Frantzia Intsumisoa eta nazioarteko gatazkak, Frantziako sozialisten haustura iturri

Gaur hasiko ditu primarioak Frantziako Alderdi Sozialistak. Bost hautagai aurkeztu dira, baina bi dira faboritoak: Olivier Faure alderdiaren gaur egungo burua eta Raphael Glucksmann Place Publique taldearen hautagaia.

PSren primarioetarako bost hautagaiak iragan astean egindako debateetako batean. FRANCE TV
PSren primarioetarako bost hautagaiak iragan astean egindako debateetako batean. FRANCE TV
Beñat Mujika Telleria.
2026ko urriaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Presidentetzarako hauteskundeak egingo dituzte Frantzian apirilean, eta baliteke eskuin muturrak irabaztea. 2024ko legebiltzarreko bozetara ez bezala, zatituta aurkeztuko da ezkerra orain. PS Alderdi Sozialistak gaurtik urriaren 17ra bitartean aukeratuko du hauteskunde horietarako hautagaia, primarioen bidez —gaur eta bihar egingo dute lehen itzulia, eta urriaren 16an eta 17an bigarrena—. Bost hautagai lehiatuko dira pixkanaka itzaltzen ari den alderdia biziberritzeko asmoz. Helburua zera da: ezkerreko beste bi alderdiei tokia irabaztea; alegia, LFI Frantzia Intsumisoari eta EELV Europa Ekologia-Berdeei.

Hiru dira Alderdi Sozialistaren siglekin aurkeztuko diren hautagaiak: Olivier Faure alderdiaren gaur egungo burua, Jerome Guedj eta Segolene Royal. Azken hori bigarren aldiz aurkeztuko da alderdiaren buru izateko primarioetara. 2007an primarioak irabazi zituen, eta PSren hautagaia izan zen Frantziako presidentetzarako hauteskundeetan. Bigarren itzulira igaro zen, nahiz eta gero Nicolas Sarkozyk irabazi zuen Frantziako presidentetza (2007-2012). Raphael Glucksmann Europako Parlamentuko diputatua izango da PP Place Publiqueren hautagaia, eta Emmanuel Maurel GRS Ezker Errepublikano eta Sozialistarena. Glucksmann eta Faure dira faborito inkesta gehienetan.

Hein handi batean ideia askotan bat datozen arren, zenbait desberdintasun ere badituzte hautagaiek beren artean, eta argi ikusi da azken egunetan egin dituzten debateetan —telebistak eman ditu, zuzenean—. Neurri ekonomikoei dagokienez, antzeko neurriak plazaratu dituzte: soldatak igotzea, enpresentzako diru laguntzak kontrolatzea, eta energia enpresei zergak ezartzea. Hala ere, bi pitzadura handi antzeman ziren batasunean: nazioarteko politikan nola jardun behar duten eta Frantzia Intsumisoa alderdiarekin ituna egin edo ez. Dirudienez, bi alor horiek erabakiko dute nork irabaziko duen.

Nazioarteko politikari dagokionez, hariak bi mutur ditu: Ukrainako gerra eta Palestinako gatazka. Ukrainari dagokionez, bostak bat datoz ideia nagusian: Errusia mehatxu bat dela Europako Batasuneko estatuentzat. Hala ere, hemendik aurrera hartu beharreko neurriek eztabaida sortu dute hautagaien artean.

Glucksmann esparru militarrean egin beharreko inbertsioa areagotzearen aldekoa da, eta esan izan du «aurrerapauso bat» eman beharra dagoela aire bidezko segurtasunean. Faurek adierazi du Europaren etorkizuna «kontinentearen ekialdeko mugetan» erabakiko dela, eta Royalek, berriz, Errusiarekin hitz egiten jarraitzearen alde egin izan du. Haren esanetan, oreka bilatu beharra dago «defentsaren eta diplomaziaren artean». Maurel, berriz, Frantziako armada «modernizatzearen» aldekoa da, eta zibersegurtasunaren eta droneen alorrean jarri izan du arreta.

Gazako sarraskiari dagokionez, berriz, «gauza bakoitzari bere izenez deitu behar zaiola» adierazi dute Faurek eta Royalek, eta Israel Gazan egiten ari dena «genozidioa» dela nabarmendu izan dute. Gainera, Royalek Frantziako juduak jarri zituen jomugan; Israelen politiken aurka «ozen» egiteko eskatu zien. Glucksmann eta Guedj, berriz, terminologia horretatik aldentzearen aldekoak dira, eta zuhurtzia eskatzen dute. Oro har, eztabaida publikoetan ahotsa goratu gabe aritu dira bost hautagaiak, baina tentsioak gora egin izan du Gazaren gainean aritu direnean. Glucksmannek, esaterako, Royali erantzun zion Frantziako juduek ez daukatela zer ikusirik Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa egiten ari denarekin.

Sozialisten ezkerrari begira

Alderdi Sozialistaren ezkerrean dauden alderdiarekin zer egin. Besteak beste, horixe bozkatuko dute sozialistek primarioetan. Izan ere, Jean-Luc Melenchonen Frantzia Intsumisoa alderdia bolada gozoan dago, eta ezkerreko hautesle asko kendu dizkie sozialistei. Orain, zera erabaki beharko dute sozialistek: eskuin muturrari tokia irabazteko alderdi batzuekin ituna egiteko prest agertu, edo galdutako hautesleen konfiantza berreskuratu —kontuan izan behar da inkestek argi utzi dutela hautagai sozialdemokratek oso aukera gutxi dauzkatela Frantziako presidentetzarako hauteskundeetako lehen itzulian Melenchoni irabazteko—.

Sozialista guztien gustagarri ez izan arren, PSk zenbait aliantza egin ditu Frantzia Intsumisoa alderdiarekin azken urteetan. 2022an, esaterako, akordio nazionala egin zuten legebiltzarrerako bozetan, eta NUPES Herri Batasun Ekologiko eta Sozial Berria sortu zuten LFIk, PSk, EELVk, PCF Frantziako Alderdi Komunistak, eta beste alderdi txikiago batzuek —Frantziako Sozialisten Kontseilu Nazionalak onartu egin zuen, %62ko babesarekin—. Duela bi urte, berriz, beste aliantza bat egin zuten lau alderdi horiek, eta NFP Fronte Popular Berria koalizioa eratu zuten.

Bi faboritoek guztiz jarrera kontrajarriak dauzkate alor horretan. Glucksmannek argi dauka: Melenchon «ezin da» Frantziako presidente izan, «jende askok» pentsatzen baitu «oso arriskutsua» dela. «Argi eta garbi esan behar dugu: ez dugu aliantzarik egingo Frantzia Intsumisoa alderdiarekin presidentetzarako hauteskundeetan, ezta legebiltzarrerako bozetan ere». Faurek, berriz, ate guztiak ixtea kritikatu du. «Utzi alde batera Frantzia Intsumisoa alderdiarekin daukazun obsesioa, eta kontu egin eskuin muturrari, irabazteko aukerak baitituzte Bigarren Mundu Gerraz geroztik lehen aldiz».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA