Gazako «eten humanitarioak» abian diren arren, Israelek airez eraso egiten jarraitzen du

Etenaldia hamar ordukoa da, baina Tel Avivek eraso egin die teorian «salbu» egotekoak diren hainbat eremuri. Aurreneko kamioi humanitarioak jada sartu dira Gazan; Hamasen arabera, ailegatutako laguntza ez da nahikoa.

Ehunka palestinar laguntza humanitarioa lortu nahian, banaketa gune batean, atzo, Gazan. MOHAMMED SABER / EFE
Ehunka palestinar laguntza humanitarioa lortu nahian, banaketa gune batean, atzo, Gazan. MOHAMMED SABER / EFE
maddi iztueta olano
2025eko uztailaren 28a
12:04
Entzun 00:00:0000:00:00

Nazioartearen presio gero eta handiagoa tarteko, Israelgo armadak hamar orduko «eten humanitarioak» jarri ditu indarrean Gazarako; hala, teorian, 10:00etatik 20:00etara Tel Avivek ezingo die zerrendako hainbat eremuri eraso egin, hala nola erdialdeko eta iparraldeko al-Mawasiri, Deir al-Balahri eta Gaza hiriari. Dena den, aukera dauka ordutegi horretatik kanpo eta beste zona batzuei eraso egiteko, eta hala egin du azken orduetan. Palestinako Wafa albiste agentziak jakinarazi duenez, Israelek hamasei pertsona hil ditu gutxienez; horietatik hamahiru Al-Mawasiko etxebizitza baten aurkako bonbardaketa batean, eta beste hiru Gaza hirian.

Borroken itxurazko etenaldia ez ezik, Gazara laguntza humanitarioa sartzea ere onartu du Israelgo Gobernuak; hori bai, «eten humanitarioak» irauten duten bitartean soilik. Gainera, Gazako Gobernuak salatu du Israelgo soldaduek «zorrotz» aztertu dutela zerrendara iritsi den kamioi humanitario oro, eta ez dutela baimenik eman horiek zeramatzaten baliabide guztiak sartzeko. Neurria atzo sartu zen indarrean, eta, ordutik, 173 kamioi humanitario sartu dira Gazan, iparraldeko eta hegoaldeko sarbideen bidez. «Israelgo soldaduek oztopatu egiten dute laguntza zerrendako beste eremuetara iristea; hortaz, erabakia erabat alferrikakoa da», gaineratu du Palestinako erakunde islamistak.

Haren arabera, «alferrikakoa» da Jordaniak eta Arabiar Emirerri Batuek airez banatu duten laguntza humanitarioa ere. Erakundeak azaldu duenez, orain arte jaurtitako laguntza guztia batuz gero, apenas bete ahalko liratekeen bi kamioi. Eta, horrez gain, aintzat hartzekoak dira operazio horrek eragin ditzakeen kalteak. Al-Jazeera hedabideak zerrendako iturriak aipatuz atzo jakinarazi zuenez, gutxienez 11 pertsona zauritu ziren Gaza iparraldean, airetik helarazitako laguntza humanitarioaren ondorioz. Beste eremu batzuetako biztanleek, berriz, salatu dute ez dutela laguntzarik jaso.

Aire bidez bakarrik ez, lehorretik ere laguntza emateko asmoa du Jordaniak. Halere, hango organismo batek jakinarazi du kolono israeldar talde bat bidalitako laguntza oztopatzen ari dela. Jordaniako Erakunde Humanitario Hatxemitaren arabera, 60 kamioi humanitario bidali dituzte zerrendara, baina soilik horietatik 25ek lortu dute Gazan sartzea. Bestalde, 2023ko urriaren 7an Israelek Gazaren aurkako erasoaldia abiatu zuenetik aurrenekoz, Israelgo bi GKE gobernuz kanpoko erakundek leporatu diote Israelgo Gobernuari Gazaren aurkako «genozidio bat» egiten aritzea.

(ID_15180851) MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Ehunka lagun irin zakuak sorbaldan hartuta, atzo, Gazan. MOHAMMED SABER / EFE

Neurri horien bidez, Israelek ahalegina egin du nazioartearen haserrea apaltzeko. Halere, hainbat herrialdek eta erakundek adierazi dute abian jarritako «eten humanitarioak» eta aire bidezko laguntza ez direla nahikoa izango Gazako muturreko egoera hobetzeko. Erresuma Batuko Atzerri ministro David Lammyk uste du Israelek «beranduegi» baimendu duela laguntza sartzea, eta iritzi dio hobera egiteko modu bakarra zera litzatekeela, «su eten iraunkor bat» erdiestea eta laguntza humanitarioa sartzea, baina «inolako baldintzarik gabe eta lehorretik». Horrekin lotuta, hango lehen ministro Keir Starmerrek presazko bilera batera deitu ditu gaur bere gobernuko kideak, eta «Gazako egoera» izango dute hizpide. Hain justu, Frantziak Palestinako Estatua aitortu ondoren, Downing Street-en ugaritzen ari dira Londresek gauza bera egiteko eskaerak.

Halaber, 90 herrialde inguru New Yorken elkartzekoak dira gaur arratsaldean, «bi estatuen konponbideaz» eta Gazako egoeraz hitz egiteko.

Bestalde, Europako Batzordeak Israel zigortzeko neurri bat jarri du mahai gainean: bertan behera uztea Tel Avivek zientzia ikerketarako Horizon Europe programan duen partaidetza. Duela bi aste, Europako Batasuneko diplomaziaburu Kaja Kallasek Israelen aurkako hamar neurri aurkeztu zizkien talde komunitarioko Atzerri ministroei, ondorioztatu ondoren Israel ez zela betetzen ari Kidetzarako Itunean zehaztutako betebeharrak, hau da, giza eskubideekin lotutakoak. Gaurtik hasita, Europako Batzordeak erabaki beharko du gisa horretako neurri bat hartuko duen edo ez.

Okupazioaren hedatzea

Israelgo Gobernuak okupazioa hedatzeko hiru proiektu onartu ditu, Palestinako hainbat GKEk salatu dutenez, hala nola Kolonizazioaren eta Harresiaren Erresistentziarako Batzordeak. Horren arabera, Israelgo agintariek baimena eman dute Jerusalem ekialdeko kolonia batean 3.100 etxebizitza eraikitzeko. Batzorde horretako buru eta PAN Palestinako Aginte Nazionalaren gobernu taldeko kide Moayyad Xaabanek esan du erabaki horren ondorioz «denbora aurka» dutela borrokatu beharko dutela, eta ohartarazi du kolonien zabalkundeak are gehiago bakartuko dituztela horien inguruko palestinar komunitateak. «Neurri hori Israelek Zisjordania kontrolatzeko daukan egitasmoaren parte da», gaineratu du.

ISRAELGO POLIZIAK ATXILO DITU 'HANDALA' ONTZIKO KIDEAK

Beste behin, Israelek eragotzi egin du Askatasunaren Flotillako ontzi bat Gazara iristea. Handala ontzia herenegun gerturatu zen zerrendako kostaldera, eta Israelgo armadak gau hartan bertan egin zion eraso ontziari. Handala-ko kideek eta Israelgo Gobernuak berak jakinarazi dutenez, atxilotu egin dituzte ontzian zihoazen guztiak; horietako batzuek uko egin diote deportazio dokumentuak sinatzeari, eta Israelgo Poliziaren esku daude oraindik. Iragan ekainean abiatu zen Madleen ontziko kideak ere atxilotu zituen Israelek, eta herrialdetik kanporatu; Askatasunaren Flotillaren helburua da Gazara laguntza humanitarioa eramatea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.