Fukushimako sei erreaktoreak sare elektrikora konektatzea lortu badute ere, zentral nuklearraren egoera kontrolpean izatetik urrun daude oraindik. IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren arabera, Fukushimak erradiazioa isurtzen jarraitzen du. Isuria nondik datorren, ordea, ez dago argi.
Herenegundik ke zuria botatzen du bigarren erreaktoreak. Teknikariek uste dute erregai erabilien uraskatik ateratzen den lurruna izan daitekeela, eta horrek kezka eragin du. Izan ere, uraskako ura lurrunduz gero erregai barrak agerian geratuko lirateke eta erradiazio handia isuriko lukete era horretan.
IAEAk, hain justu, Fukushimako lehen lau erreaktoreen urasken egoeraren inguruko informazioa eskatu dio Japoniako Gobernuari. Dena den, agintariek ere informazio hori ez dutela azaldu du agentziak, Fukushimaren benetako egoeraren azterketa egitea zaila delako erradiazioaren, tenperatura altuen eta argi faltaren eraginez.
Bestalde, IAEAk baieztatu du zentral nuklearretik gertu, itsasoan, erradiazioa nabaritu dutela eta gobernuak erradiazioa noraino heltzen den ikertzeko bitartekoak jarriko dituela. Lurrikararen ondorengo egunetan itsasoko ura erabili zuten teknikariek erreaktoreak hozteko eta erabilitako uraren zati handi bat itsasora itzuli zen.
Bitartean, Greenpeace erakunde ekologistak salatu du IAEAk informazio garrantzitsua ezkutatu duela. Krisi nuklearraren larritasuna txikitu nahi izatea leporatu dio Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziari.
Banri Kaieda Japoniako industria ministroak aitortu du egoera oraindik ere «oso konplikatua» dela, baina ez du uste okerrera egingo duenik. Izan ere, sei erreaktoreak sare elektrikora konektatu izanak krisia kontrolatzeko bidean jarri ditu Fukushimako langileak. Erreaktoreen hozte sistemak martxan jarri aurretik, dena den, makineria aztertu behar dute, zirkuitulabur bat saihesteko.
TEPCOren barkamen eskaera
Herritarrak erabat suminduta daude TEPCO Fukushimako zentrala kudeatzen duen enpresarekin. Atzo, enpresako lehendakariordeak Fukushima eskualdera eginiko bisitan barkamena eskatu zien kaltetuei.
Erradiazioaren beldurra, baina, Japoniako mugetatik at ere zabaldu da. Hego Korean, esaterako, herritarrak oso kezkatuta daude Japoniatik heltzen diren berriekin. Herrialdeko agintariek gogorarazi dute osasunerako inolako arriskurik ez dagoela. Dena den, erradiazioa geroz eta gehiago ari da zabaltzen. Islandian, esaterako, esan dute material erradiaktiboaren partikulak aurkitu dituztela. AEBetara —Alaskara, Kaliforniara eta Washingtonera, besteak beste— eta Kanadara ere iritsi da Fukushimako erradiazioa. Jakinarazi dute horietan guztietan nabaritu duten kutsadurak osasuneaninolako eraginik ez duela.
Bitartean, erreskate lanekin jarraitzen dute lurrikarak eta tsunamiak gehien kaltetutako eskualdeetan. Azken datu ofizialen arabera 9.000tik gora dira hildakoak, eta kasik 13.000 desagertuak. Gorpuak identifikatzeko lanetan herritarren laguntza eskatu du Poliziak.
Japoniako lurrikara
Fukushimako zentralak erradiazioa isurtzen jarraitzen duela dio IAEAk
Islandian, AEBetan eta Kanadan erradiazioa nabaritu dute, baina azaldu dute ez duela eraginik osasunean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu