Nigel Farage ultraeskuindarrak eserlekua berreskuratu du Komunen Ganberan

Erresuma Batuko Reform UK alderdi ultrako buruak botoen %63,3 jasota irabazi ditu hauteskunde partzialak. Emaitzek indartu egin dute haren lidergoa.

Nigel Farage, astelehenean emandako prentsaurreko batean, Londresen. ANDY RAIN / EFE
Iraia Leon Pego
2026ko abuztuaren 14a
16:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Reform UK Erresuma Batuko alderdi ultraeskuindarreko buruzagi Nigel Faragek eserlekua berreskuratu du Komunen Ganberan. Hauteskunde partzialak egin zituzten atzo Ingalaterrako Clacton barrutian, eta botoen %63,3 eskuratu ditu; parlamentuko eserlekua lortzeko lehian nagusitu da, hortaz. Londresek gaur goizean jakinarazi du emaitzen berri.  

Ezohikoak izan dira hauteskunde partzial horiek: buruzagi ultraeskuindarrak duela bi urte lortu zuen Komunen Ganberako eserlekua, baina uztailaren 7an uko egin zion parlamentari postuari, ustelkeria leporatu ziotela eta. Izan ere, parlamentuko etika komisarioak ikerketa bat hasi zuen akusazio horiek aztertzeko, eta Faragek salatu zuen herrialdeko alderdi nagusiek planifikatutako «lintxamendua» jasaten ari zela. 

Hala, Reformeko buruak eserlekua utzi zuen uztailean, baina xedea zera zuen: eserleku horretan zein eseriko zen aukeratzeko hauteskunde partzialetan berriro nagusitzea. Adierazi zuen Clactongo herritarrek epaitu behar ziotela jarduna, eta, hortaz, atzo egin zituzten bozetan erabakiko zela erruduna zen ala ez. Bada, utzitako postua berreskuratu zuen atzo. 

Faragek argudiatu duenez, zilegitasun politikoa berreskuratu du hautesleen babesa beste behin bildu eta gero, eta ustelkeria salaketak zokoratzeko aukeratzat dauka bozen biharamuna. Parlamentari karguari uko eginda, gainera, Komunen Ganberak behin-behinean eten zuen haren kontrako ikerketa; dena den, berriro ekingo diote ikerketari parlamentura itzultzean, datorren irailean. Gaur bertan eguneratu dute etika komisarioaren webgunea, eta Farageren kontrako espedientea «ikergai» gisa ageri da berriro ere.

Atzoko hauteskundeetako parte hartzea %44,4 izan zen, eta, guztira, 34 hautagaik hartu zuten parte —barruti horretan inoiz izan den kopururik handiena izan da—. Nolanahi ere, Erresuma Batuko alderdi nagusiek ez dute hautagairik aurkeztu, eta prozesua «iruzurra» izan dela salatu dute. Haien ustez, Faragek hauteskundeak baliatu ditu ustelkeria akusazioak atzean uzteko. Hortaz, Farageren aurkari nagusia Count Binface izan zen atzo —euskaraz, Zaborrontzi Kondea—, Jon Harvey komediagilearen alter ego-a —bozen %26,9 lortu ditu—.

Hauteskundeen emaitzek indartu egin dute Farageren lidergoa, bai alderdian, bai jarraitzaileen artean; eta eserlekua berreskuratzea lortu du, duela bi urte egindako hauteskunde orokorretan baino babes handiagoarekin: 17,6 puntu gehiago.

Emaitzak gaur goizean iragarri dituzten arren, Faragek atzo gauean ospatu zuen garaipena, jarraitzaileekin egindako festa batean. Bertan, ultraeskuindarrak salatu zuen «umilazio kanpaina» egin dutela haren kontra, eta azkenerako «herriaren babesak» epaitu duela.

Gaur goizean, Farage ez da joan botoen kontaketara, ezta haren alderdiaren ordezkari gehienak ere. Reform UK alderdiak azken egunotan argudiatu du «segurtasun kontuak» direla-eta erabaki dutela ez bertaratzea, eta, alderdiko bozeramaile baten arabera, tokiko Poliziak «liderraren aurkako mehatxu baten berri» eman die. Bertsio hori, ordea, zalantzan jarri dute: Poliziak atzo ohar baten bidez adierazi zuen hautagai bakar bati ere ez ziola gomendatu zenbaketara ez joatea, eta prest zutela «parte hartzaile guztien segurtasuna bermatzeko operazio sendoa».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA