Bi hilabete Gazan igaro ostean, Euskal Herrian da Aitor Zabalgogeazkoa MSF Mugarik Gabeko Medikuak elkarteko Larrialdietarako koordinatzailea. Atseden hartzeko asmoz itzuli da sorterrira, baina etenaldiak ez du luzaro iraungo: zortzi aste barru zerrendara joango da berriz, orain han dauden lankideei erreleboa ematera. Halere, egonaldia probestu du Gazako egoeraren berri emateko, eta ohartarazi du muturrekoa dela: «Jendeak dagoeneko ez dauka nora joan; eta, ia bi urteren ondoren, biztanle guztiak apenas sartzen ez den laguntza humanitario baten menpe daude bizirik irauteko».
Ikusi gehiago
Galdera sortari patxadaz erantzun dion arren, Zabalgogeazkoak aitortu du zaila dela Gazan ikusitako eta bizitako guztia senideei, lagunei eta kazetariei kontatzea. Hori da, haren arabera, itzuleraren zati gogorrenetako bat. «Nahiago dut han egon den lankide batekin hitz egin; gure artean, gauza asko ulertutzat ematen dira; ez dago dena ozen esan beharrik».
MSFk atzerriko 30 langile humanitario inguru ditu zerrendan, eta haiekin batera jarduten dute 980 inguru palestinarrek. 2023ko urriaren 7az geroztik, arriskua Gazako «eremu guztietan» dago, eta «edonor» hil daiteke Israelen eraso baten ondorioz; halere, Zabalgogeazkoak nabarmendu du egoera ez dela bera langile denentzat, langile humanitario palestinarrak, finean, «zibilak» baitira. «Gazan egon naizen denboran, lankide palestinar asko zauritu dituzte: hankan, bizkarrean, buruan…».
«Gazan egon naizen denboran, lankide asko zauritu dituzte: hankan, bizkarrean, buruan...»
AITOR ZABALGOGEAZKOA MSFko Larrialdietarako Koordinatzailea
Gaza hegoaldeko Khan Yunisko Al-Nasser ospitalean aritu da lanean Zabalgogeazkoa, eta haurdun dauden emakumeak eta adingabeak artatzen dituen talde bat koordinatu du. Zerrendako muturreko egoeraren erakusle, azken asteotan bolo-bolo zabaldu dira malnutrizioaren ondorioz hilzorian dauden haurren eta jaioberrien irudiak; ehunka agertu dira sare sozialetan, egunkarietan eta telebistan.
Eta, halere, Israelgo Gobernuko zenbait kidek, hala nola Benjamin Netanyahu lehen ministroak, egotzi diote Gazako Gobernuari gezurretan aritzea. Tel Avivek aipatzen dituen argudioetako bat da, adibidez, azken asteetan hil diren adingabe guztiek gaixotasun kronikoak zituztela, eta, hortaz, ez direla gosetearen ondorioz hil. Argudio hori gezurtatu du Zabalgogeazkoak: «Egia da hil diren adingabe gehienek gaixotasun kronikoak zituztela, baina gaixotasun horiek ez dira larriak; haur zeliakoak ari dira hiltzen».
Israelek ezarritako blokeoak eragin du elikagai eskasia; martxoaren eta maiatzaren artean, Gazan ez zen laguntza humanitariorik sartu 44 egunez. Gero, maiatz amaieran, Tel Avivek erabaki zuen laguntza banatzea, baina GHF Gazan Humanitarian Foundation taldea sortu zuen horretarako; hots, AEBetako militar ohiek, Israelgo soldaduek eta mertzenarioek osatutako talde bat. Neurri hori gogor salatu du MSFko koordinatzaileak: «Teorian lau diren arren, bi banaketa gunek soilik funtzionatzen dute; ez du ez hanka ez buru».
«Egia da hil diren adingabe gehienek gaixotasun kronikoak zituztela, baina gaixotasun horiek ez dira larriak; haur zeliakoak ari dira hiltzen»
AITOR ZABALGOGEAZKOA MSFko Larrialdietarako Koordinatzailea
Apenas dauden ehunka zaku irin bi milioi biztanlerentzat, eta, gainera, tiroz jotzen dituzte banaketa guneetara gerturatzen direnak: «Maiatzaren 27an GHF sortu zutenetik, banaketa guneetako tiroketak sistematikoak dira». Eraso horien harira bizitako zenbait pasarte ekarri ditu gogora Zabalgogeazkoak: «Egun batean, hiru orduko tartean 480 zauritu baino gehiago iritsi ziren gure ospitalera; 19:30etik aurrera joaten dira laguntza jasotzeko guneetara, eta aurreneko zaurituak 21:00 aldera iristen dira. Beste egun batean 30 hildako iritsi ziren, eta 300 zauritu inguru, guztiak aldi berean; ia egunero izaten dira kopuru horiek».
Horrelakoetan azkar erabaki behar izaten dute nor artatu eta nor ez, ospitaleetan ez baitago ez aski baliabiderik, ez aski langilerik. «Askotan, pertsona bat artatzera joan orduko ez dago ezer egiterik». Izan ere, Israelgo soldaduek jotzen dituzten tiroak ez dira ausazkoak: «Gehienak gerritik gora zauritzen dituzte». Eta beste asko itota hiltzen dira, irin apur bat lortzeko Israelek bultzatzen dituen «lehiaketa distopikoen» erdigunean.
Traba burokratikoak
Israelgo Gobernuak soilik du Gazan gertatzen denaren inguruan erabakitzeko eskumena; atzerriko GKE gobernuz kanpoko erakundeek nahitaez jaso behar dute zerrendan sartzeko baimena, eta, gero, beren mugimendu ororen berri izan behar du Tel Avivek. Horrek langile humanitarioen lana nabarmen zailtzen duela esan du Zabalgogeazkoak; are, salatu du Israelek «apropos» antolatzen dituela beren aurkako «oztopo burokratikoak».
Gaza erdialdetik mugaraino iristeko 22 minutu baino ez dira behar autoz, baina, praktikan, ibilbidea luzeagoa da: «Laguntza humanitarioa jasotzera joan aurretik, mugimenduen berri eman behar zaie Israelgo agintariei, eta haien baimena jaso. Horretarako, kontrolgune birtual batera joan beharra dago, eta han itxaron baimena jaso arte. Orduak eta orduak eman ditzakegu Israelgo agintarien baiezkoaren zain; batzuetan, 22 minutuko bidea 48 orduko itxaronaldia bihurtzen da». Eta horrek badu beste arrisku bat: alde batetik bestera mugitzean Israelgo operazio militarren erdi-erditik igaro behar izatea.
Munduko hainbat gatazkaren lekuko izan da Zabalgogeazkoa, besteak beste Iraken, Afganistanen, Kosovon eta Kongoko Errepublika Demokratikoan izan baita 30 urteko ibilbidean. Toki horietan guztietan ikusi ditu indarkeriazko ekintzak eta sarraskiak, baina uste du Gazan gertatzen ari dena bestelakoa dela: «Zibilek lurralde guztietan aurkitu dezakete alde egiteko zirrikituren bat, baina, gatazka gehienetan ez bezala, Gazatik inork ezin du ihes egin».