Israelgo aireportu nagusiari eraso zioten atzo huthiek, eta gaur, airezko blokeo bat ezartzeko asmoa erakutsi dute. Matxinoek atzo goizean egin zuten erasoa, Tel Aviveko Ben Guiron aireportuan, eta sei pertsona zauritu. Ez da lehen aldia huthiek Ben Guiron aireportuaren aurka egiten dutela, baina lehen aldia da eraso batek aireportua jotzen duela; izan ere, orain arte misilen aurkako sistemek eragotzi dute bonbardaketak izatea. Erasoak minutu batzuez eten zuen aireportuaren ohiko jarduna.
Yahya Sarea huthien bozeramaileak gaur adierazi du aire blokeoa ezartzeko asmoa, eta bereziki Ben Guiron aireportuaren aurka joko dutela esan du. Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk X bidez esan zuen huthien bonbardaketari «gogor» erantzungo diotela, eta Irani egotzi zion talde armatua babestea.
Joan den astean, Israelek milaka erreserbista deitu zituen armadara, Gazan presentzia are handiagoa izateko, eta huthiek besteak beste horregatik egin dute erasoa. Sareak hegazkin konpainiei aholkatu zien Israelen duten jarduna eteteko baldin eta hegazkinen eta bidaiarien segurtasuna bermatu nahi badute. «Israelek Gazaren eta beste herrialde arabiarren aurka egindako erasoen ondorio da gure erabakia. Gazaren aurkako jazarpena amaitu arte jarraituko dugu eraso egiten», azaldu zuen Sareak.
Hegazkin konpainia batzuek bertan behera utzi zituzten hegaldiak 48 orduz, hala nola Lufthansak, Air Indiak, Air Francek eta British Airwaysek. Ben Guiron da Israelen nazioarteko hegaldiak dituen aireportu bakarra.
Iran jomugan
Netanyahuk atzo promes egin zuen mendekua hartuko zuela Iranen aurka: «Nahi dugun orduan eta nahi dugun lekuan egingo diegu eraso».
Gaur goizean, bestalde, huthiek AEBen bonbardaketak salatu dituzte. Matxinoen arabera, AEBek Yemengo hiriburuko inguruei eraso diete gauean. «Sanan hainbat bonbardaketa izan dira gaur gauean, eta, besteak beste, aireportuko bidea suntsitu dute», adierazi du Saba hedabideak. Osasun ministroak esan du hamalau zauritu izan direla Sawa auzoan.