JAPONIA

Fukushimako ur kutsatua itsasora isurtzea babestu du NBEk

IAEAk kaleratutako txostenaren arabera, Japoniako Gobernuak hartutako neurriek «bat egiten dute nazioarteko segurtasun estandarrekin». Tokio uda honetan da hastekoa ura isurtzen.

Fukushimako zentral nuklearra (Japonia), aurtengo otsailean. EFE
Igor Susaeta.
2023ko uztailaren 4a
12:25
Entzun

Fukushimako zentral nuklearreko ur kutsatuak itsasora isurtzeko Japoniako Gobernuak ondutako plana babestu du IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Erakundeak. NBE Nazio Batuen Erakundearen agentzia horrek bi urtez aztertu du Tokioren proposamena, eta, gaur plazaratutako txostenean Rafael Grossi zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, Asiako herrialdeak hartutako neurriek «bat egiten dute nazioarteko segurtasun estandarrekin».

Zentraleko biltegietan dago Ozeano Barera isurtzekoak diren ura, eta, azken urteetan, Tokiok 2019an egindako iragarpenak ekarri du Japoniako arrantza sektorearen eta Txinaren zein Hego Korearen haserrea —plana indargabetzeko eskatu dio Pekinek gaur Tokiori—, besteak beste. Kezka adierazi izan dute isurketak ingurumenean eta giza osasunean eragin ditzakeen kalteen inguruan. Baina IAEAk azaldu du «apurka-apurka eta era kontrolatuan» egingo diren tona litroen isurketek «inpaktu erradiologiko hutsala» izango dutela ingurumenean eta giza osasunean.

IAEAko burua bidaia ofiziala egiten ari da Japonian. Atzo iritsi zen, eta ostiralera arte da han egotekoa. Hain zuzen, Fumio Kishida herrialdeko lehen ministroarekin bildu eta gero eman dute txostenaren berri, eta Kishidak berak batzarraren ondoren egin duen agerraldian azpimarratu nahi izan du ez dutela ahalbidetuko ingurumena eta «mundu guztiko pertsonen osasuna» arriskuan jar dezakeen isurketarik. Uda honetan dira isurketa horiekin hastekoak.

Hondakin erradioaktiboz kutsatuta dago zentraleko ura, erabili izan baitute bai erreaktoreak hozteko, bai instalazio nuklearren barruan iragazteko. Zentraleko edukiontzietan 1,29 milioi metro kubiko inguru daude pilatuta. 2011ko martxoaren 11n gertatutako lurrikarak eta tsunamiak bete-betean jo zuten instalazioa.

Pilatutako ur hori prozesatze sistema batekin ari dira tratatzen, eta, Japoniako Gobernuaren arabera, arriskutsuak izan daitezkeen material erradioaktiboak deuseztatzen ditu. Tritioa, ordea, ez: hidrogenoaren isotopo bat da, eta ez dute jotzen estrontzioa edo plutonioa bezain arriskutsutzat. Tokiok eta Tepco konpainiak, zentralaren jabeak, ura itsasoratzeko erabakia hartu zuten, argudiatuta ez zutela ura biltegiratzen jarraitzeko tokirik.

'El Niño'-k ekarriko duena

Zazpi urteren ostean aurrenekoz, El Niño klima fenomenoa sortzen duten baldintzak detektatu dituzte Ozeano Barean, eta Munduko Meteorologia Agentziak ohartarazi du horrek ziurrenik «bero muturrekoagoa» eragingo duela munduko toki askotan. NBEren agentzia horrek zehaztu duenez, batez ere datozen hiru hilabeteetan igoko dira tenperaturak, baina igoera horrek urte bukaerara arte eutsiko dio.

Azken aldiz 2016an izendatu zuten Ozeano Barean itsaslaster beroa sortzen duen klima fenomenoa, eta urte hura da, hain zuzen, inoiz erregistratutako beroena. Munduko Meteorologia Agentziak adierazi du aurreikusten dutela, besteak beste, Australian eta Hego Amerikan lehorteak izatea. Agentziak gogorarazi du, bide batez, mundu guztiko gobernuek hartu beharko lituzketela fenomeno horrek herritarren osasunean, ekosistemetan eta ingurumenean eragingo dituen ondorioak apaltzeko neurriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.