Kolonbiako Gobernuak eta Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak ados jarri dira mende erdiko gatazka armatuari irtenbidea emateko azken puntuetako batean; gatazkaren amaierari buruzko akordioa lortu dute Habanako negoziazio mahaian.
Carlos Antonio Lozada da FARCeko ordezkaritzaren burua gatazkaren amaierari buruzko azpibatzordean, eta hark esan du akordioa negoziazio mahaian aurkeztu dutela. Bihar egingo dute ofizial akordioa, eta Habanara joango dira Juan Manuel Santos Kolonbiako presidentea eta Ban Ki-moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusia.
2012an ekin zieten ofizialki bake elkarrizketei FARCek eta Santosen gobernuak, eta urrats garrantzitsuak egin dituzte azken asteetan. Duela hilabete lortu zuten adingabeei buruzko akordioa; horren arabera, gerrilla uzten duten adingabeak biktimatzat joko dituzte, eta matxinatze delituak barkatuko dizkiete. Ekain hasieran, berriz, ados jarri ziren bi aldeak bake akordioa Kolonbiako araudian sartzeko. Iragan astean, Antioquian legez kanpokoak diren laboreak ordezkatzeko akordioa egin zuten.