Estraktibismoa Argentinan (eta VI). Maputxeak

Garapen propioa nahi dute

Meatzaritza proiektuak bat-batean iristen hasi ziren duela bost urte pasatxo Comallo errekaren ibarrera, eta bertako maputxe komunitateak, hasteko, meatzaritza zer den ikasi behar izan zuen proiektuei aurre egin ahal izateko.

Rio Negroko maputxeek martxoan egindako martxa bat. PARLAMENTU MAPUTXEAREN RIO NEGROKO KOORDINAKUNDEA
Rio Negroko maputxeek martxoan egindako martxa bat. PARLAMENTU MAPUTXEAREN RIO NEGROKO KOORDINAKUNDEA
inaut matauko rada
Fiske Menuko
2026ko irailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irakurri serie honetako artikulu guztiak

Argentinako Estatuaren eta maputxe komunitateen artean gatazka gero eta gehiago daude azken urteetan. Izan ere, komunitate asko egonkortuta dauden lurretan erregai fosilak eta mineralak daude, eta probintzietako gobernuek lehengai horiek ustiatzeko modua eman nahi diete enpresei, baina maputxe asko kontra daude. Argentinan, lurrazpiko lehengaiak probintzienak dira, ez estatuarenak. Rio Negro probintziaren hegoaldeko komunitateen erresistentzia da gatazka horren adibiderik garbienetako bat, eta mugimenduko kide Paola Estelak eman ditu borrokaren bilakaerari buruzko azalpenak.

2020. urtearen amaieran hasi zen dena: inguru batzuetan geologo batzuk topatu zituzten, laginketa batzuk egiten, probintziaren baimenarekin. Hala ere, kontua bereziki 2021eko apirilaren eta maiatzaren artean jarri zen puri-purian, laginketak asko eta asko zabaldu baitziren. «Egoera ikusita, Comallo errekaren bailarako komunitateak elkartzen hasi ginen, zer egin pentsatzeko», azaldu du Estelak. Zazpi komunitate bildu ziren guztira.

Informazioa biltzen hasi ostean, ohartu ziren 2021eko apirilean probintziako gobernuak baimen mordoa eman zizkiela meatzaritza enpresei —atzerritarrak gehienak— mineral erreserbak hautemateko. Hala ere, Estelak azaldu du aurrekari bat bazela: «Lehenago, Southern Copper enpresak nekazari baten lurra alokatu zuen meatzaritza esplorazioak egiteko. Baina lur horiek bi komunitateren artean zeuden, eta zalaparta sortu zen, proiektuak bi komunitateei kalte egingo ziolako».

Autoikaskuntza, hutsetik

2020an eta 2021ean mineralak bilatzeko esplorazioak egiten hasi zirenean, maputxeek ez zekiten zer gertatzen zen; geroago, 2021eko udaberriaren amaieran, nekazari bat urik gabe geratu zen. «Zenbaitetan, komunitate batzuen lurretan egin zituzten esplorazioak, baimenik eskatu gabe», zehaztu du Estelak. Baina azaldu duenez, konturatu ziren ez zekitela ezer meatzaritzari buruz: «Komunitateetako pertsona oso gutxik genekien zer dagoen meatzaritzaren atzean, zer inplikazio dituen aire zabaleko meatzaritzak... ez genekien tutik ere».

«Oso gutxik genekien zer dagoen meatzaritzaren atzean, zer inplikazio dituen aire zabaleko meatzaritzak... ez genekien tutik ere»

PAOLA ESTELA 'Lofche No A La Mineria'-ko kidea

Hutsetik, meatzaritzari buruz ikasten hasi ziren, eta, gutxinaka, lortzen zituzten ezagutzak komunitateko gainontzeko kideei jakinarazi. Horrez gain, ezjakintasuna handia zenez, erabaki zuten lehen neurri gisa babes judiziala eskatzea, 2021eko abenduan.

Horrez gain, eskatu zuten aurretiazko kontsulta libre eta informatua egiteko komunitateei; maputxe herria Txileko eta Argentinako estatuen sorrera baino lehenagoko jatorrizko herria denez, komunitateek horretarako eskubidea dute: «Prozesu nahiko luze eta konplexua da; estatuak jatorrizko herrietan proiektu bat edo interbentzio bat egin nahi duenean, legez galdetu egin behar digute aurrez, eta baimena eman behar diegu». Hori dela eta, babes judiziala eskatuta, maputxeek hori bera aitortzea nahi zuten; hau da, eskubide hori urratua izan zela.

«Mugarria izan zen, zazpi komunitate elkartzea lortu genuen eta». Lehen instantzian, justiziak arrazoia eman zien, epaileak onartu baitzuen komunitateei ez zietela kontsultarik egin, eta Rio Negroko probintziari eskatu zion Argentinako Konstituzioa eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen 169. hitzarmena betetzeko. Horrez gain, babes eskaeraren aurretik emandako meatzaritza baimen guztiak bertan behera utzi zituen epaileak.

Hala ere, probintziak helegitea jarri zuen, eta, bigarren instantzian, Justizia Auzitegi Nagusiak aurreko epaia baliogabetu zuen: «Epaian argudiatu zuten ezin zaiela komunitateei aurretiazko kontsultarik egin, katastroari dagokionez ez dagoelako definituta komunitate bakoitzak zer eremu barnebiltzen duen». Estelaren ustez, Argentinako Estatuak berak egindako hutsegite bat —katastroan komunitateen lurrak ez definitzea— haiei egotzi zieten, eta hala lortu zuten nahi zutena: meatzaritza proiektuek aurrera egitea.

Ekoizpen sistema, krisian

Maputxe komunitate gehienek «lurraldean irauteko arazoak» dituztela onartu du Estelak, «ekoizpen sistema krisian dagoelako»: «Ez dago belaunaldi aldaketarik, baina denok eutsi nahi diegu gure lurrei». Egoera zail horri buruz hitz egin du Fabricio Castañedak ere, artzain maputxe batek. Peñi Mapu komunitatekoa da, eta kooperatiba txiki baten parte da. Ekoizle «oso txikiek» osatzen dute kooperatiba, eta hainbat proiektu dituzte landa eremuko bizitza indartzeko.

«Diru sarrerak oso txikiak dira. Ondo bizitzeko, mila ardi inguru behar dituzu, baina guk 200-300 inguru ditugu. Iraun egiten dugu»

FABRICIO CASTAÑEDA Rio Negroko artzaina

Eremuak zailtasun asko sortzen dituela esplikatu du; izan ere, oso lehorra da, hotz handia egiten du neguan, eta ezinezkoa da landaketa handiak egitea, nahiz eta ortu txikitxo batzuk badituzten. «Diru sarrerak oso txikiak dira. Ondo bizitzeko, mila ardi inguru behar dituzu, baina guk 200-300 inguru ditugu. Iraun egiten dugu». Azpiegitura gutxi dituztela ere esan du, nahiz eta laguntza batzuk badituztela onartu duen.

Bada, bertan ere izan dituzte arazoak meatzaritza enpresekin, duela gutxi martxan jarri baita Calcatreu meatzea, urrea eta zilarra ustiatzeko. Beste eskualde askotan meatzaritzaren kontrako jarrera irmoa egon bada ere, atsekabez azaldu du bere inguruan ez dela hala izan: «Ez dago meatzaritzaren kontrako jarrerarik, ezta lehengaiak eta natura babestekorik ere». Kontrara, askok defendatu egiten dutela esan du, abeltzaintzan duten krisiagatik: «Jende asko gogoz dago larrea utzi eta meatzera lanera joateko, soldata finko bat eskuratu dezakezulako, eta seme-alabak eskolara bidali».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA