Galdera-erantzun batzuk

Zentral nuklear bateko bi erreaktore Nogent-sur-Seinen (Frantzia), iazko abuztuan. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Zentral nuklear bateko bi erreaktore Nogent-sur-Seinen (Frantzia), iazko abuztuan. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE
Igor Susaeta.
2026ko uztailaren 23a
14:17
Entzun 00:00:00 00:00:00

AEBek eta Saudi Arabiak akordio bat egin dute. Haren bidez, Riadek Washintonen teknologia eta esperientzia baliatu ahal izango ditu, erabilera zibilerako programa nuklear bat edukitzeko. Auziari buruz planteatutako galdera batzuk eta galdera horiei emandako erantzunak dira hauek:

Zer jasotzen du akordioak?

AEBen esanetan, helburu du Saudi Arabiaren energia beharrak asetzea. Mohammed bin Salman Saudi Arabiako printze oinordekoak aurreikusten du energia nuklearra erabiltzea argindarra sortzeko, eta ez petrolioa. Modu horretan, petrolio hori saltzea da asmoa. Ituna eskuan, AEBetako enpresak funtsezkoak izango dira Saudi Arabiako azpiegitura nuklearra garatzekotan. Ez da kopururik ageri, baina, AEBetako hedabideen estimazioen arabera, dozenaka milioi dolarreko balioa du itunak.

Saudi Arabiak uranioa aberastu ahal izango du?

Komunikabideek iturri ofizialak aipatuta kaleratu dutenez, akordioak bide emango dio Saudia Arabian uranioa aberasteko lantegi bat irekitzeari. Hori bai, hasteko, horren beharrik ote den zehazteko txosten bateratu bat osatu beharko dute AEBek eta Saudi Arabiak, bi urteko epean. Beraz, gerta liteke Trump jada Etxe Zurian ez egotea txostena amaitzerako —2029ko urtarrilean da bukatzekoa haren agintaldia—. Zentral nuklearrak dituzten herrialde askok ez dute uranioa beren lurretan aberasten, eta erreaktoreetarako inportatutako erregaiaren menpe egoten dira.

Erabilera zibilerako, nahikoa da uranioa %3 eta %5 artean aberastea. Bonba nuklear bat egiteko %90 aberastu beharko litzateke. 

Zergatik piztu da polemika?

Azken urteetan, ugaltze nuklearraren aurkako taldeek ohartarazi izan dute gisa horretako akordio bat eginez gero bazitekeela Saudi Arabiak arma nuklear bat garatzea. Kontuan hartu behar da, gainera, Riadek berak esan duela gisa horretako armak beharko lituzkeela Iranek ere izanez gero. Eta litekeena da talde horien kezka are gehiago handitzea, Riaden eta Washingtonen arteko akordioak ez baitu modurik ematen IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako begiraleek ikuskatzeak egin ditzaten. AEBentzat, berme bat da AEBetako enpresak egotea itunaren oinarrian. Horren guztiaren harira, aintzat hartu behar da AEBek eta Arabiar Emirerri Batuek antzeko akordio bat egin zutela 2009an, eta Persiar golkoko herrialde horrek konpromisoa hartu zuela uraniorik ez aberasteko. Atzo sinatutako akordioak, aldiz, ez du halako konpromisorik jasotzen.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA