Arnasa hartu du Sebastien Lecornu Frantziako lehen ministroak, eta baita, bide batez, Emmanuel Macron presidenteak ere, krisi politiko-instituzionala bideratu baitute, oraingoz. Asanblea Nazionalak ez ditu onartu gobernuburua kargugabetzeko gaur eztabaidatutako eta bozkatutako bi zentsura mozioak. 271 diputatuk egin dute LFI Frantzia Intsumisoa alderdiak planteatutakoaren alde, eta 144k babestu dute RN Batasun Nazionala eskuin muturrekoarena; ordea, 289 boto behar ziren Lecornu erorarazteko. «Orain, lanera!», esan die Lecornuk kazetariei, hemiziklotik atera denean.
Lecornuk Asanblea Nazionalean gaur esan duenez, ez da kargugabetzeetarako «garaia». Gainera, galdera erretoriko bat egin die diputatuei: «Ordena errepublikanoa nahi dugu Asanblea Nazionaleko debateetan, edo desordena?». Ezegonkortasunaren mamua haizatu du: «Eztabaidatzen hasten ez bagara, krisi politiko betean sartuko gara».
Neurri handi batean, PS Frantziako Alderdi Sozialistaren babesari esker jarraituko du Matignon jauregian. Asteartean, lehen ministroak jakinarazi zuen, Asanblea Nazionalean, erretretaren erreforma behin-behinean indargabetuko duela 2028ra arte, eta PSren lider Olivier Faurek txalo jo zion; modu horretan adierazi zuen, nolabait, ez zutela, gaur, hura erorarazten lagunduko. Dena den, sozialistek gobernuburuari ohartarazi diote zentsura mozioaren aurka bozkatzeak ez duela esan nahi «konpromisoa» hartzen dutenik hura babesten segitzeko. «Ez dugu konpromisoa hartzen zuen aurrekontu murriztailea eta bidegabea babesteko. Ez dugu ezertan amore emango, eta zalantzarik baduzu, gogoratu nahi dugu zer gertatu zen François Bayrourekin: hura azkarregi ilusionatu zen gurekin», nabarmendu du Laurent Baumel diputatuak, hitza hartu duenean, oroitaraziz Bayrou lehen ministroaren kargutik kentzea ez zutela babestu zentsura mozio batzuetan, baina irailean hura erorarazten lagundu zutela. «Kontzesio» gehiago eskatu dizkio Lecornuri. Eta 2026rako aurrekontuak aipatuta, asanblean datorren astean hastekoak dira horietaz hizketan; izan ere, beranduenez abenduaren 31rako jarri behar baitituzte indarrean.
Eta asanblearen ezkerreko blokean berriro sortutako hausturaren ondorioak arintze aldera, Baumelek esan du «guztiz» ulertzen duela ezkerreko beste alderdiek —LFI Frantzia Intsumisoak, PCF Frantziako Alderdi Komunistak eta Berdeek— hartutako erabakia; hau da, Lecornu erorarazten saiatzea, iazko abenduan Michel Barnier kontserbadorearekin eta irail hasieran Bayrou zentro-eskuinekoarekin egin bezala. Frantzia Intsumisoak, hain zuzen, PSren erabakia kritikatu du. Manuel Bompard koordinatzailearen arabera, PSkoak beren burua engainatzen ari dira. LR Errepublikanoak alderdi kontserbadoreak ere mozioaren kontra bozkatu du.
Mathilde Panot LFIren diputatuak deitu du gobernu berriak planteatutako «aurrekontu krudelen kontra borrokatzera». Osoko bilkura bukatu ondoren kazetariei adierazi dienez, gogoan dituzte gobernuak planteatutako «politika krudelak» nozituko dituztenak. Bide batez, Macron jopuntuan jarri du, eta ohartarazpen bat egin dio: hura kargugabetzeko mozio bat aurkeztuko dutela. «Gobernuak samurra izan nahi du aberatsekin, eta gogorra herriarekin», laburtu du. 100 milioi euro baino gehiagoko ondarea dutenei %2ko zerga ezartzea proposatu du azken orduetan PSk, eta kalkulatu modu horretan 15.000 milioi euro inguru bildu ahal izango lituzkeela estatuak.
Dufau, zentsuraren alde
Gaurko bozketak egin aurretik, PSren zuzendaritzan urduri zeuden, aurreko orduetan diputatu batzuek —gutxienez lauk— azpimarratu baitzuten ez zutela argi zer egin; hau da, ez ziotela uko egiten alderdiaren barne diziplina hausteari eta zentsura mozioa babesteari. Azkenean, PSren talde parlamentarioko 69 diputatuetatik zazpik babestu dute LFIren zentsura mozioa; besteak beste, Peio Dufau EH Baiko diputatuak.
60,7Erretiratzeko batez besteko adina Frantziako Estatuan. OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko kide diren estatuetan, erretiratzeko batez besteko adina 64,4 urte da; Frantziako Estatuan, berriz, 60,7 urte. 2023an, gobernuak dekretuz onartu zuen erretretaren erreforma, eta asmo zuen erretiroa hartzeko adina 62 urtetik 64 urtera atzeratzea. François Mitterrand PSkoa 1981etik 1995era izan zen presidente, eta 1982an hark aurreratu zuten erretiratzeko adina 65etik 60ra.
RNko presidente Jordan Bardellak azpimarratu du, bestalde, kontra bozkatu duten guztiak izango direla herrialdearen «etorkizuneko sufrikarioaren» erantzule. Aurka bozkatu duten alderdiak kritikatu ditu sare sozialetan idatzitako mezu batean, iruditzen baitzaio beren aulkiak salbatzera jo dutela, «interes nazionala» baztertuta. Asanblean diputatu gehien duen alderdia da: 123.
Krisi politikoari dagokionez, beraz, Frantziak nolabait arnasa hartu du tarte batez, baina kontuan hartu behar da finantza egoera zailean dagoela estatua. Batetik, Eurostaten datuak hor daude: 3,35 bilioi euroko zor publikoa zeukan Frantziak, bere barne produktu gordinaren %114,1; EBko herrialdeen artean, soilik Greziak (%153) eta Italiak (%138) dute handiagoa. Bestetik, defizit publikoaren aldagaia dago. EB Europako Batasunak eskatzen die estatu kideei defizit publikoa norberaren barne produktu gordinaren %3tik beherakoa izan dadila, eta Frantziak %5,4ko portzentajearekin bukatuko du urtea. Lecornuk helburu du 2026an %4,7koa izatea, eta 2029an talde komunitarioak eskatutakoa.