Israelek uste du baduela zer esana Iranen programa nuklearrari buruz. Eta Ameriketako Estatu Batuak, aliatu diren aldetik, haren eskakizunak entzuteko prest daude. Donald Trump AEBetako presidentea eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa Etxe Zurian bildu dira, Ekialde Hurbileko kontuez aritzeko. Ateak itxita zituztela hiru bat orduko bilera egin ondoren, Trumpek sare sozialetan esan du ez dutela «ezer erabakigarririk» adostu. Diplomaziari aukera bat eman nahi dion seinale da hori. Akordioren bat posible dela ikusten badu, negoziazioak «lehenetsiko» ditu; bestela, «ikusi beharko dugu zein den ondorioa. Akordiorik ez egitea erabaki zuen azken aldian, Gauerdiko mailuarekin jo genion Irani». Hala deritzo Iranen kontrako iazko ekaineko operazio militarrari —AEBek azpiegitura nuklearrak «suntsitu» zituzten—.
Teheran eta Washington joan den astean hasi ziren berriz negoziatzen, eta Tel Avivek bermatu nahi du balizko akordioak, edozein dela ere, bizilagunaren gaitasun nuklearra mugatuko duela; lehen ministroaren ustez, arma nuklearren auziaz aritzea ez da nahikoa, eta badaude eztabaidatu beharreko kontu gehiago, Israelgo Hareetz egunkariak haren gertuko iturriak aipatuz kaleratu duenez. Horretantxe, behintzat, bat datoz AEBak eta Iran: arma nuklearrik ez. Gainontzeko gai zerrenda zehazteko dute. Trumpek espero du Iranek «zentzuz eta arduraz» jokatuko duela oraingoan.
Gaurko bileraren atarian, Masud Pezexkian Irango presidenteak adierazi du programa nuklearra ez dutela erabili nahi helburu militarretarako, eta «edozein ikuskaritzarako» prest daudela —gorabeheratsua izan da Teheranen eta IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren arteko harremana iazko ekainaz geroztik, Israelek eta AEBek Irani eraso egin ondoren—. «Teheran prest dago negoziatzeko, betiere nazioarteko eta herrialdeko arauak errespetatuz. Lider gorenak marraztu dituen lerro gorrien barruan mugituko gara. Eskualdeko herrialdeekin hitz egiten ari gara, gure indar guztiarekin, eskualdean bakea eta lasaitasuna lortzeko», gaineratu du Pezexkianek Teherango Azadi plazan egin duen agerraldian, Irango errepublika islamikoaren 47. urteurrena ospatzeko ekitaldian.
Programa nuklearrari buruzko bilera bakarra egin dute, bigarrena laster egitekoak dira, eta James David Vance AEBetako presidenteordeak espero du elkarrizketek «ondorio ona» ekartzea. Kazetarien aurrean gaur egindako adierazpenetan, ordea, argi utzi du akordiorik lortu ezean «beste aukera bat» dutela mahai gainean. Galdetu diote ea gobernu aldaketarik nahi ote duten Iranen, eta zera erantzun die: «Irandarrek erregimena eraitsi nahi izanez gero, haien esku dago. Iranek ezin du arma nuklearrik izan: horretan gaude zentratuta».
Dena den, Teheranek oraindik ez du jaso programa nuklearra mugatzeko «proposamen zehatzik», Irango Segurtasun Nazionalerako Batzorde Goreneko idazkariak, Ali Larijanik, Al-Jazeera hedabideari gaur esan dionez. Baina, haren hitzetan, negoziazioei heltzeko «zentzuzko bideari» ekin dio Washingtonek: «Ondorioztatu du militarra ez beste bide bat hartu behar duela Iranengana gerturatzearren».
Trumpek botatakoek, ordea, bestelako jarrera erakusten dute. «Ergelkeria litzateke traturik egin nahi ez izatea», esan zuen atzo Fox Business hedabidean egindako elkarrizketa batean, eta nabarmendu zuen AEBetako indar militarrak Persiar golkoan daudela, Teherani presio egiteko. Urtarrilaren 26az geroztik, Arabiako itsasoan dago AEBetako USS Abraham Lincoln itsasontzia, eta iragarri zuen beste «flota erraldoi bat» ere eskualderako bidean dela.
AEBetako presidenteak atzo gogorarazi zuenez, bere administrazioak Irango programa nuklearra mugatzeko neurriak hartuak ditu aurretik ere, eta, orain, ikusteko dago horren inguruko neurririk hartuko duten ala ez Iranek nuklearren inguruan egindako edozein aurrerapen geldiarazteko.
AEBetara abiatu aurretik, Netanyahu kazetariekin mintzatu zen atzo, eta esan zuen bere asmoa dela kontatzea zer ikuspegi duen Israelek «negoziazioen oinarriaren eta printzipio garrantzitsuen inguruan». Tel Avivek uranioa aberasteko mugak jarri nahi dizkio Irani. Eta ez hori bakarrik: misil balistikoen programari ere mugak jarri nahi dizkio, eta eskatzen du Teheranek harremanak eten ditzala Israel etsai duten eskualdeko miliziekin —Libanoko Hezbollah, Palestinako Hamas eta Yemengo huthiak, batez ere—.
Aurrez, Netanyahu Marco Rubio Estatu idazkariarekin bildu da, eta Gazarako Bake Batzordearen parte izateko dokumentua sinatu du. Nazioarteko organo horrek gainbegiratuko du zerrendarako plana nola betearazten den, baita Gazan ezartzekoak diren trantsizio gobernua ere, zeina zerbitzu publikoak kudeatzeaz arduratuko den. Hain zuzen, datorren astean lehenbizikoz juntatzekoak dira Bake Batzordeko kideak, Washingtonen.

Omango bilera
Aurreko ostiralean bildu ziren Omanen AEBetako eta Irango ordezkariak, iazko negoziazioak bertan behera geratu zirenetik aurrenekoz. Abbas Araghtxi Irango atzerri ministroa Steve Witkoff AEBen Ekialde Hurbilerako mandatariarekin eta Jared Kushner Trump presidentearen suhiarekin bildu zen, eta Irango programa nuklearra izan zuten hizpide nagusi. Bilera positiboa izan zela adierazi zuten bi aldeek.
Bileraren ostean, Araghtxik adierazi zuen prest daudela uranio aberastuaren maila jaisteko, baina ez dutela onartuko hura ezereztea: «Aberasteko gaitasuna gure beharren araberakoa izango da». Misilen programari dagokionez, berriz, adierazi zuen ez dutela negoziatuko, herrialdearen defentsa kontuak direlako. Trump pozik agertu zen, baina bileraren hurrengo egunean, mehatxuak botatzen jarraitu zuen: «Akordioa egin nahi dute: komeni zaie akordioa egin nahi izatea. Bestela, badakite zeintzuk izango diren ondorioak. Akordiorik gabe, aldapan gora egin beharko dute bidea».