Hainbat astez negoziatzen aritu ondoren, Washingtonek eta Kievek akordio bat sinatu zuten atzo azken orduan, eta, hura aintzat hartuta, ondoriozta daiteke AEBek lehentasuna edukiko dutela Ukrainako lur arraroak eta mineralak ustiatzeko orduan. Pozik daude bi aldeak. Etxe Zuriaren bozeramaile Karoline Leavittek prentsaurreko batean esan du ituna «historikoa» dela. Ukrainako Atzerri ministro Andi Sibigak sare sozialetan idatzi duenez, ituna «mugarri garrantzitsu bat da» Kieven eta Washingtonen arteko «aliantza estrategikoarentzat». Hori bai, Ukrainak akordioaren testua kaleratu du gaur —bederatzi orrialde ditu—, eta hartan ez diote aipamenik egin AEBen segurtasun bermeei, nahiz eta Volodimir Zelenski presidenteak nahi zuen aipatzea.
AEBen eta Ukrainaren arteko Berreraikuntzako Inbertsio Funtsa deitu diote, eta Scott Bessent AEBetako Altxorraren idazkariak ohar batean nabarmendu duenez, itunak «argi» erakusten du Donald Trump AEBetako presidenteak konpromisoa duela «Ukraina aske eta burujabe bat» oinarri izango duen «bake akordioa» lortzeko. Hain zuzen, Bessentek berak eta Ukrainako Ekonomia ministro Julia Sviridenkok sinatu zuten ituna, Washingtonen.
Trump negozio gizona izanik, Ukrainak berak proposatu zuen, urtearen hasieran, mineralen eta lur arraroen inguruan akordio bat hauspotzea, presidenteari negozio aukerak emateko eta AEBek, trukean, Ukraina militarki babesten jarraitzeko. Argudiatuta azkeneko hiru urteetan Washingtonek Ukrainari 350.000 milioi dolar ingururen laguntza militarra eman diola —egiazki, 175.000 dira; hau da, 155.000 milioi euro—, Etxe Zuriko maizterrak hasieran proposatu zuen mineralen eta lur arraroen kontrola, nolabait, AEBen esku geratzea «konpentsazio gisa»; hau da, funtsaren funtzionamenduaren gaineko azken hitza AEBek edukitzea.
Horren harira, Ukrainak baditu, neurri batean behintzat, pozik egoteko motiboak. Argitaratu duen testua kontuan hartuta, eutsi egingo dio jada kontrolpean dituen baliabideen jabetzari, eta ustiatzen duen gasaren, petrolioaren eta beste lehengai batzuen etekinak Ukrainan geratuko dira. Washingtonek nahi zuen, ordea, etekin horiek zor gisa zenbatzea, gastu militarrean egindako inbertsioa konpentsatzeko.
%5Mineral kritikoen portzentajea Ukrainan. Munduko mineral kritikoen erreserben %5 daude Ukrainan, datu ofizialen arabera. Bestalde, Errusiak Ukrainan okupatutako lurretan daude herrialdeko lur arraroen herenak eta metalen %42.
Orduan, Kievek kaleratu duenez, etorkizunean Ukrainan ustiatuko dituzten baliabide naturalen etekinen %50 erabiliko dituzte inbertsio funtsa elikatzeko. Eta funtsean pilatutako dirua ustiapen proiektuak garatzeko izango da, baita Errusiaren kontrako gerran txikitutako azpiegiturak berreraikitzeko ere. Aurreneko hamar urteetan Ukrainan soilik egingo dituzte inbertsioak. Ukrainako Ekonomia ministroak sare sozialetan azpimarratu du funtsari esker «nazioarteko inbertsioak» izango direla Ukrainan.
Baliabideak, estrategikoak
Trumpek gaur goizaldean kazetariei esan dienez, «teorian», Ukrainari material militarrean emandako 350.000 dolarrak —egiazki, 175.000— baino «askoz ere gehiago» jasoko dituzte trukean AEBek. Izan ere, Washingtonek begiz jota dauka Ukraina. Izan ere, Ukrainak ditu AEBetako Zerbitzu Geologikoak kritikotzat jotzen dituen 22 mineral —50 material daude zerrendan—; besteak beste, lur arraroak kontsideratutako batzuk, zeinak ezinbestekoak diren gailu elektronikoak garatzeko, auto elektrikoen baterietarako, energia garbia sortzeko, eta, esaterako, armamentua ekoizteko.
Kremlinek ez du, zuzenean, akordioari buruzko iruzkinik egin. Dmitri Peskov bozeramaileak egunero eman ohi duen prentsaurrekoan nabarmendu du auzia «konplexua» dela, eta ezin dela «berehala» konpondu, «Washingtonek nahi bezala». Izan ere, Trump gogaituta mintzatu da azken asteetan, eta, are, apirilaren 24an Vladimir Putin Errusiako presidenteari tira egin zion belarritik, Moskuk Kiev hiriburuari eraso egin eta dozena bat lagun hil zituelako.
Zazpi hildako Khersongo azoka batean
Ukrainako indarrek Kherson eskualdeko Aleshki herriko azoka bati eraso diote gaur, droneak erabiliz, eta gutxienez zazpi pertsona hil dituzte eta hogei inguru zauritu. Hori jakinarazi du Moskuk han ezarritako administrazio militarrak. Bestalde, Errusiako armadak Odesa hiriari eraso egin dio gaur droneekin; gutxienez bi pertsona hil dituzte, eta hamabost zauritu. Horren berri eman dute Ukrainako iturri ofizialek.