Israelen aliatu nagusia izan arren, Teheranen eta Tel Aviven arteko gatazkan eraso zuzenik ez egiten ahalegindu dira Ameriketako Estatu Batuak; gaur arratsaldean AEBetako presidenteorde J.D. Vancek sare sozialetan egindako adierazpenei erreparatuz gero, ordea, baliteke datozen egunetan Etxe Zuriko maizterrak jokabide hori aldatzea. Vanceren arabera, Donald Trump prest legoke «esku hartzeko», hori egitea beharrezkoa bada Iranen gaitasun nuklearra ahultzeko. Hain justu, zertxobait geroago Trumpek «baldintzarik gabeko errenditze bat» onar dezala exijitu dio Irani, eta mehatxu egin dio: «Badakigu lider gorena [Ali Khamenei aiatola] non dagoen, erraz hil dezakegu, baina ez dugu halakorik egingo; oraingoz».
Ultimatuma eman baino ordu batzuk lehenago, AEBek Israelen duten enbaxadore Mike Huckabeek bidalitako mezu batzuk zabaldu ditu sare sozialetan Trumpek; horietan, irakur daiteke nola Huckabeek aholkatzen dion presidenteari «ahots asko» entzuten ari dela, baina «Jainkoaren ahotsari soilik» egin behar diola jaramon. Areago, momentu historiko batean dagoela iradokitzen dio enbaxadoreak: «[Harry] Truman 1945ean Etxe Zurian egon zenetik, presidente bat bera ere ez da inoiz egon zu orain zauden bidegurutzean».
Israelek iragan ostiralean egin zion eraso Irani, eta Teheranek berehala aldarrikatu zuen «bere burua defendatzeko eskubidea». Ordutik, etenik gabe egin diote eraso elkarri. Israelgo armadako iturriak aipatuz zenbait hedabidek kaleratu dutenez, ordea, Tel Avivek aurreikusten du «aste bat edo bi barru» bukatzea bere operazio militarra. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu, berriz, Irango herritarrei zuzendu zitzaien atzo, Londresen egoitza duen International Iran katean: «Ordua heldu da; aske izango zarete laster».
Bestalde, nazioartea Ekialde Hurbilean gertatzen ari denarekin arduratuta dagoen honetan, G7 taldekoak lerratu egin dira: «Israelek bere burua defendatzeko eskubidea dauka». Kananaskisen (Kanada) daude bilduta, eta bart kaleratu duten ohar bateratuan, nabarmendu dute Iranek eragiten duela «ezegonkortasuna eta terrorea» eskualde horretan, eta «sekula ere» ez lukeela eduki beharko arma nuklearrik. G7koek «Iranen krisi» gisa jo dute azken egunotako oldarraldia, eta hura «leuntzeko» deia egin —AEBek, Alemaniak, Erresuma Batuak, Frantziak, Italiak, Japoniak eta Kanadak osatzen dute taldea—.
Bere burua defendatzen duena Iran dela esan du Esmail Baqaei Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak sare sozialetan. «Ba al du beste aukerarik?». Haren hitzetan, Israelek «agresio lotsagabea» egin du Iranen kontra, eta G7koek «erantzukizun legala eta morala» dute hori salatzeko —bereziki NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluko estatuek (AEBak, Erresuma Batua, Frantzia)—. Nabarmendu du Israelek erasotzeari utzi bezain laster helduko dela munduko herrialderik industrializatuenek salatu duten ezegonkortasun hori.
AEBetako presidentea da Kanadan egon diren liderretako bat. Goi bilera atzo hasi eta gaur amaitzekoa den arren, Trumpek gauerdian hartu du Washingtonerako hegaldia. Hara heldu berritan, Etxe Zuriko maizterrak esan du itzulerak ez duela zerikusirik Israelen eta Iranen arteko su eten posible batekin; are, hori «baino zerbait hobeagoa» lortu nahi duela: «Benetako amaiera bat, ez su etena. Amaiera». Abiatu aurretik, sare sozialetan Iranen programa nuklearra izan du hizpide: «Irani akordioa sinatzeko esan nionean, sinatu beharko zukeen. Zoritxarra da, eta bizitzak alferrik galtzea. Sinpleki esatearren: Iranek ezin du arma nuklearrik eduki. Behin eta berriro esan dut!».
Dena den, Kanadatik joan aurretik kazetariei egindako adierazpenetan, esan zuen «balitekeela» Steve Witkoff AEBetako Ekialde Hurbilerako ordezkaria edo J.D. Vance AEBetako presidentea Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroarekin biltzea asteon, elkarrizketekin jarraitzeko. Izan ere, bi aldeak bilera egitekoak ziren Omanen, bitartekari ari den herrialdean, baina bertan behera geratu zen erasoengatik. Bestalde, iragarri zuen Israelek ez zuela bere jarrera baretuko: «Datozen bi egunetan ikusiko duzue». Are, Teheran «berehala» ebakuatzeko deia egin du Trumpek sare sozialetan. Hain zuzen, AEBek Irani akordioa sinatzeko eman zioten 60 eguneko epea amaitu —apirilaren 12an ekin zioten Teheranek eta Washingtonek negoziatzeari— eta biharamunean hasi zuen Israelek erasoaldia.
