Europak errezeloarekin aztertu ditu Finlandiako igandeko hauteskundeetako emaitzak. Benetako Finlandiarrak eskuin muturreko alderdiak sekulako gorakada izan du, botoen %19 eskuratuta; hirugarren indarra da, eta gobernua eratzeko giltzarria izan daiteke. Emaitzen berri izan eta berehala, Timo Soini alderdiko buruak esan du Europan gauzak beste modu batera egiten hasi beharko dutela, eta besteak beste Portugaleko erreskatea berriz negoziatu beharko dutela ohartarazi.
Europako Batzordeak, berriz, Finlandiako Gobernuak erreskate funtsarekiko konpromisoa beteko duela espero du. Are gehiago, azaldu du igandeko bozen emaitzek ez dutela aldatzen erreskate plana.
EBk eta NDF Nazioarteko Diru Funtsak 80.000 milioi euroko laguntza adostu dute Portugalentzat. Apirilaren 8an erabaki zuten laguntzea EBko herrialdeek, Hungarian, baina ez zuten akordiorik sinatu. Hain justu, Financial Times egunkariaren arabera, Finlandiaren babesik gabe Lisboari laguntzeko beste plan bat prestatzen ari da EB, baina Bruselak ez du halakorik baieztatu.
Europarekiko mesfidantza
Kokoomus alderdi kontserbadorea izan zen igandeko garailea; 200dik 44 eserleku lortu zituen. Bigarren indarra SDP sozialdemokrata izan zen, 42 eserlekurekin. 39 aulki lortu zituen Timo Soiniren Benetako Finlandiarrak alderdiak. Inoizko igoerarik handiena izan dute eskuin muturrekoek oraingo honetan, botoen %4 izatetik %19 izateraino.
Europarekiko mesfidatiak dira Benetako Finlandiarrak. Diru batasunaren aurkakoak dira, eta Europako akordioei betoa jartzen ahaleginduko direla uste dute askok. Izan ere, kanpainan Portugalgo erreskateari betoa jarriko lioketela esan zuten. Bruselari gutxiago ordaintzearen aldekoak dira. Horrez gain, Soinik langileei eta nekazariei lagundu nahi diela adierazi du, baina askok xenofoboa dela diote.
Finlandiako eskuin muturrak Europa aldatzen hasteko unea dela uste du
Bozetan, hirugarren geratu da Benetako Finlandiarrak alderdia; giltzarria da gobernua osatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu