Fukushima, Txernobylen pare

Japoniako Segurtasun Nuklearrerako Agentziak 7. mailara igo du zentral nuklearraren larritasuna, mailarik goreneraJaponiako isuriek Ukrainako ezbeharra gaindi dezakete, Tepcoren ustez

Txernobyldik gertu dagoen Pripyat herriko eskola batean umeek erabilitako gas maskarak. BERRIA.
Jon Fernandez.
2011ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Fukushimako zentral nuklearraren larritasun egoera Txernobylgo (Ukraina) hondamendiak 1986an izan zuenaren maila berera iritsi dela aitortu du Japoniako Gobernuak. NISA Japoniako Segurtasun Nuklearrerako Agentziak zentral nuklearreko istripuaren larritasun egoera 5. mailatik 7.era igo du. INES Istripu Nuklearren Nazioarteko Eskalako mailarik altuena da, eta, atzora arte, Txernobylgo istripu nuklearra baino ez zen iritsi mailarik gorenera. Hala ere, bi hondamendiei larritasun maila bera eman arren, kasu «guztiz ezberdinak» direla nabarmendu dute IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak eta NISAk, Fukushimak orain arte airera isuri duen erradiazioa Txernobylen isuritakoaren %10 baino ez dela esanez.

Zentral nuklear batek atmosferara hamarnaka mila iodo 131 terabecquerel baino gehiago isurtzen dituenean iristen da istripuaren larritasun egoera zazpigarren mailara. Erradioaktibitatearen neurgailua da bequerela, eta bere unitate bakoitzak segundo batean gertatzen den desintegrazio atomiko bakoitza adierazten du. Metro kubo bakoitzean segundoko 24 atomo desintegratzea da ohiko kopurua, hau da, 24 bequerel. Fukushimako 1, 2 eta 3 erreaktoreek airera isuri duten erradiazio kopurua 370.000 eta 630.000 terabecquerel artekoa da. NISAren neurketa horrek, gainera, ez du kontuan hartzen lurraren eta itsasoaren erradiazioa maila.

Bigarren erreaktoreak isuri du erradiazio gehien, gobernuaren ustez. Erreaktore horren oinarrian dagoen ezabatze ganbera martxoaren 15ean hondatu zen hidrogenoak eragindako leherketa baten ondorioz. Martxoaren 15 eta 16 bitartean, hain zuzen ere, gora egin zuen bat-batean erradiazioak Fukushima inguruan. Hala ere, gobernuak hilaren 18ra arte itxaron zuen istripuaren larritasun maila 4tik 5era igotzeko.

Greenpeacek gobernuaren erabakia «zoritxarrez berandu» iritsi dela salatu du; haren ustez, larritasun maila gorena ezartzeko moduko isuria baitzegoen dagoeneko istripuaren lehen egunetan. Naoto Kan Japoniako lehen ministroak ukatu egin du berariaz atzeratu izana larritasun maila igotzeko data. Japoniako Segurtasun Nuklearrerako Agentziaren «datu zientifikoen» zain egon direla adierazi du. Dena dela, Kanen arabera, «isuriak gutxitu egin dira, oraindik baikortasunerako tarterik ez badago ere».

Antzekoa, baina ez berdina

Egoeraren muturreko larritasuna ikusita, Yukio Edano Gobernuko bozeramaileak barkamena eskatu die «Fukushimako biztanleei, Japoniako herritarrei eta nazioarte osoari» martxoaren 11ko tsunamiak sortutako hondamendi nuklearragatik. Hala ere, isuri erradioaktiboa gutxituz doala dio Edanok. Orain, orduko terabequerel bat isurtzen du; hau da, bilioi bat bequerel.

Larritasunaren mailarik gorenera iritsi diren bi istripu bakarrak Txernobylgoa eta Fukushimakoa dira, baina bai IAEAk eta bai Hidehiko Nishiyama NISAren eledunak «bien arteko aldeak» nabarmendu dituzte.

Lehenik, Nishiyamaren hitzetan, «Fukushiman ez da inor hil erradiazioaren eraginez, eta Txernobylen 30 lagun hil ziren zuzeneko erradiazioagatik»; gainera, «Ukrainako erreaktorea lehertu egin zen, eta Japonian ez da horrelakorik gertatu». Bigarrenik, Fukushimako nukleoak ez daudela guztiz suntsituta esan du, nahiz eta gordetegietan isuriak egon daitezkeela onartu. Hirugarrenik, Txernobylgo erreaktorearen eztanda martxan ari zela gertatu zela aipatu du, eta Fukushimako erreaktoreak lurrikararen ostean automatikoki itzali zirela. Azkenik, erradiazioa handia izan arren langileek erreaktoreak hozteko eta kontrolatzeko lanean segitzeko modukoa dela nabarmendu du.

Nolanahi ere, inork ez daki noiz berreskuratu ahal izango duten zentral nuklearraren kontrola, eta, zalantza hori dela eta, Tepco enpresa kudeatzaileak onartu du etorkizunean Fukushimako isuri erradioaktiboek Txernobylgo hondamendia gaindi dezaketela.

Bitartean, lurrak dardarka jarraitzen du Japonian. 6,3 graduko lurrikara izan zuten atzo Fukushima eta Ibaraki prefekturetan. Tepcok zentral nuklearreko langile guztiak atera zituen eraikinetik, eta, lehen azterketaren ostean, erreaktoreen hozte sistemek egoki funtzionatzen dutela baieztatu dute. Hala ere, laugarren erreaktorean sua piztu zen itsasora duen irteeran. Segituan itzali zuten sua, eta erradioaktibitate mailan ez duela inolako eraginik izan esan zuen Tepcok.

Herrialdea berreraikitzea

Dagoeneko onartutakoa baino erradiazio maila handiagoa aurkitu dute zentral nuklearretik 60 kilometrora, ipar-ekialdean, eta 40 kilometrora, hego-mendebaldean, eta gobernuak hogei kilometroko erradiotik kanpoko udalerri batzuk hustuko dituela iragarri du. Oraingoz, 13.228 hildako eta 14.529 desagertu utzi dute lurrikarak eta tsunamiak, eta, hilabeteren buruan, inoizko hondamendi nuklearrik handienaren mamuarekin segitzen dute japoniarrek. Lehen ministroak «berreraikuntzarekin hasteko ahalegina» eskatu die herritarrei, eta, horretarako, II. Mundu Gerra amaitu osteko esperientziaz gogoratzea eskatu du. Alabaina, mehatxu nuklearra ez da oraindik amaitu, eta nekeza izango da herrialdea beste hondamendi baten mehatxupean berreraikitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.