Israelen argudioetako bat da Iranek bonba nuklear bat garatu ahal izateko «urrats garrantzitsuak» egin dituela. Begiz jota ditu, esaterako, Natanzeko azpiegitura nuklearra —bonbardaketen ondorioz uranioa aberasteko guneak eta hango sistema elektrikoa suntsituta geratu dira— eta Fordowkoa. Misilek ez dute kalte handirik eragin Fordowen, baina «dudarik gabe» jarraituko dute horren kontra, Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak gaur esan duenez, herrialdeko hedabideen arabera. Ministroak ziurtatu du Teherango hamar azpiegitura nuklear suntsitzear daudela.
600
Iranen zenbat atzerritarrek egin duten ihes Azerbaijanera. Israelek Iranen kontrako erasoaldia ostiralean abiatu zuenetik, hamazazpi herrialdetako 600 lagun baino gehiago ebakuatu dituzte Azerbaijanera, Bakuko gobernuaren iturriak aipatuz AFP agentziak kaleratu duenez. Iheslariak hiriburuko aireportura eraman dituzte, jaioterrietara itzul daitezen.
CNN hedabideak AEBetako zerbitzu sekretuetako iturriak aipatuz kaleratu duenez, Iranek ez du asmorik arma nuklearrik sortzeko, eta, hala balitz ere, hiru urte beharko lituzke gutxienez halakorik ekoizteko —aintzat hartzekoa da Ali Khamenei Irango lider gorenak halako armak debekatzen dituen fatua bat duela ezarria—. CNNk aipatutako beste iturri ofizial baten arabera, Teheranek gaitasuna dauka bonba nuklearrak garatzeari ekiteko: «Halakorik nahi balu, beharko lukeen guztia dauka».
Ostiralean, Israelek Irango armadako eta Irango Guardia Iraultzaileko zenbait goi kargudun hil zituen, besteak beste. Israelgo armadak jakinarazi du, gaur kaleratu berri duen ohar batean, Ali Xadmani Irango armadako buruetako bat hil duela, hark kargua hartu eta egun gutxira. Gainera, Israelen misiletako batek Iran erdialdeko Kaxan hirian egin du eztanda gaur goizean, eta hiru hildako eragin ditu, Mehr berri agentziaren arabera.
Iranek, berriz, Israel erdialdera eta iparraldera jaurti ditu bart hainbat drone eta misil. Irango Guardia Iraultzaileak misil sorta «are boteretsuagoa» jaurti duela jakinarazi du gaur goizean, eta kalteak eragin ditu Herzliya hiriko armadaren egoitza batean eta Mossad Israelgo inteligentzia zerbitzuen zentro batean.
Saddam Husseinen «patu» bera
Atzo, Netanyahuk mahai gainean jarri zuen Irango lider gorena hiltzea: «Khamenei hiltzeak ez luke gatazka areagotuko; bukatu egingo luke», esan zuen ABC News hedabidean atzo arratsaldean egindako agerraldi batean. Biharamunean, Israel Katzek Khameneiri ohartarazi dio ez dezala egin «gerra krimenik», hango hedabideek kaleratu dutenez, eta mehatxu egin dio: «Iran ondoko herrialde bateko diktadore batek Israelgo estatuaren kontrako bidea hartu zuen, eta [Khameneik] ondo egingo luke bere patua gogoratuko balu», esan du Defentsa ministroak, Saddam Husseini erreferentzia eginez —2006an urkatu zuten Irakeko presidente ohi hori, xiiten kontrako sarraski batengatik heriotzara zigortu eta gero—.
ISRAELEK 60 LAGUN HIL DITU KHAN YUNISEN, LAGUNTZA JASOTZEN ARI ZIRELA
Israelgo armadak 60 lagun hil ditu gaur tiroz Gazako Khan Yunis hirian, laguntza humanitarioa jasotzeko itxaroten ari zirela, Wafa Palestinako berri agentziaren arabera; Gaza Humanitarian Foundation erakundea duela hiru aste laguntza banatzen hasi zenetik ez da egun batean hainbeste hildakorik egon. Atzo beste 42 hil zituen Israelgo armadak zerrendan. Gazako osasun iturrien arabera, epe horretan Israelek 400 gazatar inguru hil ditu GHFk laguntza banatzeko ezarritako guneetan, eta gutxienez 2.831 zauritu.