Gatazka konpontzeko astebete eman dio Pretoriak Madagaskarri

Kanporatutako presidentea eta egungoa Seychelleetan daude, herrialdean demokrazia ezartzeko negoziatzen

Erredakzioa
2012ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Jacob Zuma Hegoafrikako presidentea Seychelleetako Errepublikan da Marc Ravalomananaren eta Andry Rajoelinaren arteko elkarrizketetan bitartekari lanak egiteko. Ravalomanana armadak babestutako 2009ko estatu kolpean presidente kargutik bota zuten Madagaskarren, eta Rajoelinak hartu zuen haren postua. Estatu kolpearen ondorioz, nazioarteko bazterketa jasaten ari da Madagaskar. Hegoafrikako Batasunetik ere kanporatu zuten. SADC Hegoafrikako Garapenerako Komunitateak gatazkan dauden bi aldeei astebeteko epea eman die konponbide bat lortzeko eta herrialdean demokrazia ezartzeko. Hegoafrikak, Zambiak eta Tanzaniak osatutako troikako mandatari berezi modura ari da Zuma negoziazioetan parte hartzen, eta bi aldeen arteko akordio bat bultzatzen saiatuko da Seychelleetan.

SADCek bi aldeei debekatu die negoziazioen inguruko adierazpen jendaurrekoak egitea, eta «isiltasun ituna» sinatzera behartu ditu. Adierazi dutenez, filtrazioek bake prozesuari kalte egin diezaiokete, eta SADC bera arduratuko da «behar den unean» Madagaskarko herritarrak eta gainerakoak informatzeaz.

Matxinada militarra

Egungo presidentearen eta kanporatutakoaren arteko bilkuraren atarian, hiru lagun hil dituzte matxinada militar batean. Joan den igandean, hainbat lagunek Madagaskarko Antananarivoko aireportutik gertuko kuartel bati eraso egin zioten Rajoelina negoziatzera ez joateko ahaleginean. 2009tik Hegoafrikan erbesteratua dagoen Ravalomanana ere bi alditan saiatu izan da herrialdera itzultzen, baina atxilotze mehatxuengatik ez zen ausartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.