Fiskaltzak esan du Le Pen errudun jotzea eskatuko duela

Parisko Dei Auzitegiak fiskaltzak eskatutakoa onartzen badu, RNko burua ezingo da 2027ko presidentetza hauteskundeetara aurkeztu.

Marine Le Pen gaur, Parisko auzitegira iristen. YOAN VALAT / EFE
Marine Le Pen gaur, Parisko auzitegira iristen. YOAN VALAT / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko otsailaren 3a
14:59
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantziako fiskaltzak iragarri du Marine Le Pen Batasun Nazionaleko (RN) burua errudun jotzeko eskatuko duela. «Lehen auzialdiko erantzukizun penala erabat berresteko eskatuko dugu, eta, jakina, hautaezintasun zigorra ere eskatuko dugu», esan du Thierry Ramonatxo fiskalak: «Ez dago suspense faltsu bat disimulatzeko beharrik». Gaur 13:00etan hasi da saioa Parisko Dei Auzitegian, eta aurreikusi dute sei ordu inguru beharko dituztela Le Penen aldeak jarritako helegiteak banan-banan aztertzeko. Baina eskari handia egin dute jada fiskalek, eta, auzitegiak onartzen badu, RNko burua ezingo da 2027ko presidentetza hauteskundeetara aurkeztu.

Iazko martxoan, Parisko Zigor Auzitegiak erruduntzat jo zuen Le Pen, eta bost urteko inhabilitazioa ezarri zion, besteak beste. Hori jakin eta berehala, helegitea jarri zuen RNko buruak. Orain, kasua aztertzen ari dira berriro, Dei Auzitegian. Azken auzi saioa otsailaren 13an izango da, eta sententzia uda baino lehen ematea espero da.

Fiskalek zer eskatuko zuten jakin baino lehen, adierazpenak egin ditu Le Penek: «Auzitegi bat zapaltzen dudan aldiro, ez dut sorpresa atseginik espero», esan du, eta gaineratu erabakia bere esku ez dagoen arren «mirarietan» sinisten duela. Hala ere, baliteke fiskalek zigor leunagoak eskatzea zenbait arlotan, baina inhabilitaziorako eskaria bere horretan mantenduko dutela iragarri dute.

Le Pen 2027ko hauteskundeetara aurkeztu ahal izatea dago jokoan. Izan ere, aurkezteko asmoa dauka, baina, gaur-gaurkoz, inhabilitazioa du RNko buruak. Inhabilitazio politikoaz gain, lau urteko kartzela zigorra ere ezarri zioten, horietako bi gibelapenarekin, baita 100.000 euroko isuna ere. Le Penez gain, Batasun Nazionaleko beste 23 kide ere zigortu zituen epaitegiak. Horietako batzuk ere helegitea jarri zuten.

Funtsak desbideratzea

2004tik 2016ra bitartean Europako Parlamentuko funtsak desbideratzeagatik zigortu zuten Le Pen. Akusazioak jasotzen zuenez, alderdiko langileei ordaindu zien funts horiekin. Epaileek zehaztu zuten guztira 4,6 milioi desbideratu zituela berrogei kontraturen bidez; Europako Parlamentuak, aldiz, salatu zuen 6,8 milioi desbideratu zituela.

Epaia jakinarazi zenean, «erabaki politiko bat» izan zela salatu zuen Le Penek: «Lehen auzialdiko epaile batek boz presidentzialetarako hautagai nagusiaren alde bozkatzeko aukerarik gabe utzi ditu milioika frantziar», esan zuen, eta adierazi hori «erregimen autoritarioetan» baino ez zela gertatzen.

Dei auzitegiko epaiketan, aldiz, Le Penek ez du erasora jo, bere burua defendatzera baizik: «Delitua egin badut, ez nuen halakorik egiten ari nintzelako sentipenik». Argudiatu izan du eragiketa guztiak publikoak eta gardenak izan direla eta Europako Parlamentuak ez diola inoiz irregulartasun posibleen inguruan ohartarazi.

Auzitegiak jada aurreratu du kontratuen zigorra zertxobait leuntzeko intentzioa duela, eta kontratuen %30 ez dituela zigortuko. Hala ere, Frantziako hedabideetan zabaldutakoaren arabera, alderdi barruan ez dute esperantza handirik epaitegiak iazko martxoko erabakia askotxo aldatuko duenik. Eskuin muturrak argi du Le Pen ez badago Joan Bardella izango dela datorren urteko hauteskundeetako hautagaia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.