, Kataluniarako hiru ereduren eta Espainiarako lau ereduren artean hautatu behar dute hautesleek.

Kanpainak abenduaren 19ra arte iraungo du, hilaren 20an hausnarketa eguna izango da eta abenduaren 21ean bozkatuko dute kataluniarrek, ostegunarekin. Kataluniako estatutuak hiru hilabeteko epea ezartzen du parlamentuak presidente bat izendatu dezan, eta epe horretan adostasun nahikorik lortuko ez balitz, berriz deitu beharko litzateke hauteskundeetara.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.