Gaur amaituko da kurduekin negoziatzeko Ocalanek Turkiari ezarritako epea

Erdoganekin itun berri bat egiteko prest agertu dira oposizioko kemalistak, hainbat baldintza ezarrita

Erredakzioa
2011ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Abdullah Ocalanek ezarritako ultimatuma gaur amaitzen da. Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroari gaur arteko epea eman zion buruzagiak kurduekin negoziatzeko. Ekainaren 15erako elkarrizketak abiatu ezean «gerra» hasiko zela ohartarazi zuen. BDP Bakea eta Demokrazia Alderdiak 36 diputatu eskuratu ditu bozetan —orain arte hogei ordezkari zituen—, eta garaipena auzi kurduari irtenbidea emateko baliagarria izatea nahi dute. Erdoganek keinu bat egin die bozen ostean, izan ere, itun berria «turkiarrentzat eta kurduentzat» izango zela adierazi zuen.

Ez da lehen aldia Erdoganen hitzak ezerezean gelditzen direla: duela bi urte abian jarritako ekimen kurdua ezerezean gelditu baita. Konstituzioa aldatzeko, dena den, kurduen edo kemalisten babesa beharko du eta hori da bere lehentasuna.

CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoak, honez gero, babesa agertu dio agintariari hainbat baldintza ezarrita.Sistema presidentziala ere ez dute begi onez ikusten. AKP Justizia eta Garapenaren Alderdiak gehiengo absolutua lortu badu ere ez da aski Konstituzioaren erreforma bere kabuz egiteko, eta adostasunerako mezua luzatu dio oposizioari. Kurduek, hiru baldintza ezarri dituzte; kurduera babestea, autonomia garatzea, eta bozetan ordezkaritza lortzeko ezarrita dagoen %10eko muga %5era murriztea, hartara, independente gisa aurkeztu behar ez izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.