Feijook hesituta, Sanchez gobernuaren jarduna defendatzera mugatu da

PPko presidentegaia azken agintaldiko eskandaluez baliatu da, eta estu hartu du Espainiako Gobernuko presidentea. Sanchezek gobernuak bultzatu nahi izan dituen erreformak blokeatzea leporatu dio.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentegaia, gaur, eztabaida hasi aurretik. JUANJO MARTIN / EFE
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea eta Alberto Nuñez Feijoo PPko presidentegaia, gaur, eztabaida hasi aurretik. JUANJO MARTIN / EFE
Aitor Garmendia
2026ko azaroaren 19a
23:58
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erasora irten da Alberto Nuñez Feijoo PP Alderdi Popularreko presidentegaia, eta golpeei eustera mugatu da Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea. Espainiako Gorteetarako bozen atarian, buruz buruko debatea egin dute presidentetzarako bi hautagai nagusiek. PSOE Alderdi Sozialistakoak hitz egiten ez ziola uzten leporatu dio behin eta berriz PPKoari. Feijooren erantzuna: «Eztabaidatzen ari gara».

Carles Puigdemont Kataluniako Generalitateko presidente ohiak eztabaida hasteko bidea eman dio Feijoori. Gaur El Mundo egunkarian argitaratutako elkarrizketa batean Puidemontek adierazi du Sanchezen «handinahiari» esker Espainia «garaitu» duela. Adierazpen horiekin hasi du PPkoak Sanchezen aurkako oldarraldia, eta jarraian azken agintaldiko eskandaluak atera ditu mahai gainera: ustelkeria kasuak, itzalaldia, Ceutako krisia eta, batez ere, Adamuz eta Urdako tren istripuak. «Ez zara presidente zintzoa», aurpegiratu dio.

Sanchezek aitortu du gobernuaren jarduna «ez dela perfektua izan», baina ziurtatu du Espainia «2018an baino hobe dagoela». Uneren batean urduriago agertu bada ere, eztabaidaren gehiengoan lasaitasunari eutsi dio presidenteak. PPri leporatu dio Vox alderdi ultraeskuindarrarekin batera agintzeko prest egotea, pribatizazioa bultzatzea zerbitzu publikoen kalterako, eta gobernuak bultzatutako erreformak blokeatzea, tartean, etxebizitzaren inguruko Maricarmen dekretua.

«Gure gobernuaren jarduna ez da perfektua izan, baina Espainia 2018an baino hobeto dago»

PEDRO SANCHEZ Espainiako Gobernuko presidentea

Etexbizitzaren gaia izan da landu duten lehena. Maricarmen Abascalen etxegabetzearen ondotik iritsitako protesta oldearen harira aurreratu zituen Sanchezek bozak azaroaren 29ra. Auzi hori politika egiteko erabiltzea leporatu dio PPko buruak: «Maricarmenen arazoa erabili zenuen hauteskundeak deitzeko». Gainera, Sanchezen agintaldian 276.000 etxegabetze egin direla esan du. Ondotik, eraikitzeak duen garrantzia azpimarratu du, eta zin egin milioi bat etxebizitza eraikiko dituela gobernura iritsiz gero.

Sanchezek, eraikitzeaz gainera, etxebitzaren arloa erregulatzea berebizikoa dela gehitu du, eta gobernuak ondutako etxebizitza legea aplikatzea autonomia erkidegoei ere badagokiela argitu. Feijook etengabe moztu du presidentea: «Orain errua autonomia erkidegoena da?». Sanchezek jakinarazi du bere agintaldian ere milioi bat etxebizitza eraiki dituztela. Eta berriz Feijoo: «Zuek edo autonomia erkidegoek?».

Ekonomiaren arloan, PSOEkoak gutxiengo soldata igotzen jarraituko duela agindu du. Eta Feijoori galdetu dio ea berak ere horren alde egingo duen edo patronalaren aurrean makurtuko den. PPkoak beste galdera batekin erantzun dio: «Zuk sindikatuak kontrolatzen dituzu? Oposizioaren kontrako greba orkor bat deitzea lortu duzulako diot». Azaroaren 11ko etxebizitzaren inguruko greba orokorraz ari zen.

Feijoo eta «kudeaketa»

Espainian behar dena «kudeaketa» dela esan du Feijook, eta horretarako aurrekontuak behar direla: «Demokraziako agintari bakarra izan zara legegintzaldi oso batean aurrekontuak onartzea lortu ez duena». Zin egin du, Moncloara iritsiz gero, 2027ko udaberrirako onartuko dituela urte horretako aurrekontuak, eta 2027a amaitzerako 2028koak. Gainera, behin eta berriz salatu du Sanchezek zergak igo dituela: «Horrela edonork gobernatzen du».

Sanchezek, kontrara, esan du klase ertain langileari zergak jaitsi dizkiotela, eta horretan jarraituko duela. Baina, bai, zergak igo dituela eta igotzen jarraitu nahi duela ere aitortu du, «aberatsei eta putre funtsei».

«Demokraziako agintari bakarra izan zara legegintzaldi oso batean aurrekontuak onartzea lortu ez duena» 

ALBERTO NUÑEZ FEIJOO PP Alderdi popularreko presidentegaia

Atzerri politikaren arloan, Ceutako krisiaz aritu da Feijoo, eta Marokoren menpe egotea leporatu dio presidenteari. Sanchez, bestalde, nazioarteko gatazkak gaitzestera mugatu da, eta ohartarazi du Feijook defenstaren arlora bideratuko duela BPG barne produktu gordinaren %5 —NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak eskatzen duen moduan—, eta horrek kalte egingo diela zerbitzu publikoei.

Azken inkesten arabera, bizpahiru punturen aldea aterako dio PPk PSOEri, eta Voxen babesarekin 175 diputaturen langa —gehiengoa— gaindituko luke Kongresuan.

Tentsioa agerian

Hauteskundeei begira, publiko guztietara iristeko ahaleginetan aritu dira alderdi politikoak. Sare sozialak jokaleku bilakatu dira, eta Espainiako presidentetzarako hautagai nagusiei elkarrizketak egin dizkiete entretenimendu saioetan, podcast arrakastatsuetan, baita prentsa arroseko aldizkarietan ere. Jada atzera kontaketa abian da, eta gaurkoa izan da Moncloara iristeko bi faboritoek egingo duten aurrez aurreko debate bakarra. Telebistaren Espainiako Akademiaren egoitzan egin dute, eta erakunde horretako zuzendari Maria Casdadok gidatu du.

Gaueko 22:00etan hasi da eztabaida. 2023ko debatean bizitakoa gogoan, Sanchez Feijooren erasoaldiari moderazioz eusten ahalegindu da, baina, azkenerako, PPkoak hesitu egin du presidentea. Debatea hasterako nabaria zen tentsioa, eta debateak iraun duen bitartean baino ez diote elkarri begiratu bi hautagaiek. Eztabaida hasi aurretik eta amaitu ostean begiradak ez gurutzatzen ahalegindu dira.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA