Fukushima I zentralaren inguruko alarma nuklearrak bete-betean jarraitzen du, eta eztabaida nuklearra piztu da berriz mundu zabalean. Japoniako Gobernuak aitortu duenez, «seguru aski» zentral nuklear horretako sei erreaktoreetatik hirutan nukleoak urtu dira, hau da, erregai nuklearra hozteko ahaleginek huts egin eta erregaia egoera solidotik likidora igaro da beroaren ondorioz.
Japoniako Gobernuaren usteak beteko balira, nukleo osoa edo zati bat urtu izan balitz, euste ontzia litzateke isuria saihesteko babes nagusia, eta, hain zuzen ere, ontzi horien inguruan ari dira orain lanean, eraikina bere horretan mantentzeko. Altzairu eta betoiz egindako ontzi horiek lurrikaran kalterik izan ez zutela jakinarazi du Japoniako Gobernuak.
Erreaktoreen nukleoa urtuta isuri nuklear larria gertatzeko arriskua handitu arren, adituek uste dute, horrelakorik gertatuta ere, ezin dela parekatu Txernobilekin. Fernando Plazaola EHUko Fisika Aplikatuko katedradunak gogorarazi du kasu horretan zentrala lanean ari zela isuria gertatu zenean, eta Fukushimakoa, aldiz, duela lau egun gelditu zutela. Bide batez, Japoniako zentralek euste ontziak dituztela jakinarazi du; Txernobilen ez zegoen horrelakorik.
Fukushima I zentralean izandako leherketen inguruko informazioa nahasia da, batez ere, atzo izandakoaren inguruan. Japonian eguerdia zela hidrogeno leherketa bat gertatu zen hirugarren erreaktorean, lehen erreaktorean izandakoaren modukoa. Leherketak bertan lanean zeuden 11 pertsona zauritu zituen, eta isuri nuklearren alarma piztu zuen berriz. Ordea, leherketa «kimikoa, eta ez nuklearra» izan zela argitu du Energia Atomikoko Nazioarteko Erakundeak, eta euste ontzietan kalterik ez duela eragin gaineratu du.
Eztandarekin batera, bigarren erreaktorea arazo iturri bihurtu zen atzo. Lehen eta hirugarren erreaktoreekin gertatu bezala tenperatura behar baino gehiago igo zen eta itsasoko urarekin hoztu behar izan zuten, ohiko sistema tsunamiaren ondorioz hondatu baitzen. Hozte sistema horrek nukleoaren urtzea du helburu, batez ere. Gas isuri «kontrolatuak» egin behar izan dituzte azken egunotan istripu larriagoak saiheste aldera.
Zentral nuklearren egoeraren bilakaera argitu bitartean, berriz, zentralaren inguruan ezarritako hogei kilometroko segurtasun eremutik 184.670 bizilagun mugitu behar izan dituzte. Fukushima II zentralaren inguruan ere hamar kilometroko babes eremua ezarri dute, bertako arazoak txikiagoak diren arren.
Europa, bilakaeraren zain
Japoniako Gobernua egoera kontrolpean mantentzen saiatzen den bitartean, munduko herrialde askok krisi nuklear horren bilakaerari adi daude. Alemanian indarrean dauden zentral nuklearren biziraupena luzatzeko plana hiru hilabetez atzeratzea erabaki du Angela Merkelek. Alemaniako zentral nuklearrak seguruak direla nabarmendu zuen iragan larunbatean kantzilerrak; orain, ordea, batez beste zentralen biziraupena hamabi urtez luzatuko duen planari buruzko erabakia atzeratu du.
Suitzak, bitartean, behin-behinean utzi du bertan behera bost zentral nuklearren inguruan zegoen eztabaida. Gobernuak zentral berrietarako baimenak ez banatzeko erabakia hartu du, eta martxan daudenen segurtasuna aztertuko dutela jakinarazi du Suitzako Energia ministroak, Doris Leuthardek.
Austrian, berriz, energia nuklearraren aurkako jarrera argia duen herrialdean, Europako zentral guztien segurtasuna aztertzeko probak eskatu du Nikolaus Berlakovich Ingurumen ministroak. Frantzia, berriz, beste muturrean da. Europan erreaktore gehien dituen lurraldea bada ere, istripuei behar besteko garrantzia ez ematea leporatu dio Japoniako Gobernuari. Frantziako Segurtasun Nuklearreko Agintaritzaren arabera Fukushiman gertatutakoa Three Miles Islanden (Pensilvania, AEB) gertatutako istripu nuklearra baino larriagoa da, Txernobilen mailara heldu ez arren. AEBko istripua 5. mailan kokatu zuten istripu nuklearrak neurtzeko mailan. Japoniak 4. mailan kokatu du Fukushimakoa.
«Deuseztatzaileena»
Azken gertaerek denbora galdu behar ez dela erakusten dutela nabarmendu du Jose Luis Garciak. Greenpeaceko energia alorreko arduradunak uste du energia nuklearra gizakiaren «asmakizun deuseztatzaileena» dela, eta energia mota horrekin bukatzeko pausuak eman behar direla: «Japoniako gertakizunek energia nuklearraren indarra erakutsi dutela esatea tragikoa eta patetikoa da». Energia nuklearra ordezkatzeko nahikoa baliabide daudela azaldu du ere, eta eredu aldaketa ahal den azkarren egin behar duela gaineratu du, horretarako «borondate politikoa» baino ez delako behar.
Plazaolak zehaztu du, hala ere, ez dela komeni erabakiak une hauetan hartzea: «Eztabaida sakonari heldu aurretik gertaera nola bukatzen den ikusi behar da oraindik». Fukushima I zentralean gertatzen denaren arabera eztabaidak norabide ezberdinak har ditzakeela uste du. Hala, nukleoa urtu eta isuri toxikoa egonez gero energia mota hori «bertan behera» gelditu badaiteke ere, isuririk gertatzen ez bada industria nuklearrak bere burua berrindartuta ikusi dezakeela gaineratu du.
Gertatzen dena gertatzen dela, Fukushima I zentrala ez dutela berriz ere martxan jarriko zehaztu du, isuririk gertatzen ez bada ere, eta zentrala garbitzeko denbora luzea beharko dela.
Japonia. Lurrikara
Eztabaida nuklearra piztu da
«Seguru aski» hiru erreaktoreren nukleoak urtu direla aitortu du Japoniako Gobernuak; istripua larriagoa dela uste du FrantziakAlemaniako zentralen iraupena luzatzeko plana bertan behera utzi du Merkelek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu