Galizian, A Mariña eskualdea itxi dute hainbat positibo atzeman ondoren

Xuntak ez du baztertzen bost eguneko berrogeialdia luzatzea. Azken astean ehun kasu baieztatu dituzte.

Guardia Zibila Asturiastik (Espainia) Ribadeora (Galizia) doan errepidea ixten. ELIEO TRIGO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko uztailaren 6a
13:07
Entzun

Galiziako Lugo probintzian, neurri bereziak hartu dituzte A Mariña inguruan, koronabirus kasuak nabarmen ugaritu direla eta. Besteak beste, eskualdea itxi egin dute bost egunez, eta hainbat udalek debekatu egin dute plaza eta parkeetan ibiltzea. Gainera, Xuntako Osasun kontseilari Jesus Vazquez Almuiñak ez du baztertzen itxialdia luzatu behar izatea. Orotara, 70.000 herritarri eragingo diete murrizketek.

Hauteskundeen atarian izanik, bozak bertan behera uzteko eskatu du BNG alderdiak, baina Vazquezek baztertu egin du. Osasun kontseilariaren iritziz, «bozkatzea beste edozein ekintza baino seguruagoa da».

Berrogeialdian ezarritako herrietako alkateak kritiko agertu dira Xuntaren jarrerarekin, haien esku utzi duelako segurtasun neurriak betearaztea. «Xuntak berak egin beharko luke lan hori. Euren esku dago segurtasun indarren kudeaketa, eta erantzukizunez jokatu behar dute, eta ez ardura guztia udalen esku utzi», salatu du Foz herriko alkate Francisco Cajotok. 

«Modu ilunean» jokatzea ere egotzi dio Alberto Nuñez Feijoo buru duen gobernuari, COVID-19aren herriz herriko datuak zabaldu ez dituelako. «Neurriak hartzeko eskatu digute, baina, aldi berean, informazioa ukatzen digute», azaldu du.

Galizian ez ezik, Katalunian ere itxialdia ezarri dute Lleida probintziako beste eskualde batean. Han, 200.000 pertsona jarri dituzte berrogeialdian, baina, Galizian ez bezala, gutxienez hamabost egun egongo direla iragarri du Generalitateak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.