«Francoren kontra aritutako mairuen» historia kontatu gabea

Marc Almodovarrek eta Andreu Rosesek aurten argitaratutako liburu batek hizpide hartu du 1936ko gerrak zer eragin izan zuen herrialde arabiarretako giro tirabiratsuan.

(ID_14780662) RICARD. \'Moros contra Franco\' liburua
Marc Almodovar eta Andreu Roses liburuaren egileak ale bat eskuetan dutela, Bartzelonan. RICARD GONZALEZ.
Ricard Gonzalez.
Bartzelona
2025eko uztailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

1936ko gerra eta nazioartean izan zuen eragina hamaika ikuspegitatik aztertu dira jadaneko; hainbertzeraino, non ez baita erraza horri buruzko liburu bat argitaratu eta bertzelako ikuspegi bat eskaintzea. Marc Almodovar kazetariak eta Andreu Roses historialariak, ordea, lortu dute: Moros contra Franco: el antifascismo y la guerra civil española en el mundo árabe liburua plazaratu dute aurten (Mairuak Francoren kontra: antifaxismoa eta Espainiako gerra zibila herrialde arabiarretan), Espainiako Verso argitaletxean.

Liburua osatzeko, Almodovarrek eta Rosesek hamabi urte baino gehiago eman dituzte ikertzen, eta, bertzeak bertze, leku anitzetako artxiboetara jo dute, hala nola Alexandriakoetara, Tunisiakoetara, eta Moskukoetara ere bai. Bertzalde, egileek modua izan dute elkarrizketak egiteko Espainiako Errepublikaren alde borrokatu ziren arabiar ugariren senideei. «Gehien harritu gintuena eta kontatzeko interesgarriena iruditzen zitzaiguna zera zen, Espainiako gerra zibilak nola eragin zuen herrialde arabiarretako orduko eztabaida bizietan, giroa borborka ari baitzen mugimendu antikolonialak sortu zirenez gero. Zenbait lekutan, eztabaidak aberatsagoak ziren Europako herrialde batzuetakoak baino», kontatu du Rosesek, Bartzelonako kafetegi batean dela.

(ID_14780663) RICARD. \'Moros contra Franco\' liburua
Nazioarteko brigadisten talde bat, 1936ko gerraren garaian; beheko ilaran, erdian, Andre Diamant egiptoarra. MOROS CONTRA FRANCO.

«Erran ohi da nazionalismo arabiarra faxismoaren aldekoa zela, baina ez da hala. Egia da, izan zen halako adibide entzutetsuren bat, Jerusalemgo muftiarena tartean, baina mugimendu nazionalista gehienak Espainiako Errepublikaren alde jarri ziren. Eskualdean hamaika manifestazio eta elkartasun ekintza izan ziren Errepublikaren alde», nabarmendu du Almodovarrek. Liburuaren egileen erranetan, arabiar anitzi begiak ireki zitzaizkien ikusita Mussoliniren armadak zeinen konkista metodo bortitzak erabili zituen lehenbiziko Abisinian —egungo Etiopian— eta gero Libian, eta, hala, ohartu ziren faxismoa zer zen eta nola Mendebaldeko demokraziak baino are inperialistagoa zen.

«Erran ohi da nazionalismo arabiarra faxismoaren aldekoa zela, baina ez da hala»

MARC ALMODOVARLiburuaren egilea

Historiografia ofizialaren arabera, Nazioarteko Brigadetako kideen artean zazpiehun eta mila bitarte ziren herrialde arabiarretakoak. Liburuan ere kopuru horiek aipatu dituzte, kontaketa zalantzan paratu gabe. «Gure helburua ez zen bertze kontaketa bat egitea, bertzeak bertze hagitz zaila baita estimazio zehatzak egitea. Kontuan hartu behar da Brigadetako fitxetan badirela identitate faltsuak ere, eta brigadista batzuk ez zirela zuzenean sorterritik ailegatu, baizik eta metropolietatik, eta abar...», azaldu du Almodovarrek, eta, ondotik, zehaztapen bat egin nahi izan du liburuaren izenburuko mairu hitzaren inguruan: «Francoren mairuak hainbertze aipatu zituztenez, hitz hori hartzea erabaki genuen, probokazio txiki gisa, baina liburuak barne hartzen du gisa guzietako jendea, tartean direla Aljerian bizi ziren espainiarren komunitatea, Palestinako judu komunistak eta Pariserat immigratuak ziren aljeriarrak».

Gehienak, aljeriarrak

Liburua ataletan banatua dago, eta, oro har, bakoitza herrialde bati dagokio. Aljeriari buruzkoa da denetan luzeena, alde handiz. «Herrialde arabiarretako brigadistetatik gehienak aljeriarrak ziren. Askotariko arrazoien ondorio da hori. Hasteko, Aljer ekialdeko eta batez ere Orango espainiarren komunitatea hagitz handia zen, frantsesena baino handiagoa. Gerra piztu zelarik, bereizi egin ziren, eta mobilizatu», esplikatu du Rosesek, eta zera gehitu: «Gainera, Aljeria ez zenez protektoratua, baizik eta Frantziako probintzietako bertze bat, bertze leku batzuetan baino jende gehiagok migratu zuen metropolira. Eta horietako anitz politizatu egin ziren han, Parisen. Pentsa, lehenbiziko mugimendu independentista, Ipar Afrikako Izarra, Parisen sortu zen, Poliziaren errepresioa ez baitzen Aljerian bezain latza».

Marokori buruzkoa da atal nabarmenetako bertze bat. Lehendik ere jakina da Espainiak Maroko iparraldean zuen protektoratua erabakigarria izan zela 1936ko gerraren bilakaeran, baina liburuan zalantzan paratu dituzte horren inguruko uste zabaldu batzuk. «Francori ez zitzaion jende anitzek uste duen bezain erraza egin Maroko iparraldeko 60.000 boluntarioak errekrutatzea. Izan ere, mugimendu nazionalista antolatuetan, ideologikoki gehiago bat egiten zuten Espainiako Errepublikarekin faxismoarekin baino», erran du Almodovarrek.

(ID_17422171232455) RICARD. \'Moros contra Franco\' liburua
1936ko urriaren 24ko Estampa aldizkariaren azala. MOROS CONTRA FRANCO.

Liburuan bildu duten tesiaren arabera, altxamendu frankistaren aldekoak estrategikoki hagitzez abilago aritu ziren Maroko iparraldean, agintari errepublikanoak baino. «Errepublikak ez zuen ongi landu kolonien auzia, ezta gerra zibilaren aitzinetik ere, eta nazionalista anitzek zaputza hartu zuten horregatik, espero baitzuten independentziaren alde agertuko zela», erran du Rosesek, eta zehaztu Marokoko herritarrak frankisten aurka altxarazteko saiakerak ganora handirik gabeak izan zirela eta bete-betean porrot egin zutela hondarrean. Gainera, Frantzia ez zegoen horretan laguntzeko prest, beldur baitzen Espainiaren protektoratuan matxinada bat izanez gero halakoren bat piztuko zela beraren kolonian ere, Maroko erdialdean.

Eskualdearekin lotutako berezitasunak

Hala, Moros contra Franco saiakera historiko bat da, kazetaritza lan bat baino gehiago, eta 1936ko gerran ibilitako herrialde arabiarretako jendearen soslaiak ditu oinarri. Almodovarren hitzetan, «herrialde arabiarretako brigadisten historia pertsonalak eta motibazioak eta bertze eskualdeetakoenak» ez ziren «hagitz diferenteak», eta, beraz, ez zuten nahi liburuaren «ardatza» hori izatea. Halarik ere, herrialde arabiarretako brigadista batzuen historia pertsonalek badituzte eskualdearekin lotutako berezitasunak: konparazio batera, agintari kolonial batzuek erraztasunak eman zizkieten aktibista independentistei Espainiara bidaiatzeko, trabagarri baitzitzaizkien. Palestinako Alderdi Komunistak berdin jokatu zuen sionismoren kontrako politika babesten ez zuten horiekin.

«Errepublikak ez zuen ongi landu kolonien auzia, ezta gerra zibilaren aitzinetik ere»

ANDREU ROSESLiburuaren egilea

«Pertsonaia batzuk liluragarriak dira, hala nola Najati Sidqui kazetari palestinarra, zeina Internazional Komunistak Madrilera bidali baitzuen propaganda lanak egitera; Sail anarkista, eta Rabah Ossidhum aljeriarra, komandante ere izana. Baina, pertsonaiak baino gehiago, tramak biltzen ditu liburu honek, thriller baten gisara», bota du Rosesek irribarretsu, marketinerako amu on bat gogoratu zaiolako kontent beharbada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.