FRANTZIAKO ISTILUAK. Azken egunotako liskarrak beste departamendu batzuetara zabaldu dira

Parisko departamenduko hainbat udalerritan bostehun auto baino gehiago erre dituzte

ERREDAKZIOA
2005eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Parisko departamentuan iragan astean bi gazteren heriotzaren ondotik jatorriz maliarra bata eta tunisiarra bestea sortu ziren istiluak Frantziako beste zenbait departamendutara zabaldu ziren atzo. Bouches-du-Rhone hego-ekialdea, Cote-d'Or ekialdea eta Seine-Maritime ipar-mendebaldean eskualdeetan liskarrak izan ziren goizaldean. Poliziak emandako informazioaren arabera, orotara 519 auto erre zituzten gazteek. Seine-Saint-Denisen izan ziren istilu gogorrenak. Departamendu horretako hainbat udalerritan berrehun auto baino gehiago erre zituzten. Poliziak 78 pertsona atxilotu zituen orotara. Udalerri horietan guztietan etorkinak bizi dira nagusiki eta, soziologoen arabera, bazterketa sozialak eragin ditu egunotako liskarrak. Hiriburuko hainbat auzotan ere istilu txikiak izan zirela eman zuten aditzera hainbat informazio iturrik.

Zortzigarren egunez jarraian, beraz, istilu gogorrak izan ziren atzo goizaldean hainbat udalerritan. Autoez gain, eraikin publikoak eskolak eta kultur etxeak barne, enpresa pribatuak, biltegiak eta supermerkatuak dira erasoen jomuga. Bobignyko prefekturan gauean ez eta iluntzean izan ziren liskarrak. Merkataritzagune batetik gertu hainbat auto erre zituzten.Justizia Ministerioak jakinarazi zuen azken zortzi egunotan epailearen aurrera 42 pertsona, tartean hamazazpi adingabe, eraman dituztela. Hainbat gazteri kartzela zigorra ezarri diete eta beste asko epaiketaren zain daude atxilotuta.Agintariak gero eta ahalegin gehiago egiten ari dira egoerari konponbide azkarra bilatzeko asmoz. Dominique de Villepin lehen ministroa hamabost gazterekin bildu zen bizi dituzten arazoen berri izan eta irtenbideak bilatzeko. Immigrazioaz, langabeziaz eta pobreziaz mintzatu ziren. Gobernuak hilabetea amaitu baino lehen arazo horiei aurre egiteko plan bat jarri nahi du martxan. Nicolas Sarkozy Barne ministroarekin bildu zen aurretik Villepin. Sarkozyk arazoa konpontzeko denbora beharko dela esan zuen duela hogeita hamar urte sortutakoa delako. Adierazpen horiekin azken egunotako jarrera gogorra arindu zuen ministroak.

Alkateak, kezkatuta

Seine-Saint-Denisko alkateek lasaitasunerako deia egin zuten. «Ekintza bandalikoek, autoak erretzea barne, bertan behera gelditu behar dute». Gobernuaren behin-behineko plana baztertu eta jatorrira joan eta programa iraunkorrak martxan jartzeko eskatu zieten agintariei.

Zortzi egun liskarretan



Urriak 27: Clichy-sous-Bois udalerrian istiluak hasi ziren bi gazte elektrokutatuta hil ondoren. Poliziarengandik ihesi ari ziren Bouna Traore (15) eta Zyed Benna (17). 200 gazte kalera atera eta 15 auto erre zituzten.
Urriak 28: Chene-Pointu udalerrian liskarrak izan ziren gazteen eta polizien artean. Zazpi polizia zauritu ziren. Gazteek hogeita hamar auto erre zituzten.

Urriak 29: Hildako bi gazteen aldeko manifestazioa egin zuten, isilean, 500 gaztek.

Urriak 30: Nicolas Sarkozy Barne ministroak ukatu egin zuen poliziek gazteak jazartzen dituztela, eta zero tolerantzia iragarri zuen. Clichy, Montfermeil eta La Forestiere udalerrietara zabaldu ziren istiluak. Poliziak erabili ohi duen granada mota bat meskita batean leherrarazi zuten. Sei polizia zauritu ziren eta hamaika pertsona atxilotu zituzten.

Urriak 31: Sarkozyrekin biltzeari uko egin zioten biktimen senideek. Dominique de Villepin lehen ministroarekin biltzea eskatu zuten. Poliziak 400 agente zabaldu eta egoera kontrolpean zuela esan zuen.

Azaroak 1: Villepinekin eta Sarkozyrekin bildu ziren senideak. Bi gazteen heriotza ikertzeko hitza eman zuen lehen ministroak. Seine-et-Marne, Yvelines eta Val-d'Oise departamenduetan istiluak izan ziren. Hirurogei auto erre zituzten. Poliziak hamabi gazte atxilotu zituen.

Azaroak 2: Jacques Chirac presidenteak lasaitasunerako eta legeak errespetatzeko deia egin zuen. Ekintza plan bat jarri zuten abian. Atxilotu batzuei hamar hilabete arteko kartzela zigorra jarri zieten epaiketa azkarren bidez. Hainbat eraikin publiko eta pribaturi su eman zieten. Polizia eta suhiltzaileen kontra lau tiro bota zituzten. Paris kanpoaldeko hogei udalerritan 315 auto erre zituzten. Poliziak 41 gazte atxilotu zituen.

Azaroak 3: Konponbidea bilatzeko asmoz, bilera egin zuen hainbat udal agintarirekin Villepinek. Biktimen senideek salaketa jarri zuten. Gazteek 400 auto eta hogeita zazpi autobus erre zituzten. Dijon, Bouches-du-Rhone, Cote-d'Or eta Seine-Maritime departamenduetara zabaldu ziren istiluak.

Azaroak 4: Poliziak 78 pertsona atxilotu zituen, eta gazteek 519 auto erre zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.